Administrazioaren laguntzaren zain hil ziren. 2024an, 2.454 pertsona zendu ziren Hego Euskal Herrian mendekotasunerako itxaron zerrendetan zirela. Hau da: mendekotasun gradua aitortzeko edo laguntzaren bat onartzeko esperoan eta beharrezko arta jaso gabe. Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Espainiako Elkarteak eman du datua, mendekotasunari buruzko urteroko ikerketan.
Txostenean irakur daitekeenez, azken zortzi urteetan 21.591 lagun hil dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan mendekotasunaren itxaron zerrendetan zeudela. Horietatik, 3.298 hil ziren administrazioak mendekotasun gradua ebatzi aurretik —horrek eskubidea ematen du gizarte prestazioak jasotzeko—; eta 18.293k, berriz, aitortua zuten mendekotasuna, baina administrazioaren laguntza edo zerbitzu baten zain ziren. Artatu gabeko pertsona horien ehunekoari linboaren tasa deritzo. Nafarroan, %2,7koa da; EAEn, dezente handiagoa: %16,83koa.
Hala ere, txostenean jasota daude zenbait urrats ere. Adibidez, linboa murriztu egin da azken urtean, hala Nafarroan (%30,5eko murrizketa) nola EAEn (%3,03ko murrizketa). Zehazki, iaz baino 926 pertsona gutxiago daude aurten itxaron zerrenda horietan.
Horrez gain, iaz baino 3.420 pertsona gehiagori eman diete arta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: guztira, 87.236 pertsona artatu zituzten lau herrialdeetan. %3,9ko gorakada da hori.
Prestazioei dagokienez ere gorakada izan dela nabarmendu du txostenak: iaz baino 7.218 prestazio gehiago —etxez etxeko zerbitzua, arreta telematikoa, eguneko zentroak eta mendekoak familian zaintzeko diru laguntzak, besteak beste—. Hala ere, zerbitzu horien kalitateaz ere ohartarazi du Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkarteak, eta esan du «low cost» eredu bat orokortzen ari dela mendekotasunaren esparruan: «Intentsitate eta kostu apaleko prestazioak eta zerbitzuak eskaintzen dira, baina halakoek ez diete erantzun egokirik ematen mendekotasunen bat dutenen beharrei». Horren adibidetzat jo dituzte arta telematikoa eta mendekotasuna dutenak familian zaintzeko diru laguntzak. Horiekin batera, «hurbileko arta zerbitzu profesionalak, intentsitate eta kostu handiagokoak» indartzea galdegin du elkarteak.