PSE-EE

Mendiak dio PSE-EEk duela euskal politikaren "giltza"

Bera buru denetik alderdia "indartu" egin dela dio, eta EAJrekin eginiko akordioak nabarmendu ditu. Gaur hautatu dute zuzendaritza berria.

Iceta,, Mendia eta Sanchez, PSE-EEren VIII. Kongresuan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE ( ARGAZKI PRESS)
jokin sagarzazu
2017ko urriaren 1a
08:40
Entzun

Kongresuaren lehen egunean eginiko hitzaldian Mendiak gogoratu du euskal instituzioetan oposizioan zela hartu zuela aginte makila 2014an, eta egun,”orduan baina indartsuagoa” dagoela. Aitortu du azken urteetako hauteskundeak ez dituztela “lagun” izan —inoizko emaitza txarrenak hiru herrialdeetan—, baina joera horri buelta ematen hasiak direla. Horren harira, azpimarratu du PSE-EEren militanteen kopurua handitu dela, zuzendaritzako karguetan belaunaldi aldaketa egon dela, eta udaletan, foru aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan EAJrekin akordioek lehen lerroan jarri dutela alderdia.

“Eutsi baino gehiago egin dugu: Euskadiren egonkortasunaren eta moderazioaren giltza bihurtu gara”, azpimarratu du Mendiak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 403 konpromisarioren aurrean.

Rajoyrekin ez, Estatuarekin bai

Mendiaz gain, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak hitz egin du larunbateko saioan: Kataluniako auzia ez dela “legez kanpoko” erreferendum baten bidez konponduko azpimarratu du eta galdeketan ez parte hartzeko eskatu die herritarrei. Urriaren 2tik aurrera konponbide baten alde lan egiteko prest agertu da. Aitortu du urriaren 1a “egun berezi bat” izango dela “Espainiako historian”.

Orain arte Rajoyren gobernuak eginikoa babestu badu ere, oso kritiko azaldu da: “Independentismoak ez du aurrera egin; demokraziak egin du atzera, Katalunian eta Espainia osoan”. “[Espainiako] Estatuarekin nago ni, ez gobernuarekin”, zehaztu du. Sanchezekin batera, Miquel Iceta Kataluniako sozialisten buruak hitz egin du.

Arratsaldeko saioan, "ETAren amaierari buruz" aritu dira, mahai inguru batean, Idoia Mendia, Patxi Lopez lehendakari ohia, Jesus Egiguren azken bake prozesuko negoziazioetan aritutakoa eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministro izandakoa.

Hemen bake prozesuari buruzko mahai inguruaren bideoa.

Euskal autogobernua

Asteburu honetan karguan berretsi dute Mendia, ekainean eginiko primarioetara aurkezteko berak bakarrik bildu zituelako behar ziren abalak —militanteen %60 ingururen babesa lortu zuen—. Berarekin zuzendaritza osatuko duten besteen izenak igandeko saioan eman dituzte ezagutzera.

Taldea handitu dute; egungo bederatzi karguez gain, beste hamabi sortu dituzte. Presidente kargua errekuperatu dute: Gipuzkoako sozialisten buru ohi eta Jaurlaritzako sailburu Iñaki Arriolak hartuko du Jesus Egigurenek 2014an utzitako tokia. Zuzendaritzatik kanpo geratu dira Natalia Rojo eta Javier Lasarte arabarrak. Maiatzean eginiko PSOEren barne hauteskundeetan Susana Diazen alde egin zuten biek, eta Mendiaren zuzendaritzako gehienek Patxi Lopez babestu zuten. Hala ere, Pedro Sanchez idazkari nagusiari babes osoa agertu diote Mendiak eta gertukoek.

Kongresurako ponentzian, orain arteko ildoari eutsi dio Mendiaren taldeak. Autogobernuari buruz, Espainiako Konstituzioa aldatzea lehenesten du, eredu federal bat ezartzeko, baina prest dago estatutu berri bati buruz «konplexurik gabe» eztabaidatzeko, beti ere oinarri hartuta egungo legedia. Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekin harreman ekonomiko eta kulturalak sakontzearen alde egiten du. Presoak gerturatzea proposatzen du, baina «autokritika» eskatzen die: Langraiz bidea jartzen du eredu gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.