Memoria historikoaren erronkak mintzagai, Oroiteria jardunaldietan

Historialariak eta elkarte memorialistak bilduko ditu BERRIAk Martin Ugalde parkean, 'Oroiteria' gune berrituaren aurkezpenaren karietara

Oroiteria webgunearen hasiera orria. BERRIA.
Ion Orzaiz.
2016ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Iragan uztailaren 17an sareratu zuen BERRIAk Oroiteria izeneko proiektu multimedia, 1936an militarrek estatu kolpea eman zuten egun berean. Izan ere, «ahanzturaren eriak jotako oroimenaren biltegi» izateko sortu zen egitasmoa, Amagoia Iban kazetari eta proiektuaren koordinatzailearen esanetan. Orain, beste urrats bat egin dute webgunearen sortzaileek: lehendik ikusgai ziren zenbait atal osatu eta eduki berriak erantsi dituzte, 36ko gerraren eta gerraostearen erretratu zehatzagoa osatze aldera. «Gure iraganak gaur egunean daukan eraginaz jabetzeko tresna eskaini nahi genuke», laburbildu du Ibanek.

Oroiteria gunearen (www.berria.eus/oroiteria/) aurkezpena eginen dute heldu den astelehenean, 16:00etan, Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa). Aurkezpen soilaz harago, baina, oroimen historikoaren inguruan gogoeta egiteko aukera emanen du ekitaldiak. Hainbat historialari eta elkarte memorialistako kideak gonbidatu dituzte Oroiteria jardunaldietan parte hartzera, oroimen historikoaren orainaz eta geroaz hitz egiteko.

Zer egin behar dugu, bada, oroimenarekin? izeneko hitzaldia eskainiko du Emilio Majuelo historialari eta Nafarroako Memoria Berreskuratzen proiektuaren zuzendariak; horren ostean, Sin Piedad saiakera liburuaz hitz eginen du Fernando Mikelarena historialariak; eta bukatzeko, Memoria ekimen herritarrak: ekarpenak eta erronkak izenburuko mahai inguruan parte hartuko dute Donostiako Oroimen Historikoaren Kontseilu Sektorialeko kide Gotzon Garmendiak, Intxorta 1937 elkarteko kide Julia Mongek eta Lobak egitasmoko Hodei Muniozgurenek.

Izan ere, oroimenaren esparruan diharduten elkarte, plataforma eta eragileek alimaleko lana egin duten arren, erantzunik gabeko galdera asko gelditzen dira oraindik. «Zer egin behar dugu orain memoria historikoarekin? Zer da oroimena? Hobiak aurkitu eta errepresioa nozitu zutenen duintasuna berreskuratzea ezinbestekoa da, jakina, baina askoz zailagoa zaigu orduko biktimarioez hitz egitea», azaldu du Ibanek. «Bada garaia memoria osoa egiteko, eta horren inguruan ere hitz egingo dute jardunaldietara gonbidatu ditugun adituek».

Webgune berritua

Oroiteria webgunean sartu bezain pronto, esaldi bat ikusiko du bisitariak: 36ko gure gerra zergatik datzan ganbaratik ateratzeko zorian. Hitz horiek osatzen dituzte guneko atalen izenburuak. Gehienak ikusgai ziren uztailaren 17an webgunea sareratu zenetik, baina azkena falta zen: Ateratzeko zorian izenekoa, alegia.Hain zuzen, webgunea «gaurkotuko» duen atala izanen da hori, Ibanen esanetan: «Gaur egun, oroimenaren berreskuratze lanek pil-pilean segitzen dute. Horregatik, Ateratzeko zorian atalean azalduko dira memoria historikoari lotutako albiste guztiak». Horrez gainera, elkarte memorialisten zerrenda bat eta artxibategien beste bat ere topatuko ditu bisitariak. «Abiapuntu bat eskaini nahi diogu informazio gehiago aurkitu nahi duenari». Finean, «memoria berreskuratzeko lanean ari diren eragileen lanak ezagutarazteko eta esperientziak trukatzeko plaza» sortu nahi dute Oroiteria gunearen arduradunek.

Ibanen irudiko, belaunaldi berriak ere gogoan izan dituzte egitasmoa ontzean, bai edukiei, bai diseinuari dagokionez: «Irudien, hitzen, doinuen uztarketa lagun, berena ere baden historian bidaiatzera gonbidatu nahi ditugu». Horregatik landu dute bisitaria murgiltzeko diseinua. Nabigazio bertikala eta horizontala erabili dute, esploratzeko aukera ematen duena, eta, batez ere, «giro bat» sortzen duena.

Aholkulari talde zabala izan dute gunea osatzeko: tartean, Iosu Chueca, Iñaki Egaña, Iñaki Goiogana, Jimi Jimenez, Emilio Majuelo eta Fernando Mendiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.