«Justizia erreparaziorako eskubidea dute frankismoaren biktima guztiek». Argi mintzatu da Javi Buces Aranzadiko kidea. Txosten bat ondu du Bucesek, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari Eneko Etxeberriarekin batera. 1974ko maiatzaren 20an Hondarribiko Asturiaga hondartzan (Gipuzkoa) gertatutakoa segada bat izan zela baieztatu ahal izan dute, eta biktimen senideei dokumentu hori eman diete.
Ikusi gehiago
Hondarribiko Udalak berak eskatu zien txostena egiteko. Izan ere, orain 50 urte Jose Luis Mondragon eta Roke Mendez hil egin zituzten Espainiako Guardia Zibilak eta Poliziak, baina hura ez zuen inork ikertu, eta ez zen epaiketarik egin. Mende erdi zain pasatu dute familiek, erreparazio eta aitortza zain. Hain zuzen, ikerketa judizialik ez egin izana eta familiek gertatutakoaren berri ez izatea giza eskubideen urraketa bat izan zela azaldu du Bucesek, familia horien kontrako urraketa bat hain justu.
Memoria eta erreparazioaren arloan «lege oso aurreratuak» daudela azaldu du Bucesek, baina diskurtsoak ez datozela bat horiekin; arauak betetzeko «errezelo» anitz dagoelako, batez ere frankismoaren azkeneko urteetan gertatutakoari dagokionez. «Gaur egun, frankismoaren aurka borrokatu ziren taldeen biktimek erraztasun handiagoa daukate egia, justizia eta erreparazio hori lortzeko, estatu diktatorialaren biktimek baino», zehaztu du.
Hain justu, hor kokatzen dira Mondragon eta Mendez. «Garai hartako frankismoaren aurkako borrokan zeuden. Ez zeuden ETA barruan; egonak ziren, baina Iparraldera joan zirenean atera ziren», zehaztu du. Kontakizun ofizialaren arabera, hondartza hartan gertatutakoa «liskar» bat izan zen: Mondragon eta Mendez, 27 urteko arrasatearra eta 21 urteko santurtziarra, txalupa batean iritsi ziren bertara, polizia infiltratu bat haiekin zutela. Asturiagara iristean, baina, konturatu ziren lekua guardia zibilez beteta zegoela. Bi gazteak hil zituzten, eta hirugarrenak alde egin zuen.
Kontakizun hori oinarri hartuta, eta azterketa historikoak egin ostean, txostenak baieztatu du segada bat izan zela, «pertsona horiek exekutatzeko, eta ez atxilotzeko». «Hori argi dago, eta froga argiena da Mendezi buruan tiro egin izana», azpimarratu du Bucesek.
«Hor dago gatazka: ustezko indarkeriazko jarduerak ez du inolaz ere justifikatzen Mendez eta Mondragoni egin zietena. Hori nazioarteko araudiak esaten du, Giza Eskubideen nazioarteko araudiak»
JAVI BUCESAranzadiko kidea
Azterketa historikoa egiteaz gain, ikuspegi juridikoa ere landu dute txostenean. Hala, Bucesek azaldu du segada hark bi mutil haien «bizitzeko eskubidea urratu» zuela. «Hor dago gatazka: ustezko indarkeriazko jarduerak ez du inolaz ere justifikatzen Mendez eta Mondragoni egin zietena. Hori nazioarteko araudiak esaten du, Giza Eskubideen nazioarteko araudiak», borobildu du.
Aitortzarik ez
Txostena egiteko bidean zailtasunak izan dituztela aitortu du Bucesek. Erraterako, orain arte zabaldutako bertsioa poliziak errandakoan oinarritzen zenez, errelatoan zeuden kontraerranak argitzeko lanetan hasi ziren. Hortaz, Poliziaren artxiboak begiratu behar zituzten. Dokumentazio historiko horretan sartzeko zailtasun andana izan dutela azaldu du.
Horrez gain, biktimen familiei eragiten dien oztopo edo erresistentzia bat aipatu du: aitortzarik ez egotea. Bada, Hondarribiko Udaleko Bizikidetza Mahaiak 2023an eskatu zuen «azterketa historiko, objektibo eta kualifikatua» egitea; eta mahai horretan dauden alderdi politiko guztiek onartu egin zuten erabakia. Ordea, dokumentu hori ondu ostean eta gertatutakoa segada bat izan zela jakitean alderdi horiek guztiek aitortza egitea zaila dela aitortu du. «Senideei eragiten dien zailtasun bat da. Txostena aurkeztean alderdi guztiek errekonozitzea: bai, hauek biktimak dira», erran du.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak aitortua du Mendez frankismoaren biktima izan zela; ez, ordea, Mondragon. Aitortza horren zain dago haren familia.