Memoriaren Eguna gogorarazi dute Eusko Legebiltzarrean

PP eta Vox ez beste alderdi guztiek hartu dute parte. Sakabanaketaren ondorioz hildakoak biktima gisa aitortzeko eskatu du Etxerat elkarteak.

Bakartxo Tejeria eta Imanol Pradales, lore eskaintzan. L. RICO / EFE
Bakartxo Tejeria eta Imanol Pradales, lore eskaintzan. L. RICO / EFE
jon ordonez garmendia
2024ko azaroaren 10a
12:20
Entzun

Eusko Legebiltzarrak Memoriaren Eguna gogorarazi du gaur. PP eta Voxe izan ezik, parlamentuan ordezkaritza duten beste alderdi guztiek hartu dute parte. Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidentea buru, Gauerdiko iparrorratza eskulturaren aurrean bildu dira, eta minutu bateko isilune bat egin dute. Eskulturaren ondoan, biktimak gogoratzeko su bat piztu dute. Legebiltzarreko ateak irekita egongo dira gaur herritarrak ere loreak uztera joan ahal izan daitezen.

Eusko Legebiltzarrak 2010etik gogorarazten du Memoriaren Eguna. Gaurko egunez ETAk ez zuelako inor hil aukeratu zuten egun hori. 2012tik estatuaren biktimak ere gogoratzen dira ekitaldian, eta, horregatik, PPk eta Voxek ez dute parte hartzen ekitaldian. EH Bilduk 2013an hartu zuen parte lehen aldiz.

Tejeriaz gain, ekitaldian izan dira Imanol Pradales lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkaria eta EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Sumarreko hainbat parlamentari. Pradalesek sare sozialetan gazteleraz partekatu duen mezu batean «memoria inklusibo, kritiko eta etiko bat eraikitzeko» konpromisoa adierazi du.

Legebiltzarreko gaurko ekitaldiaren ostean, Etxerat elkartea inguruan batu da sakabanaketaren ondorioz presoak bisitatzera joan behar izatean istripuz hil direnak ere biktima gisa aitor ditzatela eskatzeko. Naroa Hernandez bozeramaileak azaldu du ezinbestekoa dela hori, «gatazkaren konponbidean aurrera egiten jarraitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.