«Mendekuari» askatasun eske

Jakes Esnal eta Ion eta Unai Parot aske uzteko eskatu dute ehunka lagunek Baionan; 32 urte daramatzate espetxean. Frantziako Gobernua egin dute egoeraren erantzule

Ehunka lagun elkartu ziren atzo Baionan eginiko manifestazioan. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Mendekua. Frantziako Gobernuak euskal presoen aurka harturikoa. Horixe litzateke Jakes Esnal eta Ion Parot oraindik kartzelan atxikitzea, Bake Bidearen eta Bakegileen ustez. Bi euskal preso horiek eta garai berean atxiloturiko Unai Parotek 32 urte daramatzate kartzelan —azken hori Espainian daukate preso—, eta hirurak aske uzteko eskatu zuten atzo ehunka lagunek Baionan.

Bereziki Frantziako Gobernuari egin zioten deia, Esnal eta Ion Parot aske uztea galdegiteko, Frantzian preso baitira. «Bi gizon hauen askatasunaren aldeko erabakiak hartuko ez balira, egiazko estatu mendeku baten parean aurkituko ginateke», Anaiz Funosas Bake Bideko eta Bakegileen bozeramailearen arabera. Funosas eta Jean Daniel Elixiri eledunek salatu zuten «salbuespen» neurririk ez balego hirurek beharko luketela kalean.

Baldintzapean aske uzteko eskaerak eginak dituzte hala Esnalek nola Ion Parotek, baina bide judizial korapilatsu eta luzeak izan dituzte biek ala biek. Hemendik egun gutira emanen dute Paroten auziaren erabakia: ekainaren 15ean. Esnalena, ordea, gibelatu egin dute berriro, aste honetan: uztailaren 21era arte goaitatu beharko du.

Funosasek atzo salatu zuen zigorrak ezartzeko auzitegiak «terrorismoaren» aurkako fiskaltzaren eta fiskaltza orokorraren «logikan» jokatu duela prozedura hori luzatzeko, CPMS Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordeak presoaren «arriskugarritasunari» buruz emanen duen iritziaren zain baitago. Egoerak eskatuko lukeenaren aurka, Funosasen ustez: «Lehen instantzian epaileek kontuan hartzen duten Euskal Herriko testuinguruaren bilakaera baikorra ukatzea onartezina da». Bake Bideko bozeramaileak salatu zuen «deriba hiltzaile» hori «justifikatu» egin beharko dutela epaileek Euskal Herriko gizartearen aitzinean.

Antolatzaileen arabera, 1.100 lagun bildu ziren atzo Baionan eginiko manifestazioan. Lauga gelatik abiatu zuten mobilizazioa, aitzinean Orain presoak zioen bandera handi bat zabalduta. Banderola nagusian «Ion, Jakes, Unai gurekin» mezua zabaldu zuten Bake Bideko kideek eta Bakegileek, eta oihala atxikitzen izan ziren Inaxio Oiartzabal Sareko partaidea eta Gorka Garcia Etxerat euskal presoen senideen elkarteko ordezkaria ere. Gibelerago, hainbat hautetsi: bertzeak bertze Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Joseba Erremundegi Euskal Elkargoko eta Pirinio Altantikoetako Departamenduko kontseilaria, Frederique Espagnac Frantziako senataria, Filipe Aramendi Urruñako auzapeza (Lapurdi) eta Peio Etxeleku EAJren IBB Ipar Buru Batzarreko lehendakaria.

Emmanuel Macroni deia

Bake Bideak eta Bakegileek Emmanuel Macron Frantziako lehendakariari egin zioten zuzenean deia, euskal presoen arazoa konpon dezan; Funosasen hitzetan,«bake prozesuan ez inplikatzeko hautua» egina baitu presidenteak. «Macron jauna, noiz babestuko duzu lurralde honetako jendarte zibila eta hautetsiak eramaten ari diren dinamika baikorra?», egin zion galde Bake Bidekoak. Funosasen arabera, herritarrengan «umiliazio sentimendua» eragiten du Frantziako presidenteak euskal presoen gaiarekiko duen «isiltasunak eta aintzatespen faltak», eta sentimendu hori «belaunaldiz belaunaldi» transmititzen dela ohartarazi zuen. «Euskal Herriaren geroa eta zure agintaldia markatuko duen bake prozesu honen segidaren edo blokeoaren erantzulea zara», erran zion Macroni.

Jean François Mignard Giza Eskubideen Ligako kidea ere Baionan izan zen, eta hark ere salatu zituen epaileek presoei jarritako «oztopoak». Frantziako Gobernuari zuzendu zitzaion hura ere: «Hau guztia Frantziako Estatuaren axolagabekeriaren begipean gertatzen ari da, zeina itsu eta gor baita blokeatuta dagoen prozesu baten aitzinean».

Orain arteko protestetan iragarri bezala, Funosasek iragarri zuen Esnal eta Parot aske utzi ezean udan Ipar Euskal Herria «blokeatuko» dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.