Foro Sozial Iraunkorrak urteroko batzarra egin du, gaur, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean, eta memoriaren auzian «blokeo fasea» gainditzera deitu du. Plataformaren arabera, horretarako beharrezkoa da «memoria poliedrikoa» eraikitzea, «kontakizun guztiak egin ahal izateko». Presoak eta biktimak «kontakizunaren batailatik» bereiztea positibotzat jo du.
Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesua hiru «korapilo» dauzka identifikatuta Foro Sozialak. Batetik, «biktimen arteko diskriminazioa amaitzea eta biktima guztiei dagozkien eskubideak bermatzea»; bestetik, euskal presoei ezarritako salbuespeneko espetxe politika «desaktibatzea»; eta hirugarrenik, hain zuzen, «memoria kritiko inklusiboa» eraikitzea.
Lehen bi korapiloei dagokienean, batzarrean ondorioztatu dute «adostasun politiko, instituzional, sindikal eta sozial nahikoa» egon direla aurrera egiteko, eta «konponbidearen norabidean» urratsak eman ahal izateko. Hirugarren korapiloak, ordea, «kezka» eragin du plataformako kideengan, «kontakizunaren batailak» sortu duelako «polarizazioa» eztabaida politiko eta mediatikoan.
Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala izeneko prozesua abian jarri zuen Foro Sozialak iazko urri erdialdean. Duela 11 egun jakinarazi zuen hori bigarren fasean sartu dela, eta herritarren ekarpenak jasoko dituztela.