Jon Maia. 'Aurkituko gaituzuenoi' ikuskizunaren zuzendaria

«Memoria historikoa, etorkizunik gabe, fosil bat da»

Maiarentzat garaipen bat da «gertakizunen leku berean, 500 urteren ondoren, haiek hitz egiten zuten hizkuntza berean» kontakizuna egitea.

ANDONI CANALLEDA / FOKU.
inaut matauko rada
Zumaia
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Amaiurko (Nafarroa) setiotik 500 urte igaro berri dira, eta abuztuaren 6an ikuskizun bat egingo dute gazteluaren magalean. Jon Maia da emankizunaren zuzendaria (Urretxu, Gipuzkoa, 1972, eta ilusio handiz hartu du lana, Amaiurrekin «konexio bat» baitu.

Nola doaz ikuskizunaren prestalanak?

Gero eta intentsoago. Dena zehaztu behar da oraindik. Hainbat eszena izango ditu ikuskizunak, aktuazio ezberdinak, gai ezberdinekin, eta bakoitza berea lantzen ari da.

Ikuskizun multidiziplinarra izango da?

Bai, diziplina asko nahastuko dira. Dantzariak egongo dira, bideo bat proiektatuko dugu, moda desfile bat ere egongo da, nagusien eta umeen koru bana egongo dira, Joseba Irazoki, Olaia Intziarte eta Aire ahizpak ere bertan izango ditugu, Gorka Hermosa soinu jolea, eta abar. 70 artista baino gehiago izango dira guztira.

Nolakoa izango da ikuskizuna?

Ez da izango oholtzan bakarrik gertatzen den zerbait; ez da izango ohiko ikuskizun bat, gauza bat bestearen atzetik. Hainbat espazio erabiliko dira, Amaiurko gaztelupeko zelai batean. Niretzat oso sinbolikoa da hori; gertakizunen leku berean, 500 urteren ondoren, haiek hitz egiten zuten hizkuntza berean guk kontakizuna egitea, niretzat garaipen bat da.

Oso inplikatuta zaude. Zure egiten duzu gaia?

Sentitzen dut aukera bat dela nire bisioa emateko. Ez dut inoiz horrelako ikuskizunik zuzendu, baina erronka moduan hartu dut, ilusio berezi batekin, azken finean badakidalako oso ekitaldi sinbolikoa dela.

Bestalde, ilusio handia egin dit Amaiurko herriak lana niri eskaintzeak. Kontu honek ere badu bere anekdota; izan ere, nire abizena Maia izanik, hau da, Amaiurren antzinako izenetako bat izanik (Maia, Maiur, Amaiur), beti sentitu izan dut konexio bat Amaiurrekin. Gu kanpotik etorritako familia bat gara, eta oso berezia da izen bera duen herri bat egotea, eta hain herri sinbolikoa izatea. Bizitzak gure bideak gurutzatu ditu. Behin esan nien: «Banekien noizbait zerbait egingo nuela Amaiurren».

Aurkituko gaituzuenoi du izena ikuskizunak. Zergatik?

Amaiur entzuten dugunean, Aranzadi elkarteak azken hogei urteetan egin dituen indusketak etortzen zaizkigu burura. Indusketek bistara atera dute apenas ezagutzen genuen unibertso bat, gazteluaren unibertso hori. Hainbat objektu aurkitu dira, eta xehetasun asko ematen dizkigute haien bizitzari buruz: kanoi bolak, ezpatak, zeramikak... denetarik. Duela 500 urteko euskaldun haiek nola zeuden eta zer ziren esaten digute oraingo arkeologoek, eta nik planteatu dudana da zer esango duten gutaz 500 urte barruko arkeologoek. Horregatik du izen Aurkituko gaituzuenoi.

Horrelako oroimen ekitaldiak iraganera begira egin ohi dira, baina hemen iragana, oraina eta etorkizuna uztartzen dira. Zer dela eta?

Niri memoria historikotik gehien interesatzen zaidana etorkizuna da. Memoria historikoa, etorkizunik gabe, fosil bat da. Iraganari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena etorkizun bat bermatzea da, segida bat ematea historiari. Izan gara menperatu, menperatzaile; izan gara erresuma, departamendu, errepublika, autonomia erkidego. Denetik izan gara, eta denetik izango gara. Baina hor badago zerbait, 500 urteren ondoren, bizirik jarraitzen duena, gertakizun historiko guztien gainetik edo azpitik. Eta hori da eten behar ez dena.

Nola irudikatzen duzu 500 urte barruko Euskal Herria?

Batek daki. Auskalo klima, auskalo munduko ordena zein izango den. Baina gauza bat garbi dago: kultura eta hizkuntza asko desagertu dira milaka urte hauetan mundu osoan, baina gu ez. Denetarik gertatu zaigu, denetarik egin digute, eta guk ere denetarik egin dugu, ondo eta gaizki, baina bizirik gaude. 500 urte barru, nik espero dut bizirik jarraitzea.

Kontziente izan behar dugu gure orainaz, etorkizunean bizirik jarraitu dezagun. Orain egiten dugunak bermatuko du edo hondoratuko du gure geroa. Horren kontzientzia edukitzea da nire planteamendu artistikoaren muina.

Ikusi gehiago:Azken guda dantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.