Konfiantza eta ausardia. Osagai batzuk dira, ez bakarrak, gatazkaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketei buruzko memoria tokiko mailan lantzeko. Hala adierazi dute Gipuzkoako sei udalerritako alkateek, Argituz elkarteak antolatuta Memoria eta egia ezagutzeko mekanismoak: esperientzia lokalak eta globalak izenburuko jardunaldietan. Topaketak amaitzeko, memoria partekatuaz eginiko ibilbideari buruzko mahai inguru batean bildu ziren larunbatean alkateak: Aizpea Otaegi (Errenteria), Agustin Valdivia (Lasarte-Oria), Maider Lainez (Andoain), Ana Beitia (Elgoibar), Maria Ubarretxena (Arrasate) eta Miren Koldobike Olabide (Legazpi).
Errenteriakoa izan zen Memoria partekatu baterantz izeneko txosten bat landu zuen lehenbiziko udala, 2015ean, eta hurrenkera horretan hartu zuten hitza. Otaegik (EH Bildu) nabarmendu zuen Errenteria «erreferentziala» izan dela bizikidetzaren alorrean, eta, lana osatzeko bidea errepasatzearekin batera, haren baliagarritasuna nabarmendu zuen: «Giza eskubideen urraketak jaso dituzten pertsonak aitortzeko tresna bat da; udal politikak egiteko tresna bat. Enbor sendo bat da, adaxkak sorrarazi nahi dituena, fruituak eman nahi dituena».
Otaegik azaldu zuen txostena «prozesu baten» emaitza izan zela, eta horren irakaspenak zerrendatu zituen: «Erritmoak errespetatzea, pausorik ez saltatzea. Malguak izan behar dugu, eta prozesura egokitu».
Ideia batzuk errepikatzen dira alkate guztien ahotan; legealdi aldaketak herriz herriko bizikidetza mahaietan sortutako nolabaiteko etena, konfiantza giroa berrosatu beharra. Hitz egiteko erosotasunaren garrantzia azpimarratu zuen Valdiviak (PSE-EE): «Hasiera oso konplexua zen, inertzia handiak zeudelako. Hasierako erronka izan zen elkarrizketaren oinarriak ezartzea, atzerapausorik egon ez zedin». Gaur-gaurkoz, Lasarte-Oriako Elkarbizitza Mahaia ari da eremu horretan lanean, eta hiru ardatz ezarri zituzten: «Terrorismoaren biktimekin lan egitea, torturaz aritzea eta terrorismoaren beste biktima batzuekin lan egitea». Torturari buruzko txosten bat amaitzear da Euskal Kriminologia Institutua, udalak eskatuta, eta lantzen ari dira sakabanaketa politika ere: «Gainezka gaude, gauza asko eramaten ari gara mahaira; ziur aski, gogoa dugulako». Helburua da biktimekin «topaketa berrosatzaileak» egitea.
Elgoibarren, Errenteriako esperientzia ezagutu ondoren erabaki zuten bide hori lantzea, Beitiaren (EAJ) esanetan: «Oso xume hasi ginen: zinegotzi ginenak prestakuntza saio batzuk egiten hasi ginen, esperientziak konpartitzen. Legealdia aldatzean beste kontsentsu bat sortu zen, eta hasi zen Bizikidetza Mahai bat antolatzen». «Ausardiaz eta konbentzituta» ekin zioten, baina bidean topatutako zailtasun batzuei erreparatu zien Beitiak: «Legealdi berriarekin jende berria sartu da, eta kostatzen zaigu diskrezio eta konfiantza giro hori mantentzea. Geldialdi bat dagoenean, kostatzen zaigu hurrengo aurrerapausoa ematea; kostatzen zaigu gure siglen txapela kentzea».
Bilera «gogorrak eta biziak»
Lainezek (PSE-EE) 2015eko eta 2016ko hastapenak izan zituen gogoan: lehen bilera «gogorrak eta biziak» oroitzen ditu: «Oso zaila zen hitzak aukeratzea. Errespetuz hitz egin nahi genuen, baina, lengoaia eta hitzak aukeratzerakoan, gauzak asko aldatzen dira. Kostatzen zitzaigun inor ez mintzea, konfiantza puntuak sortzea». Hasiera hartan parte hartu zuten guztien «ausardia» nabarmendu zuen, baina «batez ere Ana Karrererena [alkate ohia]; aurrerapauso handia izan zen». Lainezen hitzetan, «abiapuntu bat» ezarri zuten: «Aurrerapausoak eman behar genituela, nahiz eta oso txikiak izan. Nahiago genuen pixkanaka joan, baina aurrerantz». Erronka gisa, berriz,«etorkizunera begiratzea» aipatu zuen: «Gazteen partaidetza oso garrantzitsua da, inoiz galdu gabe gertatu dena».
Solaskideekin bat etorri zen Ubarretxena (EAJ); «oso esperientzia polita» dela, baina baita «oso zaila» ere: «Haserretu egin ginen; mahaia utzi egin behar izan genuen hainbat hilabetez, baina berriro heldu ahal izan genion». Gogorarazi zuen Arrasaten Memoriaren Mahaia eratu izanak «kostu pertsonal handia» izan zuela abiatu zutenetako batzuentzat, eta horien «ausardia» goretsi zuen: «Lortu genuen gutxieneko batzuk adostea. Liburuak jasotzen ditu gertakizunak; adostu zen errelatorik ez jasotzea». Isilpean abiatu zuten egitasmoa, eta handik urte eta erdira atera zuten argitara. Oroitzapen ona du Ubarretxenak: «Bertigoa genuen, zer esango ote zuen jendeak, alderdikideek...Oso hunkigarria izan zen, alkate gisa oroituko dudan momentu politenetakoa».
Antzera mintzatu zen Olabide ere (EAJ): «Balorazio positiboa da, baina bidea ez da erraza». Sei udalerrietan txikiena da Legazpi, eta horri erreferentzia egin zion alkateak: «Legazpi herri txikia da; pentsa liteke, hemengo txikiena izanda, errazena izango zela. Kontrakoa da. Uste genuen herri lasaia zela gurea, baina isilpean eramandako sufrimendua egon da; sufrimendu handia egon da Legazpin ere». Irailean argitaratu asmo dute bertako giza eskubideen urraketei buruz lantzen ari diren txostena: «Egiak mindu egiten du, baina egin beharreko zerbait da. Inportantea da ikastea. Alboko biktima asko daude, eta horrelako prozesu bat egitean konturatzen zara horretaz».
Memoriaren plano hurbilak
Sei alkate batu dituzte, azaltzeko nola landu duten giza eskubideen urraketak oroitzeko prozesua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu