Mugimenduak dakarrela mugimendua esaten dute, eta gorabehera handiko garaietan areagotu egiten direla. «Ikasleen koordinakunde bat bazen garai hartan, eta han genbiltzan. Antolaketa ahula zuen, ordea. Eta mugimendu hark behar zuen ondo antolatutako erakunde bat». 1980ko hamarkadaren erdialdea zen. Euskaraz ezin ikasi. Agintekeria eskoletan. Eta gatazka. Eta errepresioa. «Betiko kontraesanak zeuden: noraino egon behar zuen estatu mailan koordinatua ikasle mugimenduak?». Espainiakoetatik kanpo, Euskal Herritik jardungo zuen talde bat sortzeko pausoak hasi zituzten. Ikasle Abertzaleak. 25 urte aurten ditu. «Eta, zoritxarrez, garai hartan aldarrikatzen genituenak orain ere aldarrikatu beharrak daude».
1988an, udaberrian, loratu zen Euskal Herrian pisu handiena duen ikasle mugimendua. Gogoan du Gaizka Aranguren kazetariak. Ikaslea zen. «Iruñeko Irubide institutuan sortu zen, frontoian. Jende aunitz zen». Bilakaera bat izan zen. «Aurrez erabilitako izen bat hartu genuen, izatez. Ximenez de Rada institutuan lista bat aurkeztu zen izen horrekin. Ordezkari bat lortu zuen». Ikasle eta abertzale, biak uztartu zituzten. «Hezkuntza arazoez gain, oinarria kontuan genuen: Euskal Herria oinarri izateak batzen gintuen». Alda- rri zuten euskal unibertsitatea ere.
Kontrako indarrak ere altxatu zitzaizkien, ordea. Polizia, kalean ez ezik, unibertsitatean ere oldartzen zitzaien estudianteei. Izua zabaltzen zuten eskuin muturreko jarraitzaileek. Erasoak jasan zituzten. «Iruñean, Arte Ederretako ikasle bati eraso egin zioten ultraeskuindar batzuek. Aurpegia urratuta utzi zioten», ekarri du gogora Arangurenek. Geroko urteetan ere jazarpenak jarraitu zuela azaldu du Oihana Llorente IAko eledun ohiak. 2000ko hamarkadako lehen urteetan aritu zen bozeramaile. «Segurtasun zaindariak eta kamerak jartzen, adibidez, orduan hasi ziren EHUn».
Legez kanporatzeak ere garai hartakoak dira. Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak legez kanpoko utzi zituzten Espainiako auzitegiek. IAri ez zitzaion egokitu, baina zer gerta zitekeen argi ez zeukatela aitortu du Llorentek. «Ilegalizazio arriskua beti egon da hor. Batez ere ikasleen beharrei erantzunez lan egiten du IAk, baina ez dago gizartetik kanpora».
Jazarpenetik indar
Tentsio egoera horrek berak indarra ematen zion mugimenduari. Jendeak atzera ez zuela egiten nabarmendu dute Arangurenek eta Llorentek. «Poliziaren jazarpenari aurre egiten zion jendeak. Oso indartsu geunden», adierazi du Llorentek. Hasieratik gertatu zen hori, Arangurenen esanetan: «Indar berezia zuen IAk. Euskal Herria ardatz zuen mugimendu indartsu modura eredugarria da».
Eskuin muturrekoek eraso zioten ikaslearen kasua aipatu du Arangurenek, indarraren adibide. Erasoaren berri izanda, greba antolatzeko bilera zuten. «Iluntzeko zortziak ziren. Lau telefonorekin hasi deika, eta Hego Euskal Herriko fakultate eta hezkuntza ertaineko zentro gehienak greban ziren hurrengo goizean». Ez zen Internet, Whatsapp, Twitterrik. «Telefono dei batzuk egitea, aski».
Erakundeak eraginaz ohartzen zirela dio Arangurenek. «24 urte nituela, jada kazetari ari nintzela, Nafarroako Hezkuntza kontseilariari entzun nion bere lehentasunetako bat zela ikasle mugimendu abertzaleak Nafarroa Garaian zuen eraginkortasuna gutxitzea».
Ikasleak eurak ez ziren jabetzen, akaso, zenbaterainoko indarra zeukaten. Gogoeta hori egin du Arangurenek atzera begiratuta. «Oso handia zen eragina, guk uste genuena baino handiagoa».
Bologna, «mamua»
Azken urteetan aldaketa handiak gertatu dira ikasle mugimenduak indar handiena duen esparruan, unibertsitatean. Bolognako prozesua martxan dago, nahiz protesta handiak egin zituzten ikasleek hori eragotzi nahian. Ez zuten lortu, baina Llorentek ez du uste ikasleen porrota izan zenik. Eragina eduki zutela nabarmendu du: «Lortu zen atzeratzea eta hasierako asmoak eraldatzea».
Ikasle Abertzaleak taldea indartuta atera zen prozesu hartatik, bozeramaile ohiaren ustetan. «Oso goiz hasi ginen lanean. Gogoan dut nola gurutzatu genituen campus eta fakultate guztiak hitzaldiak emanez, nola liburuxka bat egin genuen ikasleek eskatuta, eta handik hilabetera EHUk atera zuen beste bat...». Bolognako prozesuak kezka handia eragin baitzuen unibertsitatean, eta informaziorik apenas baitzegoen. «Guretzat mamua zen Bologna».
Haren aurkako mugimenduarekin, goraldian zen IA. «Ilusio momentu bat», dio Llorentek. Hedatzen ari ziren. «Arabako Errioxara orduan iritsi ginen. Talde bat egin zen. Euskal Herri osora hedatua zegoen IA ordurako, baina lan handia egin zen Iparraldean.Lehertu egin zen mugimendua».
Baina Bolognako prozesuaren eragina jasaten hasiak dira ikasleak. «Belaunaldi batetik bestera asko nabaritzen da. Aurrez aurreko eskolak ditugu oraingo ikasleok, eta derrigorrezkoa da joatea», ohartarazi du Garazi Eizagirre IAko kideak. Full time eredua esaten diote, denbora osoan ikas-prozesuari emana egon beharra daukatela ikasleek. «Oso zaila da ordutegiak bateragarri bihurtzea». Eskoletara joatea lehentasun bakar dutela, ikasle gutxiago aritzen dira beste jardun batzuetan.
Ahulduta, edo ez
Ahuldu egin du horrek ikasle mugimendua. «Orokorrean inguru osoa nahiko geldirik dago», esan du Eizagirrek. Ez dela soilik ikasleen makalaldia. Llorentek ohartarazi du lehen ere esaten zutela hori. «Beti esan da ikasle mugimendua ahul dagoela; gure garaian ere hori esaten zuten. Baina ez zen horrela, inolaz ere. Egia da Bolognak zaildu egin duela dinamika, baina protestak egiten dituzte». Joan den astean horren adibidea izan da. Espainiako Gobernuak dekretu bat argitaratu zuen ikasle gehienak Erasmus programako laguntzetatik at uzten dituena. Hedabideek ez zuten ezer jakin, harik eta ikasle talde batek dekretua irakurri eta zabaldu zuen arte. Oso protesta handiak egin zituzten unibertsitateetan, eta oihartzuna iritsi zen Bruselara eta Madrilera ere. Atzera egin behar izan zuen gobernuak. Laguntzek segituko dute aurten.
Kanpotik begiratzen dio mugimenduari Arangurenek, baina uste du 1980ko hamarkadan indar handiagoa zuela. «Irakasleek diote antolatzeko joera ez dela lehen adinakoa». Ikasleen artean bakarrik ez du ikusten hutsunea. «Irakasleen artean ere ez dut ikusten garai bateko ausardia eta kemena, eta gurasoen artean ere ez».
Gutuna, eskubideen bilgune
Hainbat kanpaina jarri dituzte abian urteotan guztietan. Euskaraz ikasteko eskubidearen aldekoak izan dira —Ekin euskalduntzeari! leloarekin—, grebarako eskubidearen aldekoak —Autoritarismoari kaña! lelopean—... «Kanpaina zehatzak ziren, eta harago joan nahi genuen», azaldu du Llorentek. Laugarren kongresuan, 2003an, pauso garrantzitsu bat eman zuten: Euskal Ikasleon Eskubideen Karta izeneko agiria onartu zuten. «Zerrendatu egin genituen eskubideak, zein ziren identifikatu, diagnostikoa errazago egiteko». Gerta baitzitekeen arazoak leku guztietan ez zeudenez aldarriak lausotzea. «Litekeena zen eskola batean euskalduntzearekin arazorik ez egotea, baina horrek ez zuen esan nahi arazo hori jasaten ez zuenik ikasleriak».
Zehaztutako eskubide horien araberako ildoak zehaztuta segitzen du lanean IAk. Beste taldeekin elkarlanik apenas dagoen, ordea. «Fakultate batzuetan badira asanbladak. Elkarlanean baino gehiago, hala ere, gauza zehatzetarako aritzen gara», zehaztu du Eizagirrek. Hirurak bat datoz, nolanahi, lehen eta orain, IAk duela mobilizaziorako gaitasunik handiena. Bazterketa jasan du, ordea. Aranguren: «Beste talde guztiek bat egiten zuten gure hautagaia ikasle kontseiluko presidente ez irteteko». IAn bertan ere izan dira eztabaidak, erakundeetan parte hartu behar ote luketen, «lurralde banaketa legitimatzen duten heinean».
Aurten 25 urte. «Egin dira urratsak. Barru-barrutik, ez administrazio egituratik», nabarmendu du Arangurenek. Zer egina badago oraindik. «Berdina aldarrikatzen segitzen du IAk, tamalez. Horrek erakusten du IA behar dela, bizi-bizirik dagoela», dio Llorentek. Aldarrietan pausoak antzeman ditu Eizagirrek, eta feminismoa aipatu du horren adibide modura. Aurrera begira jarrita, beste urrats bat egitea nahitaezko jo du:«Erantzun plano hutsa izateari utzi, eta eraikitzn hasi behar dugu. Erantzunez soilik ez dugu eraikiko euskal eskola nazionala».
Hezkuntza. Ikasle Abertzaleek 25 urte
Mende laurden, ikasgai berak
Euskaraz ikasteko eskubidea. Hezkuntzan erreformarik ez ezartzea. Ikaslea protagonista izatea. Gaur-gaurko aldarriak dira. Eta orain 25 urtekoak. Ikasle Abertzaleak taldeak urteurrena du. Indarberritzea jarri dute xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu