Gasteizen ireki berri den Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren helburua ez da gatazkaren «ikuspegi oso» bat ematea, baizik eta «terrorismoaren biktimen errealitate bat jasotzea». Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak zehaztu du hori, zentroak ikuspegi partziala duela diotenen kritikei erantzuteko. ETAk, GALek, BVEk, Grapok eta jihadismoak hildako 1.463 biktima eta 4.977 zauritu oroitzen ditu zentroak, eta ETAren biktimak daude erdigunean. Espainiako Gobernuaren egitasmoa dela argitu du. Dena den, Euskadi Irratian onartu du Eusko Jaurlaritzak hiru ordezkari dituela patronatuan.
Kongresuak Terrorismoaren Biktimen Legea onartu zuen 2011n, aho batez, eta lege horretan jasotzen da «Euskadin biktimen omenezko egoitza bat» eraikitzea. Lege horretan du abiaburua egoitzak. «Terrorismoaren biktimak dira proiektu honen bizkarrezurra», esan du. Erkorekak onartu du desadostasunak izan direla bidean, Jaurlaritzaren bokazioa planteamendu zabalago bat delako, «memoria osatuago bat eraikitzeko». Horren adibide gisa, Gernikako Bakearen Museoa eta Gogora institutuaren zenbait egitasmo aipatu ditu. Bide horretan sakontzea da asmoa, sailburuaren arabera. Eta esan du Espainiako Gobernuak ere badituela beste egitasmo batzuk memoriarekin lotutakoak, Memoria Demokratikorako Lege proiektuari erreferentzia eginez.
Gorroto delitua
Bestetik, Erkorekak uste du fiskaltzak zerbait ikusiko zuela, eta horrexegatik onartu duela Ernaik Ertzaintzaren aurkako gorrotodeliturik egin ote duen ikertzea. «Delitua ez balitz ere, zilegi al da esplizituki gorrotoa adieraztea?», esan du, Jaurlaritzak auzitegietara jo izana justifikatzeko. Eta Ertzaintza defendatzen segitu du, azpimarratuz azken asteetan ez dela Ertzaintzaren aurkako «salaketa formal bat bera ere jarri». Iñaki Garcia Gasteizko PPko zinegotzi ohiaren aurkako erasoa ere izan du hizpide, eta esan du «halako jarrerekin» ezin dela normaltasun politikorik egon.
Horren harira, Gipuzkoako PPk adierazi du ordezkaritza daukan udalerrietan mozioak aurkeztuko dituela gaitzespena eskatzeko. Irunen eta Donostian aurkeztu dituzte jada, eta Donostiako EAk bat egin du mozioarekin, EH Bilduren eta Eba Blanco EAko idazkari nagusiaren ildoari aurka eginez. Blancok adierazi du «Gasteizko gertakari intoleranteak gogor salatzearekin batera», alderdi batzuek gertaera horiek politikoki erabili izana ere salatzen duela, EH Bildu «higatzea» baitute helburu.
Memorialak «biktimen errealitate bat» jasotzen du, Erkorekaren esanetan
Adierazi du memoria zabalago lantzea dela Jaurlaritzaren asmoa. Donostiako EAk Garciaren erasoa gaitzesteko mozioa onartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu