Eusko Ikaskuntzak antolatuta, mintegi bat egin zuten atzo, Euskal Herriko lurraldeetan zahartzeari eta mendekotasunari ematen zaion arreta aztertzeko. Joseba Zalakain SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendariak aurkeztu zuen gaiaren inguruan egindako txostena. Asmoa izan da aztertzea administrazio bakoitzak nolako erantzuna ematen dion auziari, eta adinekoen artarako ereduak konparatzea. Horretarako, hiru eremu administratiboak hartu dituzte erreferentzia gisa: Iparraldea—nagusiki, Pirinio Atlantikoetako Departamendua—, EAE eta Nafarroa; eredu bakoitzaren ezaugarriak aztertu dituzte, hainbat datu jaso, eta identifikatu zein diren sistemen arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak. Erronka komunen berri ere eman dute, eta argia da ondorioa: eredua indartu eta hobetu behar da, hainbat bidetatik.
Hiru administrazioetako zerbitzuen sistemaren analisi sakona egin dute, nahiz eta aitortu datuak biltzeko eta alderatzeko orduan mugak izan dituztela. Alor askotan, halere, badaude parekotasunak. Zalakainek azaldu duenez, mendekotasunen bat duten pertsonei arreta emateko sistema ez dago beste esparru batzuetan bezain zehaztuta: «Uste dut orokorra dela gabezia. Beharren identifikazioa ere lausoagoa da». Zaintzen krisiaren inguruan ere mintzatu da: «Arretarako geroz eta behar handiagoak daude, eta bitartekoak murriztu dira». Ondorioztatu dute apustu instituzionala etxean zaintzearen eta arreta komunitarioaren aldekoa dela.
Zalakainen arabera, Euskal Herrian arazoak daude lan taldeei dagokionez: prestakuntzan, profesionalizazioan edota lan baldintzetan, esaterako. Genero rolen garrantzia ere azpimarratu du, eta adierazi arreta ematen duten gehienak emakumezkoak direla, baita zerbitzua jasotzen dutenak ere. Bestalde, jakinarazi du mendekotasunen baten ondorioz zaintza hartzen duten pertsonak geroz eta zaharragoak direla, eta laguntzarako premia larriagoan daudela.
Txostenean jasotzen denez, datuetan ez dago alde nabarmenik. Zalakainek adierazi du ereduen arteko ezberdintasunak uste baino txikiagoak direla: «Apur bat harrigarria izan daiteke, marko legal oso ezberdinak dituztelako». Gizarte zerbitzuen arreta jasotzen duten pertsonen kopurua, adibidez, nahiko antzekoa da: %3,7 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez beste; %2,8 Pirinio Atlantikoetan; eta %2,3 Nafarroan. Antzekoak dira, era berean, adinekoek jasotako zerbitzuak. Hirutan banatu dituzte: etxeetan daudenentzako zerbitzuak —hor sartzen dira eguneko zentroak—, egoitzak eta familiako kide bat zaintzegatik ematen den laguntza —Iparraldean ez dago halakorik—. Horrez gainera, erakundeek zerbitzu sozialetara bideratutako gastua ere parekoa da.
Alta, askotariko ezberdintasunak daude. Aukera askatasunari dagokionez, Iparraldean mendekotasuna duten herritarrek diru laguntza bat jasotzen dute, eta teorian, haien esku dago jaso nahi duten zerbitzu mota aukeratzea. Hegoaldean, berriz, administrazioak eman ohi du zerbitzua, eta erabiltzailearen aukera askatasuna txikiagoa da. Bestetik, familiei zaintzarako ematen zaien diru laguntzak daude: Iparraldean ez da formula hori erabiltzen, eta Hegoaldean, aldiz, pisu nabarmena du. Lurralde antolaketan eta erakundeen arteko eskumen banaketan ere badaude aldeak, besteak beste. Horiek horrela, Hegoaldearekin alderatuta, Iparraldean askoz langile gehiago dituzte zerbitzu sozialek. Zalakainek esan du ez dela erraza ezberdintasun horien zergatia interpretatzea, eta arrazoi asko egon daitezkeela: «Izan daiteke, esaterako, arretarako ratioak altuagoak izatea».
Erronkak
Zahartzeari eta mendekotasunari ematen zaien arretaren inguruko azterketatik, komunean dituzten hainbat erronka zehaztu dituzte txostenean: autonomia galera prebenitzeko zerbitzuak eta programak sustatzea; etxeko arreta indartzea; egoitzen arkitekturaren eta ingurumenaren birmoldaketa bultzatzea eta bizitoki eredu berriak sustatzea; zaintzaileentzako babes zerbitzuak indartzea; edota adinekoen bakartzeari aurrea hartzea. Horrez gainera, beharrezkotzat jo dute ikuspegi komunitarioa sustatzea eta lurraldeen arteko desberdintasunak murriztea. Bestalde, Zalakainek aipatu du garrantzitsua dela «arreta eredu pertsonalizatuagoa eta malguagoa» sustatzea, pertsonen beharrizanetan oinarrituta; baita arretaren jarraipena bermatzea ere.
Azkenik, erronka gisa ezarri zuten sistemaren iraunkortasun ekonomikoa sustatzea eta finantzaketa eredu eraginkorragoak garatzea, profesionalen lan baldintzak hobetzea edota genero rolek sistemaren antolamenduan duten inpaktua murriztea.
Mendekotasuna dutenentzako arreta hobetzera deitu du Eusko Ikaskuntzak
SIIS ikerketa zentroaren bidez, mendeko adinekoentzat Euskal Herrian dauden zerbitzuak eta zaintza ereduak aztertu eta alderatu dituzte. Genero rolek auzian duten garrantzia azpimarratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu