GALi buruzko garaiaz ere mintzatu da Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria BERRIAk gaur argitaratu duen elkarrizketaren harira —ikus 8-9 orrialdeak—. Garai hartan, Beskoitzen (Lapurdi) bizi zen, baina Baionan egiten zuen lan abokatu gisa. «Gai horri biziki atxikia naiz. Gogoan dut atentatu horiek sortu zuten mina».
Gatazkaren konponbide prozesuan zehar Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin eta Frantziako Justizia ministroekin elkartu denean hizpide izan dute gaia. «Besteak beste, Mixel Berhoikoirigoinekin eta Anaiz Funosasekin joan izan naiz. Aldi oro aipatu diegu gaia bat bestearen ondotik gertatu diren ministroei. GALen gaia, eta Espainiako estatuaren erantzukizuna. Eta Frantziakoarena ere, erranez gai horien inguruan bazela gutxienez isileko adostasun bat, ezin gintuena axolagabe utzi». Berehala erantsi du ETAren biktimak ere gogoan dituela. «Baina biktimena ez da kontabilitate gai bat, Espainiako biktimen elkarteek kopuruak parekatuz adierazi izan didaten moduan».
Etxegarairen hitzetan, «historia hori idatzi beharko da, eta ez da erraza izanen idaztea». Anartean, memoria lantzen jarraitu behar dela erran du. Euskal Herrian eta Parisen egin izan diren bake foroetan gaia hizpidera ekarri izan dela ohartarazi du, «beharrezkoa» zitzaien kontakizun bat emanez. «Memoria lan horretan jarraitu behar da, ez da ahantzi behar».
Lasa eta Zabala 40. urteurrena. Baiona Ttipiko giroa
Memoria lantzen jarraitu behar dela erran du Etxegaraik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu