Asko hitz egin da azken hilabetean Memoria Demokratikoaren Legeari buruz. Espainiako Kongresuan bozketa irabazteko, hainbat alderdirekin negoziatu behar izan dute PSOEk eta Unidas Podemosek, eta horien zuzenketak onartu behar izan dituzte. Legea onartu duten alderdiek akordioa goraipatu dute, eta 1936ko gerraren eta diktaduraren biktimen erreparaziorako balioko duela gehitu dute.
Mikel Legarda EAJko diputatuak esan du lege berriak erreparaziorako eta prebentziorako duen helburuaz gain helburu «etikoa» ere baduela, eta «berriro gerta daitezkeen akatsak» ez egiteko ere balioko duela. Hala ere, euskal erakundeei ez dizkiete itzuliko gerran eta diktaduran kendutako ondasunak, eta gehitu du horren alde borrokatzen jarraituko dutela.
Bel Pozueta EH Bilduko kideak adierazi du legea «beste pauso bat» dela frankismoaren milaka biktimei eta haien familiei justiziaren, egiaren eta erreparazioaren «zati bat» itzultzeko. Bide «luzea eta zailtasunez» betetakoa izan dela esan du, eta EH Bilduk legea aurrera ateratzeko izan duen prestasuna ere goraipatu du. Hala ere, «urrunago» iristea gustatuko litzaiekeela esan du Pozuetak, oraindik gauza batzuk ebazteko daudela argudiatuz.
Amnistia Legea ez baliogabetzearen inguruan ere mintzatu da Pozueta: «Onartu behar dugu ezin izan ditugula kendu justizia bermatzeko oztopo batzuk: 1977ko Amnistia Legea, esaterako».
PSOEko Valentin Garciak legea goratu du, eta nabarmendu du 1977ko Amnistia Legea trantsizio garaiko «gertaera gogoangarria» izan zela. PPren kritikei ere erantzun die Garciak, eta esan du Alianza Popular alderdia ez zela egon trantsizio garaiko itun garrantzitsuenen alde: «Trantsizioan alde ez baizik aurka egon zirenak, erreakzioaren eta aurrerapenaren artean dudak izan zituztenak ezin dira 44 urte beranduago trantsizioaren eta Amnistia Legearen jabe egin».
Unidas Podemoseko Enrique Fernando Santiagok esan du diktadura amaitu eta 47 urtera Espainiak Nazio Batuen Erakundearen aldarrikapenei erantzungo diela lege honekin, biktimen egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubideak bermatuz.
Mas Pais alderdiko buruak, Iñigo Errejonek, alderdi eskuindarren manipulazio saiakerak salatu ditu, eta ETAren biktimak erabiltzea egotzi die PPri eta Voxi.
Hala ere, ezkerreko alderdi guztiak ez daude gustura lege berriarekin, eta horren erakusgarri da ERC abstenitu izana. Errepublikazaleentzat, legeak ez ditu «zauriak ixten», 1977ko Amnistiaren Legea ez duelako baliogabetzen: «Oso zinikoa da biktimen ondorengooi sinistaraztea Amnistia Legea mantenduz justizia egingo dela», esan du Carolina Telechea i Lozano ERCko diputatuak.
PPk eta Voxek gogor egin dute azken asteetan legearen aurka. Izan ere, alderdi biei oso gaizki iruditu zaie PSOEk eta Unidas Podemosek EH Bildurekin negoziatzea memoria legea. Jaime Miguel Mateu PPko kideak gogor salatu du PSOEk eta Unidas Podemosek koalizio abertzalearekin lortu duten akordioa, eta «Bildu legea edo memoria totalitarioaren legea» deitu beharko litzatekeela adierazi du. Lege berria «talde armatu baten adar politikoarekin» adostea egotzi dio gobernuari, eta esan du Alberto Nuñez Feijoo Moncloara iristen bada baliorik gabe utziko dutela legea.
Memorialisten protesta
Kongresuan legeari buruz eztabaidatzen ari ziren bitartean, hainbat elkarte memorialistak protesta egin zuten kanpoan, frankismoaren inpunitatea amaiaraziko duen memoria lege bat aldarrikatzen.