«Mendeku politika» gaitzetsi dute eragileek

Talde politiko, sozial eta sindikal ugariren babesa jaso du Sareren mobilizazioak gaur. «Konponbiderako garaia» dela iritzita, presoak «diskriminaziorik gabe» tratatzeko eskatu dute, eta etxeratze bidea «azkartzeko».

SAREREN MANIFESTAZIOA
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea, gaur, adierazpenak egiten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko urtarrilaren 13a
19:45
Entzun

Euskal presoen eskubideen defentsan mobilizazioa giltza izango delakoan, milaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Bilbon, baina aldarriek eragile politiko, sozial eta sindikal ugariren babesa ere jaso dute. 2024. urtean oraindik urtarrileroko manifestazioa egin behar izatea «ulergaitza» dela iritzita, mezu batean ados agertu dira denak: Espainiako Estatuaren «mendeku politika» gaitzetsi dute, eta euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetzeko eskatu.

«Konpromisoz eta elkartasunez beteta» ikusi ditu Bilboko kaleak Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Koalizioak ordezkaritza zabala igorri du manifestaziora; bertan izan dira, besteak beste, Arnaldo Otegi eta Miren Zabaleta, baita EH Baiko kideak ere. Arzuagak gogora ekarri du gizartearen gehiengoak bat egiten duela presoen auzia konpontzeko premiarekin, baina «kontrako norabidean» oraindik badirela salbuespen neurriak: «Urruneko auzitegiek jarraitzen dute interpretazio murriztaileak egiten presoen oinarrizko eskubideen kontra, eta estatu sakoneko aparatu batzuek oraindik kausa berriak zabaldu nahi dituzte, herri honetan berriro mina eta sufrimendua eragiteko». Hori amaitzeko beharra nabarmendu du: «Ez da kriminalizazio eta errepresio garaia; konponbidearen garaia da». 

«Etxeratze bidean gaindituta behar luketen traba» horiek gaitzetsi ditu Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak ere: «Espetxe eredu zigortzaile hau muturreraino eramatea mendeku politikoa da, garaiz kanpo dagoen mendeku politikoa, eta albo batera utzi beharko litzateke». Etxeratze bidea «azkartzeko», ezinbestekotzat jo du mobilizatzen jarraitzea, baita sindikalgintzatik ere. 

«Urruneko auzitegiek jarraitzen dute interpretazio murriztaileak egiten presoen oinarrizko eskubideen kontra, eta estatu sakoneko aparatu batzuek oraindik kausa berriak zabaldu nahi dituzte».

JULEN ARZUAGAEH Bilduko legebiltzarkidea

Hala, LABekin batera, ELA, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta CGT sindikatuetako kideak izan dira gaur pankartaren atzean, «eskubideak eta berdintasuna aldarrikatzen», Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren hitzetan: «Preso guztiek izan behar dituzte eskubide eta aukera berdinak kartzelan daudenean. Ez dago justifikaziorik, ez juridikorik ez politikorik, egungo egoera mantentzeko. Mendeku politikak ez luke sekula egon behar giza eskubideen eta printzipio demokratikoen gainetik».

Babesa, kanpotik ere bai

Kazetarien aurrean adierazpenik egin ez arren, manifestazioari atxikimendua agertu diote beste eragile ugarik: Elkarrekin Podemosek, Gure Esku-k, Ernaik, Bilgune Feministak, Bake Bideak... Eta Euskal Herritik kanpo ere iritsi da babesa: besteak beste, ANC Biltzar Nazional Katalana, Omnium Cultural, Amigos de Euskal Herria, Fronte Polisarioa, ERC, JxC, CUP eta BNG izan dira Bilbon. «Ez dugu ulertzen gure jardun politikoa elkartasunik gabe», adierazi du CUPeko Montserrat Vinyetsek.

Salbuespen legedia «etsaiaren zigor zuzenbidearen adibidea» dela erantsi du, eta «legez kontrakotzat» jo du: «Ondorio latzak eta bidegabeak ditu presoen egoeran, eta zigorrak luzatzen ditu. Europako legeek diote beste estatuetan ezarritako epaiak kontuan hartu behar direla zigorren kontaketan; beraz, Espainiako Estatuari eskatzen diogu Europako arau horiek bete ditzala». Ildo beretik mintzatu da Cesar Lagonigro, Kataluniako Abokatuen Koordinakundearen izenean: «Bada garaia legea beste edozein presori bezala aplikatzeko. Ez da pribilegio bat eskatzea, baizik eta tratu diskriminatzaileak eta bidegabeak saihestea».

«Salbuespen legedia etsaiaren zigor zuzenbidearen adibide da, eta legez kontrakoa da guztiz. Ondorio latzak eta bidegabeak ditu presoen egoeran, eta zigorrak luzatzen ditu».

MONTSERRAT VINYETSCUPeko ordezkaria

«Giza eskubideekiko konpromisotik» aritu da Josep Rius Juntseko presidenteordea: «Espainiako autoritateek bertan behera utzi behar dute salbuespen tratua». Eta demokrata gisa aritu da Joan Queralt ERCko senataria, «edozein demokratak eskatzen baitu legea berdintasunez aplikatzea, diskriminaziorik gabe, mendekurik gabe». Dolors Feliu ANCko presidenteak, berriz, herrien arteko elkartasunari erreparatu dio: «Euskal herritarren eta eragileen alboan egon nahi dugu. Giza eskubideen aldarrikapenak babesten ditugu, eta nazio gisa aitortu nahi ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.