Memoriaren polifonian, gazteek lekua behar dute

Jakin jardunaldiaren bigarren egunean, memoriaren transmisioari heldu diote, eta Samara Velte EHUko irakaslea izan da aferari heltzen lehena, gazteak erdigunean jarrita.

Samara Velte, gaur goizean, Usurbilen. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
Usurbil
2024ko ekainaren 21a
13:05
Entzun

«Kontakizunen transmisioan» egin dute indar Jakin jardunaldiaren bigarren eta azken egunean, eta afera horri heltzerakoan ezinbestekoa da belaunaldi berriei erreparatzea. Lehen egunean, Cira Crespo historialariak azaldu zuen hutsune bat nabari dela euskal gatazka gazteei transmititzerakoan, eta Samara Velte Gizarte, Politika eta Kultura doktore eta EHUko ikus-entzunezko komunikazioko irakasleak hutsune horren nolakotasunari erreparatu dio, bere doktorego tesirako egindako elkarrizketak eta haietatik ateratako ondorioak oinarri hartuta.

Besteen lurraldea da iragana. Hala dio Veltek bere hitzaldiari jarritako tituluak, eta hala dela edo izan dela iradokitzen dute hark elkarrizketatutako gazteek euskal gatazkaren inguruan dituzten diskurtsoek ere. Zehazki, 1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000ko hamarkadan jaiotako 42 gazterekin izandako elkarrizketak dira haren lanaren oinarria, eta bada horietatik ondorioztatu daitekeen elementu bat: memoria eraikitzeko prozesuan, kanpoan geratu dira gazteak. «Askotan pasotismoa leporatzen zaie, eta begiratzen zaienean, askotan burlaz begiratzen zaie», esan du Veltek.

Velteren esanetan, memoria kolektiboaz aritzean, ezinbestean «memoria polifoniko» batez hitz egin behar da: «Zenbat eta ahots gehiago, memoria kolektiboagoa izango da, eta pluralagoa». Halere, uste du kontrako norabidea ari dela nabarmentzen, eta horrek ezinbestean eragina duela gazteek gatazka irudikatzeko duten moduan. Hain zuzen, haien jakintza aurreko belaunaldiek transmititutakoan oinarritzen delako: instituzioek zabaltzen dituzten diskurtsoetan, baina baita «pertsona arrunten» artean nagusitzen diren korronte diskurtsiboetan ere. «Gazteekin hitz egiteko tartea hartzen badugu, ikusiko dugu alderdi normatibo hori barneratua dutela, eta dominantea dela haien pertzepzioetan».

«Gazteekin hitz egiteko tartea hartzen badugu, ikusiko dugu alderdi normatibo hori barneratua dutela, eta dominantea dela haien pertzepzioetan»

SAMARA VELTEEHUko irakaslea

Hortik aurrera, Veltek gazteekin izandako elkarrizketa batzuk baliatu ditu bere tesia defendatzeko. Hala nola, Xanek emandako erantzunei erreparatuta —izen asmatua—, azaldu du gazteek «ebaluazio moral propio» bat egiten dutela lehenik, eta horien diskurtsoetan behin eta berriz agertzen dela «mintzakide legitimatu gisa» aurkezteko «gutxiengo moral bat» betetzeko xedea, sentitzen baitute eztabaidarako arauak jada ezarrita zeudela eurak heltzerako. Batetik, ezjakintasuna adieraziz egiten dute hori: «Sentitzen dute ez dagokiela honi buruz hitz egitea, eta ezjakin modura agertzeak aukera ematen die pixkanaka parte hartzeko eztabaidan». Bestetik, gizartean nagusi diren diskurtsoei keinu eginez: «Ingurutik ikasi dutena erreproduzitzen dute».

Beste adibide bat baliatuta, okerreko zerbait esateko duten «beldurrari» ere erreparatu dio EHUko irakasleak: «Horrek tabu bihurtzen du». Tabua ezer adierazteko, baina baita gaiaren inguruan galdetzeko ere, Velteren esanetan.

Gazteek duten pertzepzioaren oinarrian, Veltek uste du «gatazka biolentoaren narratibaren» zentraltasuna gailentzen dela: «Orokortzen ari da biolentzia fisikoan asko zentratzen den diskurtsoa». Eta horrek ondorio «arriskutsuak» dituela uste du, gatazka indarkeria fisiko gisa jaso dutelako, eta, ondorioz, afera horren inguruan hitz egiteko legitimitatea horra mugatzen dutelako. Eta noski, belaunaldi berrien artean, apenas den halako esperientzia zuzenik duenik: «Distantzia oso handi bat sortzen du horrek».

Gainera, ETAren beraren jarduna ulertu ezina eragiten diela ere uste du Veltek. «Muturreko» adibide bat: «Esan zidaten [edonor] hiltzen zutela, etxez etxe joango balira bezala. Eurek nahi zutena egiten zutela, edozein arrazoirengatik». Hau da, azalpen horretan ez dago ETAren jarduteko moduaren edo haren helburuen ezagutzarik, ezta gatazkaren oinarri politikoen ingurukorik ere: «Bereizi gabeko biolentziaren narratiba batekin ordezkatzendu hori, zeina oso lotua dagoen iritsi zaion terrorismoaren diskurtsoarekin». Hala, EHUko irakasleak azaldu du nolabaiteko koherentzia bilatzen dutela eskura dituzten elementuekin; esaterako, filmekin eta bideojokoekin: «Ez dutelako ulertzen; eta ulertzen ez duzuna absurdoaren narratiba batean kokatzen duzu».

Tresnen beharra

Hori guztia kontuan izanik, Veltek uste du alferrik dela galdetzea ea gazteen ezagutza —«edo beste edonorena»— zenbatekoa den, egia edo gezurra den. Horren ordez, beste zerbaiti erreparatzeko deia egin du. Batetik, ea dituzten diskurtsoek zer dioten «gizartean hazten ari den testuinguru sozialaz». Bestetik, ea zer funtzio betetzen duten diskurtso horiek gazteen «identitate kolektiboaren eraikuntzan». «Errealagoak edo fikzionalagoak irudituko zaizkigu, gure posizioaren arabera, baina funtzio oso jakin bat betetzen dute haiek eraikitzen ari diren esanahi sisteman». Edo bezperan Crespok erabilitako kontzeptua berreskuratuta, «euren munduari zentzua ematen dioten koordenatuak» ezartzen dituzte.

Eta galdera multzo bat hausnarketarako: «Zer tresna dauzkate eskura koordenatu horiek ezartzeko? Eremua nahiko zabala da interpretazio berriak egiteko? Bertako gatazkez hitz egitea denborarekin errazagoa da, edo zailagoa?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.