Bizi izandakoa kontatuko dute. Horixe da dokumentalaren protagonistek dokumentalean erakutsiko dutena: «benetako errealitatea». Duela sei urte desegin zen BAK Bakearen Aldeko Koordinakundea, ETAk armak behin betiko utziko zituela iragarri ostean. Hala ere, Gogoan elkartea dokumental bat prestatzen ari da koordinakunde horrek egindako lana erakusteko asmoz. Proiektua aurrera eraman ahal izateko, finantzaketa kolektiborako kanpaina bat jarri dute martxan. Bilduak dituzte 26.000 euro inguru, baina ikus-entzunezkoan ahalik eta gastu gutxien izatea da asmoa. BAKeko partaide anonimoak izango dira protagonista, eta memoria eta historia uztartuko dituzte.
Euskal Herriak bizi zuen bortizkeriari aurre egiteko asmoz sortu zen BAK, 1985etik 2003ra arteko erantzun antolatu gisa. Fabian Laespada BAKeko bozeramaile izandakoak BERRIAri adierazi dio taldea«modu espontaneoan» sortu zela, indarkeriaren aurkako «giza mugimendu» gisa. Egun, Gogoan elkarteko kide da Laespada: «Edozein hilketa biolentoren aurka agertu nahi genuen plazan, ikusarazi nahi genuelako heriotza bortitz guztiak kondenatzen genituela, hildakoa edozein zelarik ere». Laespadak nabarmendu du hasiera-hasieratik gizartearen «sentsibilizazioa eta kontzientzia piztea» izan zela asmoa, betiere hastapen «bateratzaile eta pluralak» oinarri hartuta.
1985eko azaroaren 25ean sortu zen Bakearen Aldeko Koordinakundea, ETAren hilketak salatzeko elkarretaratze isilak eginez. Bilbon egin zuten lehenengo manifestazioa, Bakea zure esku dago goiburuarekin, eta, urte berean, Bakearen Aldeko Nazioarteko Martxa antolatu zuten. 1993an, ETAk bahituta zeukan Julio Iglesias Zamora ingeniari gipuzkoarraren askapena aldarrikatzeko xingola urdina proposatu eta zabaldu zuten, eta hainbat urtez ikur bihurtuko zen. «Xingola urdinen bidez erakutsi nahi genuen pertsona bat bahitzeak askatasuna kentzea dakarrela, eta horrek jendearen inplikazioa ekarri zuen». Azken urteetan hainbat manifestazio, kanpaina eta kontzentrazio antolatu zituzten, beste ekintza askoren artean, eta argi utzi zuten kalea «guztiena» zela. 2013ko ekainaren 1ean antolatu zuten itxiera ekitaldia, Lortu dugu lelopean.
BAKen inguruko zenbait hitzaldi egin ostean konturatu ziren «polita» izan zitekeela gizarteari erakustea hiritar anonimoak «beraien kabuz» proiektu bat aurrera eramateko gai izan zirela. Izan ere, Fabian Laespadaren hitzetan, BAKek egindako lana «ez dago baloratuta», eta «oso gutxi» jakin izan da haien inguruan.
Zauriak «zaindu» behar
Sei urteko etenari esker, denborak «ikuspuntu» jakin bat eman die BAKeko kideei. «Denborak ikusarazi digu jende asko dagoela aurrera begira, etorkizunera begira, baina uste dugu gertatutakoaren inguruko irakurraldi zintzoa egiten ez badugu iraganekoa berriro ere errepika daitekeela». Laespadak dio indarkeria erabili duen gizarteak zauriak «ondo zaindu eta sendatu» behar dituela berriro ere ez sortzeko. Hala ere, BAKeko bozeramaile izandakoak adierazi du «zortea» izan dutela, jendea «kontziente» izan delako indarkeria «erabat bidegabea» zela eta pertsonak hiltzea ez zelako «ekimen heroiko bat».
Dokumentala «datozen belaunaldiei begira» bideratzen dabiltza. «Iraganean zerbait oso larria gertatu da, eta, jende askoren axolagabekeriarekin, ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen da». Laespadak aitortu du proiektua pedagogikoki «oso interesgarria» izan daitekeela. «Historia hau oso potentea eta gogorra izan da, eta kontatu beharra dago». Izan ere, Laespadak dio kontatzen ez bada «egia partziala eta interesatua» geratuko dela etorkizunean.
Proiektua aurrera eraman ahal izateko bi lan «egiteko» dituztela nabarmendu du Laespadak: «Memoria eta historia uztartu nahi ditugu: historiari esker datu objektiboak eskuratuko ditugu, eta, memoriari esker, bakoitzak egoera hori nola bizitu zuen erakutsi nahi dugu». Gainera, «mozorrotuta» dagoen indarkeria politikoa «biluzi» beharra dagoela argi utzi du BAKeko bozeramaile izandakoak.
Dagoeneko elkarrizketa batzuk eginda dituzte, eta proiektuari itxura ematen hasi dira. Abendurako elkarrizketa guztiak eginda izatea da beraien helburua, eta udaberrirako ikus-entzunezko produktua prest izatea aurreikusten dute. Halere, horretarako ekarpenak jasotzen jarraitzea garrantzitsua dela diote —www.goteo.org/project/documental-sobre-gesto-por-la-paz estekan—. Era guztietako ekarpenak eskertzen dituzte; izan ere, «gutxi askorekin, asko» egiten ari dira.
Memoria osatzeko ariketa bat
BAKek euskal gizartean izan zuen eginkizuna erakusteko dokumental bat prestatzen ari da Gogoan elkartea. Proiektua garatu ahal izateko, finantzaketa kolektibo bat jarri dute abian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu