Memoria Gara-k ohartarazi du Martxoaren 3ko ondarea galtzeko zorian dagoela

Gasteizko San Frantzisko eliza «egoera kritikoan» dagoela salatu du elkarte memorialistak. Fundazioak bizkor ibili behar duela esan du.

Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek egoitza berria dute, San Frantzisko elizaren alboan. Bertan egin dute prentsaurrekoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek egoitza berria dute, San Frantzisko elizaren alboan. Bertan egin dute prentsaurrekoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko otsailaren 25a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Alarma piztu du Memoria Gara elkarteak; izan ere Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zen eliza, San Frantzisko eliza, erortzen ari dela dio, eta ondarea galtzeko arriskua dagoela. «Elizaren egoera oso larria da, tamalgarria», deskribatu du Martxoak 3 elkarteko Nerea Martinez Aranburuzabalak, gaur goizean egindako prentsa agerraldian. Teilatua eta sabai leihoa behera jausteko zorian daudela zehaztu du, eta, ondorioz, duela 49 urteko bala markak desagertu egingo liratekeela abisatu du.

Lanerako deia egin du. «Ez dago denborarik galtzeko. Egoera kritikoa da». Alde batetik, azterketa topografikoa egiteko eskatu dute, eraikinean dauden aztarna historiko guztiak katalogatzeko. Bestetik, eliza inguratzen duen belardian azterketa arkeologikoa egin nahi dute. Garai batean zulo bat zegoen bertan, eta uste dute lurraren azpian egun hartako materiala dagoela.

Aurreko astean Maider Etxebarria Gasteizko alkateak BERRIAri esan zion «baliabideek egoera onean» egon behar dutela, eta horretarako egin beharreko lanak zerrendatzeko prest dagoela. Elkarte memorialistek, ordea, diote «aspaldi» eman zietela administrazioei abisua: «Duela bi urte egin beharreko lanen aurrekontu bat ere zehaztu genuen. Zaharkitua gelditu da jada, beharrak askoz ere handiagoak direlako».

Bateko eta besteko, abandonatuta gelditu da San Frantzisko. Administrazioek diote eraikinaren jabea gotzaindegia dela, eta haren ardura dela mantentzea. Haiek, baina, argudiatu dute Martxoaren 3ko Memoriala fundazioari eman ziotela eraikina. Elkarte memorialistak, bitartean, nahi eta ezin. «Beharbada Elizak ez zuen bere gain hartu behar kostua? Agian administrazioak hartu behar zuen bere gain nahiz eta oraindik Elizarena izan? Ez dakit. Errudunak nortzuk diren ez zaigu asko axola. Kontua da jabetzaren arazo burokratiko horrek eragin duela denek utzikeriaz jokatu izana».

Auzolana

Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan kokatuko da oroimenezko zentroa. Edukiz betetzeko, ahalik eta ondare handiena pilatu nahi dute. Horretarako, Memoria Gara-k M3moria auzolana izeneko proiektu bat abiatu du. «Memoria Gara-n beti pentsatu izan dugu zentro hau jendearekin egin behar dela, eta herriak parte hartu behar duela. Memoria ez da homogeneoa, eta bakoitzak bere erara bizi izan zuen. Horregatik prestatu nahi dugu auzolan hau, nahi duena bertaratzeko eta 1976ko martxoaren 3a zelan bizi izan zuen azaltzeko, baita zenbait objektu eman al izateko ere», kontatu du Julen Daz de Argote Memoria Gara-ko kideak.

Ez dituzte soilik Martxoaren 3ko sarraskiarekin zerikusia duten objektuak nahi: garai hartako bizi eta lan baldintzak ulertzeko baliagarria izan daitekeen edozein material daukate begiz jota: laneko arropak, emakumeak manifestatu ziren poltsa hutsak, nominak, eskuorriak, maletak...

Ondare immateriala biltzeko lanetan ere ari dira. Azken urteetan 70 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte, eta beste hogei elkarrizketatu posible identifikatuak dituzte. Mahai inguruak ere antolatu dituzte, auzoz auzo, Gasteizko beste toki batzuetan gertakariak nola bizi izan ziren jakiteko.

Poliziari, bakerako deia

Hainbat elkarte memorialistak eta sindikatuk mobilizazioak egingo dituzte astelehenean. San Frantzisko elizaren atarian lore eskaintza egingo dute biktimen omenez, eta manifestazioan joango dira katedral berriraino. Han izan ziren hildako bost beharginen hileta elizkizunak. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete: «Egindako manifestazio jendetsuengatik lortu ditugu lortutako aurrerapausoak eta babes instituzionala».
Istilurik ez dutela nahi azpimarratu du Nerea Martinezek, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari eskatu dio bermatu dezala Poliziak arduraz jokatuko duela. «Ertzaintzak baditu baliabideak beste era batera jokatzeko. Oso mingarria da polizia indarkeria errepikatzea».

Andoni Txasko Memoria Gara elkarteko kideak gogorarazi du Martxoak 3 Memoriala fundazioa hiru helbururekin sortu zela: egia, aitortza eta justizia lortzeko. Lehen puntuan «aurrerapauso garrantzitsuak» eman direla eta, gustura agertu da. «Azken urteetan ikerketa asko egin dira gertatutakoa zehatz-mehatz jakiteko». Kontrara, salatu du biktimek ez dutela jaso aitortzarik eta justiziarik. «Bi biktima mota gaude. Indarkeria estatutik badator, ez dago erreparaziorik».

Justizia penala eskatu dute, eta sarraskiarekin zerikusia izan zuten politikariak eta poliziak epaitzea. «Ez da posible izan», atsekabetu da Txasko. «Fiskalak esan zigun ez zegoela ezer egiterik». Kereilak ez onartzeko, preskribatuta edo amnistiatuta daudela arrazoitzen ari dira, eta kasu batzuetan dagoeneko epaituak izan direla ere justifikatu dute epaitegiek. «Lotsagarria iruditzen zaigu. Horregatik, berariazko beste eskaera bat egin dugu 1976. urtean zabaldutako sumarioa bertan behera utz dezaten, memoria legeen bidez».

Fiskalak proposatu die egia judiziala ezarri dezakeen ikerketa bat abiaraztea. Kontatu dute jada egin dutela horretarako eskaera, eta fiskalak hasi dituela eginbideak. Memoria Gara-k justiziaren esku utzi du urtetan bildutako dokumentazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.