Mugarri bat ezarri zuen Eusko Ikaskuntzak 2018ko azaroaren 24an. Mendeurrena ospatu zuen, eta amaitutzat jo azken urteetako gogoetek mamitutako kongresua; erakundearen hemezortzigarrena. Euskal Herriak eta herritarrek XXI. mendean hainbat arlotan dituzten erronkei eta beharrei buruzko diagnostikoa egin eta gero, Liburu zuria-n jaso zituzten kongresuan bildutako hainbat proposamen, eta, orain, kongresuko liburua aurkeztearekin batera, biltzarretik eratorritako lan ildoen eta helburu zehatzen berri eman du. Atzo zortzi eman zituzten aurrerantzean landuko dituzten zazpi jardun lerroen inguruko azalpenak, Donostian, Tabakaleran. Iaz ekin zioten horiek garatzeari, eta 2021era bitartean lehentasunez landuko dituzte. Bertan batu ziren hainbat instituziotako eta eragile sozialetako ordezkariak. Ehun urteko enborrari gogoetaren hamaika adar loratu zaizkio, beraz.
Adar horietako bat da Lurralde burujabetza gatazkak Europan: praktika onak eta ebazpen proposamenak, eta Beatriz Akizu kongresuko Batzorde Zientifikoko bozeramaileak eta Zelai Nikolas legelariak azaldu zituztenxehetasunak. Ildo horrek «gobernantza demokratikoan» sakontzea du helburu, «erabaki ahalmena sendotzeko eta garatzeko».Akizuk gogora ekarri zuen Eusko Ikaskuntzak 1931ko Hego Euskal Herriko estatutu proposamena idatzi zuela, eta gatazka horien konponbiderako abiapuntu gisa aipatu zuen giza eskubideen errespetua: «Europako integrazio prozesua oinarri demokratikoen gainean areagotzea bilatzen dugu». Horren helburua da gatazken konponbiderako protokolo bat proposatzea, proposamen horrek balio izan dezan «argitasun arau bat» taxutzeko. Hain justu, Argitasun Lege baten bidez arautu zuten Kanadan lurralde baten sezesio eskubidea, Quebecek bi autodeterminazio erreferendum egin eta gero —1980an eta 1995ean—, Euskal Herriko eta Kataluniako adituak jada ari dira zeregin horretan, eta asmoa da adostutako dokumentua azaroaren 11tik 13ra bitartean egingo dituzten nazioarteko jardunaldi batzuetan aurkeztea.
Horrez gain, ongizate ereduari buruzko gogoetan sakontzeko asmoa du Eusko Ikaskuntzak: ongizate ereduaren, politika publikoen eta gizarte zerbitzuen analisirako eta gizarte berrikuntzarako mugaz gaindiko laborategi bat sortzea da xedea. «XXI. mendeko Euskal Herriarentzat eraiki nahi dugun ongizate eredua birpentsatzea ahalbidetuko du», Arrate Arinek eta Angel Toñak azaldu zutenez; «diagnostiko komunak» osatzea «politika publikoen eta horien emaitzen eta gizartearen beharren inguruan». Horrez gain, «metodologia eta praktika onak elkarbanatu» nahi dituzte laborategiaren bidez, baina, horretarako, proiektuaren hurrengo pausoak definitu dituzte: babes nahikoa izateko, administrazio publikoen onespena izatea, plataforma eta lantalde zabal bat sortzea eta funtzioak definitzea.
Zazpi egitasmoak hiru bloketan mailakatu dituzte Eusko Ikaskuntzako arduradunek, «abiatze, sakontze eta eragite» mailan daudelako proiektuak. Lurralde orekaren kasuan, «despopulazioari begira gaian interesa duten herritar, aditu eta erakundeak saretzea» da eginkizuna, Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailearen hitzetan; funtsean, «komunitate bat» eratzea. Izan ere, landagunearen despopulazio arriskuaren arazoa aztertzea eta irtenbideak proposatzea izango dute helburu lan ildo horretan: «Egitasmo sozioekonomikoak lantzea, lurralde orekaren euskal eredu bat gorpuzteko». Euskal eredu hori mamitzeko, nazioarteko kongresu bat antolatu nahi dute, Europako beste zona batzuetako diskurtsoak jasota eta bertakoak aztertuta, «topikoak deseraiki eta diskurtso berri bat» garatzeko. Izan ere, Esnaolak garrantzia eman zion «errelatoari» eta «estilo liburu bat» lantzeari: «Nola hitz egin behar den lurralde orekaren bertuteaz». Sozializazio saioak prestatzea izango da alor horretan eman beharreko beste pausoetako bat; Araban eta Nafarroan lan egingo dute, batez ere: «Landa eremuaren ahotsa hirira eraman beharda, eta alderantziz: elkarrizketa bat egon behar da bien artean».
Bizikidetzaren «erronka»
Eusko Ikaskuntzak mendeurreneko biltzarrera arte eginiko bidean landu dituen gaietako bat izan da Nafarroan aniztasuna kudeatzearena, eta, kongresua igarota, zereginak zehaztu dituzte esparru horretan ere. «Nafarroatik hasita, bertako jendearen bizikidetzan sakontzea eta bizikidetza hori zailtzen duten oztopoak gainditzea» da lan lerroaren xedea. Julen Zabalo Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea ari da esparru hori koordinatzeko lanetan, eta «bizikidetza arazo bat» antzeman zuen. Horrek bultzatu zituen Nafarroako Gobernuarekin proiektu bat lantzera, eta, ondorioz, hiru udalerritan aritu dira beharrean: Castejonen, Berriozarren eta Baztanen. Herritar mahaiak eta parte hartze foroak antolatu zituzten. «Polarizazio politiko eta soziala azaleratu da lehen fase honetan», Zabaloren arabera. Hortik, 2020rako beste erronka bat ezarri dute: «Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa» bultzatzea, bizikidetzan «arreta berezia» jarrita. Xedea da «bizikidetza ahalbidetzeko lan lerro posibleez hausnartzea», eta, hala, «beste fase batera pasatzea». «Erronka ez da makala», zioen Zabalok, eta, erantzunik eman gabe, galdera bat egin zuen: «Aniztasuna bateragarria da Nafarroarentzako proiektu batekin?».
Gogoetan aritutako taldeak hezkuntza sistema ere izan du jardunerako eremu; «gai estrategikotzat» jo zuen Akizuk. Esparru horretan, «estrategia partekatu baterako oinarria finkatu» nahian dabiltza; izan ere, gogorarazi zuten hiru hezkuntza sistema daudela egun Euskal Herrian, «bakoitza bere arazo eta ezaugarriekin», eta, beraz, beharrezkoa dela «epe luzeko marko partekatu bat» ezartzea, «bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunen araberako erritmoa errespetatuz». Erronka komunak «lankidetzan» identifikatzeko, «elkargune bat» sortu nahi dute, eta lehendabiziko pausoa maiatzean emango dute, mintegi bat antolatuta. «Giltzarri» diren 80 lagun biltzea da haien asmoa, ibilbideari hasiera emateko.
«Balio erantsia»
Liburu mardul bat argitaratu du Eusko Ikaskuntzak bere mendeurrenaren harira: Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua Geroa Elkar-Ekin: Mendeurreneko Kongresua. Ia 600 orrialde ditu, eta kongresuko ekarpen, ondorio eta proposamenak jaso ditu. Lehen zatian, mendeurrenerako prestatutako adierazpena etaLiburu zuria bildu dituzte, hiru eletan —euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez—. Bigarren zatian, 2018ko udazkenean Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Oñatin (Gipuzkoa) egindako saioetako ponentziak, hitzaldiak eta mahai inguruen laburpenak daude.
Hortaz, bide bat egin zuen erakundeak kongresuaren aurretik eta ondoren, eta, lan ildoen aurkezpenean, Xabier Alkorta XVIII. kongresuaren Antolakuntza Batzordeko presidenteak eman zuen orain arteko ibilbidearen berri. Azaldu zuenez, «hasieratik» ikusi zuten mendeurrenekoa ez zela izango «ohiko kongresu bat: «Abiatu ginen prozesu bat martxan jarriz. Hau, liburu akta bainoago, kronika bat da, guztion artean idatzitakoa. Mila pertsonak baino gehiagok parte hartu dugu prozesu honetan». Kronika horretan, Alkortak nabarmendu zuen bost urteko prozesu parte hartzaile baten ondorio izan dela biltzarra, eta, prozesu horretan, gai izan direla «aditu, aritu eta erakundeak mahai baten inguruan lanean jartzeko, ideiak azaltzeko». Horri erantsi zion Eusko Ikaskuntzak «Euskal Herri osoari erantzuteko ardura» hartu duela urteotan.
Hori da Eusko Ikaskuntzaren «balio erantsia» egungo testuinguruan; gaiak lurralde osoan lantzeko eremu bat eskaintzea. «Euskalgintzan salbu, ez dago espazio bat Eusko Ikaskuntzak hautatutako gaiak planteatu ahal izateko. Hiru eremu administratiboak biltzen dituen esparru formal bakarra euroeskualdea da. Ez dago espazio partekaturik. Hori izan da Eusko Ikaskuntzaren helburua, eta hala da oraindik ere».
Mendeko enborretik, gogoetarako adarrak
Eusko Ikaskuntzak datozen urteetarako lan lerroak aurkeztu ditu, mendeurreneko kongresuko gogoetak oinarri hartuta. Helburuen artean dago «lurralde gatazken konponbiderako protokolo bat» osatzea; azaroaren 11tik 13ra aurkeztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu