Memoria leku izendatu osteko urratsez galdetu dute Gernikan

Gernika Memoriaren Lekuko plataformak «behetik gorako memoria herritarra» aldarrikatu du

Gernikako bonbardaketaren 86. urteurreneko ekitaldi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gernika-Lumo (Bizkaia) memoria leku izendatzeak «balioa» baduela aitortu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Halere, izendapenaren osteko urratsek zalantza eragiten die: «Panel informatiboak jartzea ondo dago, baina memoria leku izendatzeak azalpen euskarriak jartzea dakar soilik? Zein memoria politika garatuko da haren bidez?». Gehitu dute Gernika memoria leku gisa «Euskal Herriaren markoan» kokatu behar dela. Izan ere, uste dute euskaldunei memoria legea eraikitzeko eskumena «ukatzen» zaiela. Eta galdetu dute ea izendapena, «bederen», Memoria Demokratikoaren Euskal Legea eratzeko pizgarri gisa baliatuko den.

Gernikako Udalari ere egin diote galdera: «Parte hartzeko eta erabakitzeko zer espazio bultzatuko dira?». Plataformaren ustez, «behetik gorako memoria herritarra» bultzatu behar da, eta herritarrek eta erakundeek «norabide horretan» egin beharko lukete lan. Orain arte memoria elkarteek egindako lanaren garrantzia ere goraipatu dute: «Horiek gabe, ez zen memoria demokratikoa deritzon legerik izango».

Herenegun iragarri zuen Espainiako Memoria Demokratikoaren Zuzendaritzak Gernika-Lumoko hirigunera zabalduko duela «memoria leku» izendapena. Izan ere, hasieran Batzar Etxera mugatu zuten izendatzea. Hori iragarri zuen Felix Bolaños Espainiako Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroak joan den apirilaren 26an, bonbardaketaren 86. urteurrenean. Zenbait euskal erakundek, ordea, ez zuten ontzat jo, eta alegazioak jarri zituzten.

Espainiako Memoria Demokratikoaren Legean aurreikusitako «memoria lekuen» inbentarioan ageri da jada «Gernika-Lumoko hirigunea», eta ez soilik Batzar Etxea. Izendapena hirigune osora zabaltzea «zentzuzkoagoa» dela uste dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.