Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi duenez, iragan astean 1.145 gazteri PCR probak egin zizkieten, eta, aurretik, positibo emandakoen kontaktuen artean, beste 300 pertsona ingururi. «Agerraldia beherantz doa, baina oraindik itxaron egin behar dugu zer bilakaera duen ikusi arte», gaineratu du. Kasu guztiotatik 177k eman dute positibo, «soilik %1,2k». Nafarroako osasun agintarien arabera, «prebalentzia txikia» adierazten du datuak,
Navarra Sumak eskatuta, kontseilariak gaur goizean eman ditu Nafarroako Parlamentuan pandemiaren bilakaerari buruzko azken datuak. Haren esanetan, ekaineko azken astetik hona 38 agerraldi izan dira Nafarroan, eta guztira 504 pertsonari eragin diete. Kasu gehienetan, 26tan, hamar pertsona baino gutxiago kutsatu dira; beste bederatzi kasutan, hamar eta hogei artean, eta hiru kasutan, hogeitik gora.
33 agerraldi aktibo
Lehen kasua Sunbillan gertatu zen, baina lehen alarma Tuterako ezkontzak eragin zuen. Oraindik ere, «tantaka», 57 kasu azaleratu dira, horietatik 51 Nafarroan. Handik gutxira, uztailaren 6ko hamaiketakoaren kasua azaleratu zen, eta hark oraingoz 34 positibo eman ditu. Azkenik, uztailaren 11n Iruñeko Alde Zaharrean sortu eta Iruñerriko hainbat auzotan zabaldu den agerraldia dago. Mendillorrin eragin berezia izan duenez gero, auzoari bete-betean eragin dio, bigarren fasera itzuli baita. Oraingoz, 177 kasu atzeman dira. Halaber, 33 kasu «aktibo» daude oraindik ere.
Indurainen arabera, agerraldi asko, %29, gizartean gertatu dira, eta ondoren, sendian; baina, «azkenean, %46 agerraldi mistoak dira, arlo sozialean sortu, sendira iritsi eta batzuetan lanean ere eragiten dutenak». Kutsatu gehien agerraldi mistoetan gertatzen dira. Indurainek nabarmendu duenez, zahar etxeetan egoera kontrolpean dago, eta aurrea hartzeko neurriak zorroztu dituzte. Egoiliarren batek, zahar etxe batera sartu aurretik, positibo eman du. «Bi egoitzetan, erabiltzaile eta langile guztiei proba egin zaie, baina negatibo eman dute». Ukatu egin du agerraldi bat dagoela.
Indurainen arabera, azken astean positiboen %70 Iruñerrian izan dira, eta, batik bat,gazteei eragiten diete. «Kasuak kontrolatu eta kopuruak beherantz joan ahala, adin tarte horretako kasuen kopurua jaitsi egiten da», aipatu du. Udan joera hori behin eta berriro gertatuko dela uste du, baina onartu du agerraldiak izatea espero arren ez zutela uste hain azkar agertzea. «Kopuruagatik kezkatuta izan arren, ehuneko handi bati lotura epidemiologikoa aurkitzen diogu. Ikasturte amaieraren, normaltasun berrian sartu izanaren, babes neurriak leuntzearen, gizarte jarduera handitzearen, uda eta opor giroa sentitzearen ondorioak ikusten ari gara».
Egoera horri aurre egiteko, «giltzarritzat» jo du zaintza lana egitea, «positiboekin erlazionatutako kontaktuek lehenbailehen atzemateko asmoz». Aurretik aipatu bezala, Nafarroan oraintxe 38-40 lagun ari dira lanean, eta 96ra arte handitzeko tartea dute, «beharren arabera»; Indurainek nabarmendu lehen arretako erizain profesionalak direla, eta, prestakuntza berezia dutenez, profil hori hasieratik bereziki zaindu dutela, «kualitatiboki eredu hobea delako». Positibo bakoitzaren kontaktuak «egunean bertan» identifikatzen dira, eta biharamunean horiei PCR egiteko eskatzen zaie, Indurainen arabera. Maiatzaren 11tik uztailaren 25era arte, 8.376 kontaktu estu atzeman dira.
Minutuero PCR bat
Halaber, Nafarroako Ospitale Guneko mikrobiologia laborategiak egiten ditu PCR proba gehienak, baina beste baliabide batzuk erabiltzen dira. Dena den, Indurainek nabarmendu du hasiera-hasieratik sistema publikoaren alde egin dutela, mikrobiologia laborategia indartuz. Guztira, 99.718 PCR egin ditu Nafarroak gaur arte: biztanleko, 153 proba, batez beste. Azken egunetan, batez beste, 1.500 probatik gora egin dira, eta igandean hautsi zen marka: 1.948, egun bakarrean. «Nafarroan minutuero PCR proba bat egiten da»,
Egunotan, kanpaina bereziak egin dituzte: lehena Sunbillan, Berako lantoki batean, gero Tuteran eta azkena Mendillorrin. Halaber, udaleku batean eta Zarauzko Talai Mendin izan diren nafarrei proba egiteko baliabideak jarri zituzten. PCR proba horien guztien ondorioz, egun 3.000 lagun inguru daude bakartuta, berrogeialdia bete dezaten. «Elkartasuna adierazten ari dira, udan konfinatuta birusa zabaltzea eragozten dutelako».
Indurainek gizartearen inplikazioa eskatu du. «Hemen eta orain, guztiok dugu dena jokoan. Gizartearen lankidetza behar dugu erronka konplexu honetan. Ardura indibidual eta kolektiboa duen eta informazioa jasotzen duen gizarte baten inplikazioa behar dugu».