«Ohorea izan da zuen idazkari nagusia izatea». Negar malko batzuk zituela, hitz horiekin, PSE-EEren lemazain izateari utziko diola adierazi zuen Idoia Mendiak, atzo. Bilboko Campos antzokian egindako PSE-EEren Biltzar Ttipian, aurreratu zuen ez dela aurkeztuko azaroaren 20an eta 21ean egingo den primarioetara. Bere zazpi urteotako ibilbidea laburbildu, eta haren gestioaren defentsa sutsua egin zuen. Haren hitzetan, 2014ko irailean idazkari nagusi izendatu zutenean, barne krisian murgildua zegoen PSE-EE, noraezean; gaur egun, berriz, konfiantza berreskuratuta eta sendo ikusten du alderdia. Horregatik, agur esateko unea iritsi zaiola uste du.
PSE-EEk atzoko biltzarraren ardatza Mendiaren diskurtsoa izango zela iragarri zuenetik, askok pentsatu zuten bere agurra iragarriko zuela. Haatik, alderdi barruan inork ez zekien zehazki zer iragartzera zihoan. Mendiaren esanetan, «moduak eta edukia» garrantzitsuak dira, eta horregatik nahi zuen militanteek haren ahotik entzun iragarpena. Mendiak aurreratu zuen «duela urtebete baino gehiago» hartu zuela erabakia, eta Pedro Sanchezek bazuela haren berri.
Geroztik isilpean gorde du. «Ohorea izan da lehen emakume idazkari nagusia izatea, ohorea izan da postu horretan egotea, eta ohorea izan da militante guztiek aukeratutako lehen idazkari nagusia izatea. Horregatik, lehenak zarete entzuten ez naizela aurkeztuko primarioetara». Haren ustez, «erabaki pertsonal eta politikoa» izan da. «Neuk hartu dut», gaineratu zuen, alderdiak lidergoa uztera bultzatu duela ukatuz.
Haren esanetan, PSE-EEko militante askok aurrerantz jotzeko eskatu diote, baina, bere ustez, politikan uneak eta denborak garrantzitsuak dira. «Une erabakigarriak aukeratzen jakitea nire konpromisoaren parte da. Batzuetan, gertatzen da ez dela jakiten une hori aukeratzen». Uste du une hori iritsi zaiola, «sozialismoaren etorkizuna baita garrantzitsuena».
Bere gestioaren defentsa
45 minutu iraun zuen hitzaldian, atzerantz begiratu eta zazpi urteotan egindakoa goraipatu zuen. Epe horretan bi aldiz aukeratu dute PSE-EEren lemazain izateko, eta erabaki nagusien artean dago EAJrekin akordioak bultzatzea. Lehenik, udal eta diputazioetan, eta ondoren, 2016ko bozen ostean, Eusko Jaurlaritzan. «Aukera ikusi nuen lehen aldiz desberdinen arteko gobernu bat egiteko eta mehatxurik eta indarkeriarik gabeko gizarte plural bat eraikitzeko». Defendatu zuen autogobernuaren auzian ez dietela amore eman «tentazio nazionalistei», eskuineko arerioek ziotenaren kontra; alderantziz, haren ustez, autogobernuaren izaera soziala sakontzeko baliagarri izan dira. Halaber, azpimarratu zuen egun PSE-EE «ezinbestekoa» dela «edozein egitasmo eta akordio» aurrera ateratzeko.
Mendiak aitortu zuen ziurgabetasunez betetako garai bat kudeatzea egokitu zaiola: «Batzuek desagertu egingo ginela iragartzen ziguten, baina hemen gaude». Garai nahasietan eta denboralearen aurrean lema tinko izan duela argudiatu zuen, eta PSE-EEk barne kohesioa eta sendotasuna eskuratu dituela. «Gizartearekin konektatzeko beharra genuen. Ez banu idazkari nagusi izateko erabaki hura hartu, dena desberdin izan zitekeen», esan zuen. «Gurekiko konfiantza berrekuratu dugu. Lehen, alderdi gutxietsi bat ginen; orain, politika eta akordio ororen ardatz».