Atzera begiratu aurrera jarraitzeko izan zen Memoriaren Eguneko lelo nagusia, eta Bilbon egindako ekitaldian, gazteek memoriaren arloan egin beharreko ekarpenari erreparatu zion Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Gazteek ezagutzeko eskubidea dute, baita memoria eraikitzeko betebeharra ere. Herri honetan desberdin pentsatzeagatik hil zela jakiteko eskubidea dute. ETAren terrorismoa existitu zela eta estatu egiturak erabilita giza eskubideak urratu zirela jakin behar dute».
Gogora institutuaren egoitzan egindako ekitaldian, Jaurlaritzako hainbat kontseilari eta bake eta bizikidetza arloko ordezkari izan ziren, baina, pandemiaren eraginez, gonbidatu kopurua mugatua izan zen. Dena den, Aintzane Ezenarrok orain arteko bidean hainbat biktimak egindako lana eskertu zuen: «Haien elkarlanik gabe ez genukeen gaur egin dugun bidea egingo».
Gazteriari protagonismoa eman nahi izan diete aurtengoan, eta euren esperientziaren berri emateko eta gogoetetan parte hartzeko, Ainhize San Andres eta Joanes Atxa gonbidatu zituzten. Bi gazteok unibertsitate ikasketak egiten ari dira egun, baina duela bost urte euren ikastetxean ETAren eta GALen biktimen testigantzak entzun zituzten. San Andresen aburuz, aberasgarria izan zen. Gogoan du nola bi biktimek ikuspegi desberdina izanagatik emaitza bera helarazi zieten ikasleei: «Terrorismoak beren senitarteko batez gozatzeko aukera galarazi zien».
Joanes Atxak azpimarratu zuenurruneko kontu gisa zena «gertuko eta erreal» bilakatu zela. Baina memoria aktiboaren lanketan gazteek gehiago egiteko beharra azpimarratu zuen. Orain eta aurrerantzean memoria arakatzeko landuko diren proiektuen alde egin zuen: «Gazteon ekintzailetza honen alde apustu egingo nuke». Horretarako babesa ezinbestekoa dela deritzo.
Memoriaren Eguna
Memoriaren arloan gazteek ekarpenak egin behar dituztela azaldu du Urkulluk
Memoriaren Eguneko ekitaldi ofizialean, bi gaztek gogoeta egin dute aurrera begirakoaz eta zertarako balio izan dieten biktimen esanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu