Memoria Osoak salatu du Guardia Zibila omentzeak milaka biktima «umiliatzea eta birbiktimizatzea» dakarrela

Ekitaldi bat antolatu dute urriaren 12an, estatu indarkeriaren biktimak «ikusarazteko» eta haiei «ahotsa emateko». Bilera bana ere eskatu diete Maider Etxeberria Gasteizko alkateari eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari.

Memoria Osoa plataformak Gasteizen egin du agerraldia, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Memoria Osoa plataformak Gasteizen egin du agerraldia, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 4a
13:15
Entzun

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari Gasteizko urrezko domina emateak «diskriminazioa eta bazterketa» dakarren bezala, Guardia Zibilak urriaren 12an Gasteizen egin asmo duen ekitaldiak «umiliazioa eta birbiktimizazioa» dakar, Memoria Osoa plataformaren arabera. Izan ere, Gasteizen, Plaza Berrian egingo ditu Hispanitate Eguneko ospakizunak Guardia Zibilak. Estatu indarkeriaren biktimen elkarteak biltzen dituen taldeak salatu du, ordea, halako ekitaldiak «eraso zuzenak» direla haren bortxa jasan zutenentzat. Horrela gauzak, ekitaldi bat antolatu dute egun horretarako, Guardia Zibila goraipatuko duten bitartean, haren biktimak «ikusarazteko» eta haiei «ahotsa emateko».

Gasteizko Plaza Berrian egin dute ekitaldia goizean, Guardia Zibilak egin asmo duen desfilearen arbuioa adierazteko. Hedabideen aurrean agertu dira, hain zuzen ere, estatu bortxaren biktima batzuk: hala nola Martxelo Otamendi —Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari ohia eta torturak jasandakoa—, Axun Lasa —GALek 1983an hildako Joxean Lasaren arreba—, Unai Romano —Guardia Zibilak torturatu egin zuen 2001ean—, eta Pilar Garaialde —torturatua izan zen 1980an, Triple A taldeak bere aita Paulo Garaialde hil zuen 1982an eta berriki Gogora-ren zuzendaritza kontseilutik kanpo utzi dute—.

Salatu dute, egoera zuzendu ordez, instituzio publikoek biktimek pairatzen duten «diskriminazioa areagotzen» eta «birbiktimizazioa» eragiten jarraitzen dutela. Izan ere, iritzi diote Guardia Zibilak Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako ekitaldietan ordezkari politikoek parte hartzeak hura «omentzea» esan nahi duela, «giza eskubideen milaka urraketaren arduraduna», alegia. «Geuk pairatu dugun biolentziaren apologia eta gorespen ekintza argia dira, eta, aldi berean, eragindako minaren aitortzarik ez eta egin zigutenagatik erantzukizunik hartzea ere eskatzen ez zaion institutu armatu bera zuritzeko estrategia bat», gaitzetsi dute. Kasu horietako asko oraindik orain zigorgabe dirautela gogorarazi dute.

«Norabide aldaketa»

Uste dute horren atzean Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen, memoriaren eta biktimen arloetan izandako «norabide aldaketa» dagoela. Salatu dute gobernu berriak orain arte egindakoa ezerezean utzi nahi duela, eta gaitzetsi dute bizikidetza eraiki ordez «kontakizun bat inposatzera» bideratuago dagoen estrategiari heldu nahi izatea: «Egun batetik bestera ezabatu nahi dute azken hamar urteotan gehiengo sozialak ahalegin, ausardia eta itxaropen handiarekin eraikitakoa, agian ez daudelako prest gure biktima izaerarengandik ondorioztatzen diren erantzukizun penal eta politikoei aurre egiteko».

Memoria Osoa plataformaren ustez, erakundeen zeregina «berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioetan» oinarritu beharko litzateke. Hori dela eta, hausnarketa egiteko deia egin diete diete, eta eskatu diete «birbiktimizazioa sustatzeari» uzteko, eta mota edo profil ezberdineko biktimen artean dagoen «asimetria gainditzeko» bidean «erakunde eraginkor gisa» aktibatzeko. Hain zuzen, bilera bat eskatu diote bai Maider Etxebarria Gasteizko alkateari eta bai Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari, sentitzen dutena «aurrez aurre» adierazteko.

«Elkarbizitza esparrua termino demokratikoetan artikulatzea da partekatzen dugun erronka, eta horretan dabil herri honen gehiengo sozial, politiko, sindikal eta instituzionala», nabarmendu dute. Eta azpimarratu, gatazkaren konponbidean aurrera egin ahal izateko ezinbestekoak direla «elkarrizketa, adostasuna eta, batez ere, gure gizartearen aniztasunarekiko errespetua».

«Bizikidetza demokratikoa»

Estatu indarkeriaren biktimek gaitzetsi dute, giza eskubideen urraketen biktima gisa, beren iritzia «beriz ere» eztabaida publikora helarazteko beharra ikusi dutela. Izan ere, joan den abuztuan beste salaketa bat egin zuen plataformak. Gasteizko Udalak hiriaren urrezko domina Terrorismoaren Biktimen Zentroari emateko erabakia arbuiatu zuen orduko hartan, «bizikidetza eraikitzetik aldentzen» duela iritzita. Erabakiak «memorial horren fundazioak bultzatzen duen diskriminazioa eta bazterketa saritzea» dela salatu zuten, eta ohartarazi biktimenganako «umiliazioa eta erasoa» dakarrela.

Euskal Herriko garai historiko ezberdinetan biolentzia ugari izan dira, eta bortxa horiek eragindako biktimen artean estatuarenak ere badira, Memoria Osoa plataformak gogora ekarri duenez. Horregatik, azpimarratu dute «sentsibilitate eta iritzi guztiak erabat errespetatuz» adierazi nahi dutela Guardia Zibilaren ekintzen aurkako gaitzespena, baina aurrez aurre duten helburua alboratu gabe: «Bizikidetza demokratikoaren eraikuntza», alegia. Horregatik, eragile sozialei eta politikoei zein herritarrei urriaren 12an antolatu duten ekitaldira joateko dei egin diete, «biktimei zein beraien familiei babesa ematera eta haien mezua entzutera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.