Memoria Gara-k migrazio prozesuak aztertuko ditu jardunaldi batzuetan

Migrazio fenomenoari buruzko «begirada globala» eskaini nahi dute, bizipen ezberdinen bitartez. Hilaren 7tik 9ra egingo dituzte jardunaldiak, Gasteizen.

Memoria Gara-k gaur aurkeztu ditu jardunaldiak, Gasteizen. MEMORIA GARA
edurne begiristain
2023ko otsailaren 1a
15:28
Entzun

Memoria Gara elkarteak «atzoko eta gaurko migrazio prozesuak» aztertuko ditu hilaren 7an, 8an eta 9an egingo dituen jardunaldietan, Gasteizen. Iraganean emigratu zutenen eta gaur egun emigratzen dutenen arteko elkarrizketa bat proposatu nahi du elkarteak jardunaldietan. Juan Ibarrondo elkarteko kideak azaldu duenez, krisi global nahasiaren barruan, migrazio fenomenoari buruzko «begirada globala» eskaini nahi dute.

Horretarako, jardunaldietara gonbidatu dituzte Raul Zibechi Uruguaiko analista ospetsua, Javier Barbero EHUko irakasle eta aditua eta Amparo Las Heras idazle eta aktibista. Hiru adituek otsailaren 7ko mahai inguruan parte hartuko dute, Aldabe Gizarte Etxean.

Hurrengo egunean eta toki berean, Gasteizko migranteen egoera aztertuko dute, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako memorian oinarrituta. Solaskideak hurrengoak izango dira: Rosabel Argote Zehar Errefuxiatuekin elkarteko kidea, Aritza Saez del Castillo historialaria, Tania Cañas abokatua eta Zuriñe Rodriguez kazetaria.

Hilaren 8an emango diete amaiera jardunaldiei, kantaldi batekin. El Malik afrikar abeslariak, Jon Maia eta Paula Amilburu bertsolariek eta Gorka Etxebarria kantautoreak eskainiko dute ikuskizuna, Extremadurako Etxean –doan izango da–.

Jardunaldiak testuinguruan jartzen, migrazio prozesuez mintzatu da Ibarrondo gaurko agerraldian. Azaldu du XX.mendearen bigarren erdialdean Espainiako hainbat tokitatik iritsi ziren pertsonek «diskriminazio bikoitza» pairatu zutela: jatorriagatik eta klaseagatik. «Jende horiei mespretxuz deitu zitzaien korearrak, eta sindikatu bakarreko eta gobernu diktatorialeko erregimen autoritario batek zaindutako lan esplotazioa jasan zuten», gogorarazi du. Hala ere, azpimarratu du zeregin oso inportantea izan zutela 1976ko martxoko borroketan. Gaur egun, ia 50 urte geroago, beste herrialde batzuetatik Gasteizera lan egitera eta bizitzera datozenak, orduan bezala, «berriz ere diskriminazioak» jasaten dituztela salatu du: «Diskriminazio horiek ezberdinak dira, baina mingarriak bezain bidegabeak dira etxebizitza eskuratzeari, beren bizitzak legeztatzeari, lan esplotazioari eta arrazakeriari dagokienez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.