Mende erdiko ondare politikoa

Xabier Arzalluzek abertzaletasunean utzi duen aztarna politikoa gogoratzeko, EAJk dokumental bat egin du. Buruzagi jeltzale ohiak iritzia eman du Euskal Herriko azken 50 urteetako hainbat jazoeraren gainean. Uste du«harreman berezia» behar dela EAJren eta ezker abertzalearen artean.

Xabier Arzalluzen inguruko dokumentala estreinatu zuten joan den martxoaren 24an, Donostiako Antzoki Zaharrean. BERRIA.
edurne begiristain
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
EAJren eta abertzaletasunaren azken hamarkadetako buruzagi esanguratsuena izan da Xabier Arzalluz (Azkoitia, Gipuzkoa, 1932). Urteak dira erretiroa hartu zuela, baina haren itzal luzeak bizirik jarraitzen du. EAJk omenaldi xume bat eskaini nahi izan dio EAJko EBBko buruzagi izandakoari, haren ibilbide politikoari buruzko lana eginda. Donostiako Antiguako batzokiak sustatu eta landu du Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa izeneko dokumentala.

Lan horretan, EAJko buruzagi ohia ahoan bilorik gabe mintzo da Euskal Herriaren azken 50 urteetako hainbat gertaerez eta politikaren esparru ugariz: abertzaletasunaz, ezker abertzaleaz, ETAz, estatu indarkeriaz, erabakitzeko eskubideaz, EAJren zatiketaz... Jarraian doa Arzalluzek dokumentalean esandako hainbat pasarteren laburpena.

IBILBIDE POLITIKOA

Historiarako zaletasunak bultzatuta egin zuen Arzalluzek politikarako jauzia, 1968an. Horrela azaldu du dokumentalean: «Beti izan dut historia gustuko. Pentsatzen nuen historia ezagutu daitekeela edo egin daitekeela, eta azken hori zela politika, finean». Arzalluzen arabera, politikak «aukera bikainak» eskaintzen dizkie herrialde guztiei, eta bera, politikari gisa, bere herriaren alde «ahalik eta ondoen» egiten saiatu da. EAJren aldeko hautua nola egin zuen ere azaldu du. Ekialdeko Alemanian egon zenean ezagutu zuen komunismoa, eta «hasieratik» alboratu zuen ideologia hori. «Ideiak argi nituen: nire aukera Euskadi zen, gure lurra, gure jendea, bere historia, bere zapalkuntza... Horrek kezkatzen ninduen». Indarkeria baztertu eta EAJn sartzea erabaki zuen, argi zuelako «eutsi» egin behar zitzaiola egina zegoenari, hura «suspertzeko» eta «indartzeko».

Halaber, azpimarratu du EAJren helburu politikoak argiak direla: «Alderdi subiranista bat gara». Ziur da EAJk euskal estatua sortuko duela, eta helburu hori noizbait erdietsiko dela, «lagaezina» delako. «Beste kontu bat da noiz eta nola egingo den; hori EAJk ikusiko du», dio.

ABERTZALEEN BATASUNA

Arzalluzek indar abertzaleen arteko batasuna defendatu du, eta ezinbestekotzat jo du etorkizunean «harreman berezia» egotea EAJren eta Bildu eta Sorturen artean. Horretarako, baina, uste du beharrezkoa dela ezker abertzaleak autokritika egitea. «Haiekikusi behar dute tiroen garaitik ez dutela euren bidea konpondu, eta aitortu behar dute gauza asko gaizki egin dituztela. Guk ere bai, baina haiek ere bai».

«Burujabetza» da EAJren eta ezker abertzalearen helmuga; biak ala biak bat datoz helburu horretan. Ordea, ez dute bat egiten bide hori jorratzeko moduan, Arzalluzen arabera. Burujabetza lortzeko, EAJko buruzagi ohia hitz egitearen eta bidea adostearen aldekoa da. Argi du, gainera, hasitako bideak «atzera bueltarik» ez duela izango, eta «denbora kontua» izango dela «bestelako Europa bat» eta «Euskal Herria independentea» lortzea.

EZKER ABERTZALEA-ETA

ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan EAJk izan duen rolaz mintzo da Arzalluz dokumentalean. Oso kritiko azaldu da urtetan ezker abertzaleak EAJrekin izan duen jarrerarekin: «Haiek zioten [ezker abertzalekoek] EAJk ez zuela ezer egiten, eta bidea sasiz garbitzea zela haren zeregina, Espainiako Gobernuaren eta ezker abertzalearen, ETAren edo HBren arteko negoziazioa errazteko. Horixe nahi zuten. Eta horrela eman genituen urteak».

Arzalluzek azaldu du erakunde armatua «eragozpen handia» izan dela EAJrentzat, eta jeltzaleek ez dutela inolako protagonismorik bilatu Espainiako Gobernuarekin bitartekari lanak egin izan dituztenean. Aljerko elkarrizketak jarri ditu horren adibide.

Halaber, Arzalluz kexu da ezker abertzalearen autokritika faltaz. Uste du «kezkagarria» dela ezker abertzaleak EAJ guztiaren «errudun» egitea: «Guk gauza asko aitortu behar ditugu, baina baita haiek ere». Ez du onartzen, gainera, ezker abertzaleak Euskal Herriko historian «lidergoa» hartu nahi izatea.

ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak piztu zuen, ez katalanek, Arzalluzen iritziz. «Ibarretxek merkaturatu zuen kontzeptu hori, zalantzarik gabe». Ibarretxek 2003an aurkeztu zuen erabakitzeko eskubidea ardatz zuen Estatutu politiko berrirako proposamena, eta Espainiako Kongresuak atzera bota zuen bi urte geroago. Haatik, Arzalluzek argi du bide hura EAJk berak zapuztu zuela, «alderdi barruko jendeak». Bizkaiko EAJ egin du horren errudun.

Erabakitzeko eskubidearen alde agertu da Arzalluz. Denboran atzera jo, eta EAJk Gernikako Estatutua onartu zen garaian ere erabakitzeko eskubidea babesten zuela dio, bazuelako anbizioa Estatutua baino harago jotzeko. «Argi geneukan alderdi abertzale batek aurrerapausoak eman behar zituela autodeterminazio eskubidearen alde. Hori zen hurrengo urratsa; gure aberria juridikoki berrestea, alegia».

Gaur egun, «subjektua indartu» eta herria «teknologikoki, ekonomikoki eta kulturalki martxan jartzearen» aldekoa da Arzalluz. Bide horretan zantzu positiboak antzematen ditu, eta horien artean aipatu ditu euskarak eta euskal kulturak eman dituzten aurrerapausoak, batez ere Nafarroan. Haren ustez, «oso itxaropentsua» da Nafarroako hainbat herritan euskararen erabilerak izan duen gorakada, bai eta gizarte mugimenduek eta herritar askok «Espainiako botereei» aurre egitea ere. «Mugimendu hori guztia handituz joango da, eta geldiezina izango da».

GAL-PSOE

Arzalluzek argi dio «estatu terrorismoa» sozialistek egin zutela, eta Felipe Gonzalezek gidatu zuela. Gogora dakar Gonzalezen garaian sortu zela GAL erakundea, eta hainbat polizia eta estatua bera ETAko kideen aurkako atentatuak burutzen hasi zirela Frantzian. Lasa eta Zabala kasua «estatu terrorismo argia» izan zela uste du, eta horren ardura sozialistek eta Gonzalezek berak izan zutela dio.

PODEMOS

Podemosen proiektu politikoari «sendotasun eskasa» ikusten dio, eta garrantzia kendu dio alderdi horrek eragiteko duen gaitasunari. «Maiz pentsatzen dut boluntario mugimendu bat dela, mugimendu politiko bat eta alderdi politiko serio bat bainoago». Arzalluzek uste du Pablo Iglesiasen alderdiak «zarata» egiten jarraituko duela, baina barne zatiketak ondorioak izango dituela etorkizun hurbil batean. «Podemosek zatiketaren hazia dauka barruan, baina baita boluntarismo gehiegi eta sendotasun gutxiegi ere, nire ustetan».

ESPAINIAKO KONSTITUZIOA

1978an Espainiako Konstituzioaren testua adostu zutenean, jeltzaleak baztertu egin zituzten negoziazioetatik, eta ez zuten parte hartu itun horren inguruko akordioan, Arzalluzek gogora ekarri duenez. Testua idatzita zegoenean, EAJk Armada Espainiaren batasunaren bermetzat hartzen duen 8. artikuluaren berri izan zuen: «Basatia izan zen hura». EAJko buruzagi ohiarentzat artikulu horrek berebiziko pisua izan zuen jeltzaleek konstituzioaren aldeko botorik ez emateko. Arzalluzek salatu du konstituzioa «turkiar erara» egin zela, eta uste du hori onartezina dela edozein «demokatarentzat». Areago, gaur-gaurkoz «auzo-lotsa» ematen dio konstituzioak horrelako artikulu bat izateak. «Inork ez du horri buruz hitz egin nahi. Inori ez zaio burutik pasatzen une jakin batean ejerzitoak Katalunian esku hartzea».

EAJk eskubide historikoak bermatzeko eskatu zuen zuzenketa batean, eta Arzalluzek horren defentsa egin du: «Guk bagenuen gure konstituzioa: forua. Baina foruak ez zuen lekurik Madrilen egindako konstituzio horretan». Ukatu egin du estatutuaEspainiako Konstituzioaren menpeko denik: «Eskubide historikoak bermatzen dituen Lehen Xedapen Gehigarritik dator».

Espainiako Konstituzioa 1978ko abenduaren 6an onartu zen, erreferendum bidez, eta jeltzaleek abstentzioaren alde egin zuten. Arzalluzek dioenez, berak «oso argi» zuen ez zuela Espainiako Konstituzio baten aldeko botoa emango. «Aldeko botoa eman aurretik, eskua moztuko nuen». Gaur egun ere ez luke itun hori babestuko, eta «beharrezkoa izango balitz» EAJk kanpaina egin beharko luke baiezko botoa emateko «tentazioa» dutenak kontrakoaz konbentzitzeko .

EAJ-REN ZATIKETA

EAJk ordezkatzen duen abertzaletasun historikoak 1986an izan zuen azken haustura handia, Eusko Alkartasuna sortuta. Arzalluzek saminez gogoratu du zatiketa hura: «EAJri eta abertzaletasunari inoiz gertatu zaion gauzarik okerrena izan zen». Zatiketa«tamalgarria» izan zela dio, «benetan gogorra», eta kalte egin zion EAJri: «Denbora asko galdu genuen, izugarri sufritu genuen, odol asko galdu genuen: familia osoak zatituta, herriak banatuta...». EAJren zatiketa eragin zuen eztabaidan, Arzalluz buru zuen sektorea nagusitu egin zitzaion Carlos Garaikoetxea buru zuenari, eta EAJko buruzagi ohiak kritikatu du «interes pertsonalak» gailendu zirela ika-mika horretan, ideia politikoak baino gehiago. Horregatik iritzi dio zatiketa horrek «ahuldu» egin zuela abertzaletasuna, ideologia bera «arriskuan» jartzeraino. Eztabaida azkar baretu zen, eta horri esker ez zen EAJren proiektu politikoa zapuztu, Arzalluzen iritziz.

EAJ-REN PROIEKTUA

EAJren proiektu politikoa «penduluarekin» alderatu du Arzalluzek, egoerara «moldatzen» den alderdia, doktrina eta mugimendua baita. Jose Antonio Agirre lehendakaria ere halakoa zela dio; abertzalea eta subiranista zela, baina garai jakin batean «atzera egin» eta egoerara «egokitzen» jakin zuena. «Zentzuzkoa da horrelakoa izatea: kontrako indar bati egokitzen ez bazara, galduta zaude. Inteligentzia kontu bat da». Ildo horretan, goraipatu egin du EAJk azken urteetan «herriaren ideiari eusteko» egin duen ekarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.