Memoria gaietan norabidez aldatzea ezinbestekoa da, Eneko Anduezaren hitzetan. PSE-EEko idazkari nagusia oso kritiko azaldu da Aintzane Ezenarroren gidaritzapean jeltzaleek Gogora institutuaren bidez egin duten kudeaketarekin. Adierazi du «aniztasuna» falta izan zaiola memoria institutuari zenbaitetan, eta erabaki batzuetan «lerratuta» egotea egotzi dio: «Gure historiaren ikuspegian joera bat nabaritu da».
Kazetarien galderei erantzunez, Anduezak esan du «pluraltasuna» bermatzea eta iraganaren «kontakizun erreala» egitea izan behar dutela Gogora-ren helburuak. Eta nabarmendu du jeltzaleen gidaritzapean ez dela hala izan: «Askotan, biktimei buruz hitz egiten dugu, baina ez biktimarioei buruz, eta haiek sortu izan dute min hori guztia».
Horregatik, uste du beharrezkoa zela bizikidetzari lotutako bulegoa eskuz aldatzea eta «ziklo berri bat» abiatzea, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak adierazi bezala. Izan ere, EAJren esku zegoen lehen, eta PSE-EEren esku geldituko da orain, Imanol Pradales lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzan.
Alberto Alonso legebiltzarkide sozialistak hartuko du Gogora-ren ardura. Bada, PSEren idazkari nagusiak uste du Alonsoren gidaritzapean bermatuta egongo dela orain arte falta izan zaion aniztasun hori.
Zalantzak Voxekin
Portugaleten (Bizkaia) egin ditu adierazpenok Anduezak, Maria Jose Blanco alkate izendatzeko osoko bilkuraren atarian. 2008tik karguan zen Mikel Torresen lekua hartuko du Blancok, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu izendatu baitute hura.
Anduezak zalantza agertu du, halaber, lehendakariak Voxekin ez elkartzea erabaki duela eta. Sozialisten idazkari nagusiaren ustez, erabaki horrek, eskuin muturreko alderdiari merezi ez duen lekua emateaz gain, biktima rola ere eman diezaioke. Edonola ere, argi utzi du Voxekin «ezer gutxi» duela egiteko Jaurlaritzak.