Xabier Arzalluzen heriotza. Soslaia

Mende erdiko historia joan da

Xabier Arzalluz hil da, hamarkada luzez eta bidegurutze garrantzitsuenetan EAJren lema eraman zuen buruzagia. EAJren burukide historikoen lekukoa hartu zuen

Xabier Arzalluz, 2000. urtean, Barakaldon (Bizkaia) emandako hitzaldi batean. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun

Ez da gehiegikeria esatea Xabier Arzalluz Antia (Azkoitia, Gipuzkoa, 1932Bilbo, 2019) azken mende erdian EAJren buruzagirik garrantzitsuena eta, hortaz, euskal politikako eragilerik esanguratsuenetako bat izan dela. Hari egokitu zitzaion Franco hil ostean Juan Ajuriagerra, Manuel Irujo, Jesus Maria Leizaola eta gainerako buruzagi historikoen lekukoa hartu eta trantsizioaren garaian EAJren lema eramatea; hari zor zaizkio garai hartan eta hurrengo urteetan EAJk hartutako erabaki estrategiko nagusiak —Espainiako Konstituzioaren galdeketan abstenitzea, Gernikako Estatutuaren bidea lehenestea, alderdiaren zatiketa eta EAren sorrera ekarri zuen liskarra Carlos Garaikoetxearekin—, eta, finean, hark gidatu zuen EAJ urte askoan. Atzo hil zen, Bilbon.

Askotan hitz egin da EAJn elkarrekin bizi omen diren bi arimez, edo penduluarenteoriaz, jeltzaleen diskurtso eta praktika politikoak definitzeko. Gutxik hezurmamitu dute bikoiztasun hori Arzalluzek bezala: abertzalerik erradikalena izan zitekeen, edo pragmatikoetan pragmatikoena, aldi berean eta kontraesanik sortu gabe. Euskal gatazkaren urterik gordinenetan, liskar gogorrak izan zituen ETArekin eta ezker abertzalearekin; EAJren zatiketa izan zenean, EA sortu zuten sektoreek alderdiaren Nafarroako adarra «saltzea» leporatu zioten; baina, aldi berean, Espainiako hedabide unionistentzat Arzalluz gaitz guztien pertsonifikazioa zen, infernuko etsaiaren parekoa, eta ez zuten aukerarik galtzen hura iraindu eta zirikatzeko.

Jesuita izandakoa

Xabier Arzalluz 1932ko abuztuaren 24an jaio zen, eta, garai hartako gazte askok bezala, apaiztegian egin zituen ikasketak, eta harreman handia izan zuen Eliza katolikoarekin. Jesusen Konpainian sartu zen 1967an, baina hiru urte geroago utzi zion jesulagun izateari, Alemanian Zuzenbide Politikoko ikasketak egiten ari zela. Ordukoa da euskal abertzaletasunarekin eta EAJrekin hartu zuen konpromisoa.

Garai hartan, EAJren egitura nagusia eta Juan Ajuriagerra ez beste buruzagi historiko nagusiak erbestean zeuden. Hego Euskal Herriko egitura, berriz, ahula zen oso, batez ere frankismoaren kontrako borrokan aritzen ziren beste indar politiko batzuekin alderatuta. Alderdia indartu beharra zegoen; horretarako, Ajuriagerrak eta Luis Maria Retolazak begiz jo zuten josulagun izandako abokatu gazte hura, eta harengana jo zuten EAJren Bizkai Buru Batzarreko kide izatea proposatzeko. Baietz erantzun zien Arzalluzek, bilera izan eta hiru egunera.

Frankismoaren azken urte haietan Arzalluzen itzala gero eta handiago bilakatu zen, barneko buruzagirik garrantzitsuenetako bat bihurtzeraino. Beraz, ez da harritzekoa ezen, Franco hil ondoren EAJk gerra osteko lehen Nazio Batzarra egin behar izan zuenean bere egitura eta oinarri ideologikoak gaurkotzeko —Iruñean, 1977ko martxoaren 24tik 27ra—, Arzalluzi egokitu izana alderdiaren hurrengo urteetako norabidea zedarrituko zuen txosten politikoa idaztea.

Batzarrean eztabaida handiak egon ziren, batez ere alderdiaren sektorerik kontserbadoreenak ez zuelako nahi estatutuetatik JEL (Jaungoikoa eta Lege Zaharra) leloa kentzerik. Ataka hartan ere agerian gelditu zen Arzalluz alderdian lortzen ari zen autoritatea: hari eman zioten batzarretik atera eta bi jarrerak bateratuko zituen proposamen bat idazteko lana. Hala egin zuen, eta alde guztiek onartu zuten Arzalluzen proposamena.

Handik hiru hilabetera, Espainiako Kongresurako eta Senaturako lehenengo hauteskundeak egin ziren. 40 urteko klandestinitatearen ostean, inork ez zekien nolako indarra izango zuen alderdi bakoitzak; EAJren kasuan, askok uste zuten frankismoaren garaian erakutsitako bizitasun falta larrutik ordaindu behar zuela, eta oso emaitza eskasak lortuko zituztela. Guztiz oker zeuden: jeltzaleek zortzi diputatu lortu zituzten, horien artean Arzalluz bera, Gipuzkoako zerrendaburu.

Estreinako agintaldi hartan, Espainiako Gorteen eginkizun nagusia zen konstituzioaren lehenengo zirriborroa prestatzea. Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate izandakoak —garai hartan EAJren talde parlamentarioko kide zen— inoiz esan du Arzalluz izan zela parlamentari jeltzaleen talde hartako burua, eta haren iritziak berebiziko garrantzia zuela besteengan erabaki bat hartu behar zenean.

Espainiako Konstituzioari buruzko galdeketa 1978ko abenduaren 6an egin zen. EAJk abstentzioaren alde egin zuen, eta horretan ere pisu handia izan zuen Arzalluzek. Burukide historiko batzuk beldur ziren konstituzioari ezezkoa emanda Donostiako Itunarekin gertatutakoa berriz gertatuko ote zen: 1930eko abuztuan, Primo de Riveraren diktadura azkenetan zegoela, Espainiako Errepublikaren aldeko indar nagusiek ituna egin zuten Donostian. EAJk nahiago izan zuen horretan parte ez hartu, eta horrek ekarri zuen, gerora, Errepublikak abertzaleen eskakizunak behin eta berriro bazterrean lagatzea.

Arzalluzek, aldiz, «oso argi» zuen ez zuela Espainiako konstituzio baten aldeko botoa emango. «Aldeko botoa eman aurretik, eskua moztuko nuen», esan zuen 2018an, Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa izeneko dokumentalean jasotako adierazpen batzuetan. Azkenean, abstentzioaren aldeko jarrera gailendu zen alderdian.

EBBko buru

Hurrengo agintaldian ere diputatu hautatu zuten, baina handik gutxira dimisioa eman zuen: EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente izendatu zuten, eta alderdia hartu zuen lehentasuntzat. 1980ko apiriletik, Carlos Garaikoetxea zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta orduan finkatu zen EAJn 40 urtez iraun duen ardurak banatzeko moldea: alderdiaren burua alde batetik, Jaurlaritzakoa bestetik.

Oreka hori 1985ean puskatu zen, EAJn sorturiko krisi larriaren ondorioz Garaikoetxeak alderdia eta Lehendakaritza utzi zituenean. Hurrengo urtean EA sortu zen. Liskar hura gertatu zenean, Arzalluz ez zen EBBko presidente —alderdiaren arauen arabera, ezin zuen jarraian lau urte baino gehiago egin ardura horretan; 1984an utzi zuen—, baina askoren ustez bera izan zen, itzalean egonda ere, zatiketa eragin zuten erabakiak hartu zituena. Lehen aipatutako dokumentalean, Arzalluzek zioen hura izan zela «EAJri eta abertzaletasunari inoiz gertatu zaion gauzarik okerrena».

1987an itzuli zen EBBko presidentetzara, lehendakari Jose Antonio Ardanza zelarik, eta ardura horretan egongo zen 2004ra arte. 1988an, hitzaldi bat egin zuen Arriaga antzokian, eta han azaldutako Arriagako espirituak markatu zuen hurrengo urteetako norabidea: zatiketaren ondorioz, alderdia ahul zegoen, itunak beharrezko zituen botereari eutsiko bazion, eta, beraz, pragmatismoari bide eman behar zitzaion.

Ordukoak dira «autodeterminazioa azak landatzeko ote den» egindako adierazpenak, PSE-EErekin hasitako kolaborazioa, Ajuriaeneko Ituna, Jose Maria Aznarren aldeko botoa Espainiako presidente izan zedin (1996), eta, batez ere, aurrez aurreko konfrontazioa ezker abertzalearekin.

Giro itogarri hark etenaldia izan zuen 90eko hamarkadaren bukaeran, ETAren su etena eta Lizarra-Garaziko Akordioa gauzatu zirenean. Gorka Agirre jelkide historikoak 2004an BERRIAri esan zionez, Arzalluz «ilusio handiz» sartu zen «apustu hartan». Itun hark, baina, porrot egin zuen.

Handik gutxira iritsi zitzaion Arzalluzi bere ibilbide politikoaren azkena. 2004an, EBBko presidentetza utzi zuen; Josu Jon Imaz eta Joseba Egibar lehiatu ziren ardura horrengatik, eta Imaz gailendu zen, Egibarrek Arzalluzen babesa zuen arren. Horren ondorioz, Arzalluzek politikaren lehenengo lerroa utzi zuen, eta hurrengo urteetan ez zuen ardurarik izan alderdian.

Arzalluzen azkenetariko agerpen publikoak, besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko lanean izan ziren, euskarazko egunkariaren kontrako jazarpen judizialaren garaian. Euskaldunon Egunkaria-ren Babes Taldeko kide izan zen, eta haren aldeko hainbat ekitalditan parte hartu zuen.

Bere azken elkarrizketetako bat BERRIAri eman zion, 2017ko udan. EAJren Iruñeko Nazio Batzarraren 40. urteurrena izan zen elkarrizketaren zioa, baina gai gehiago izan zituen hizpide: «Herriak indarra badauka, hori [prozesu subiranista] etorriko da», esan zuen orduan.

Haren aldeko hileta elizkizuna bihar izango da, 19:00etan, Azkoitiko Andere Mariaren Jasokundearen parrokian.

-Joseba Egibar: «Oso perspektiba zabala zeukan Arzalluzek, eta urrutira ikusten zuen»

-Iñaki Anasagasti: 'Politikari handia'

-Pello Urzelai: 'Politikaren lilura'

-Erreakzioak: Haren ekarpena eta garrantzia oroitu dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.