Hamar urte inguru igaro dira Euskal Herriko zenbait udalerritan memoria eta bizikidetza sustatzeko prozesuak lantzen hasi zirenetik, ETAk 2011ko urrian bere ibilbidearen bukaera iragarri ostean sortutako egoera berriaren abaroan. Zenbaitetan, lan hori zalaparta handirik atera gabe egin da, tokian tokiko dinamikei lehentasuna emanez, arreta mediatikoaren fokuetatik urrun. Tarteka, baina, lan isil horren emaitza argitara ateratzen da, eta horren adibide dira zenbait herritan antolatu diren ekitaldiak edo memoriaren inguruko txosten eta liburuen argitalpena. Eta batzuetan, Euskal Herriko egoera politikoa inarrosten duten tirabira eta polemikek alor hori ere zipriztintzen dute, bizikidetzaren bidean oraindik zeregin franko badagoela erakutsiz.
Eremu horretan bi arlo desberdin atzeman daitezke, elkarri estu lotuta dauden arren: memoriarena eta bizikidetzarena. Azken horri dagokionez, eta lehenengo ahaleginak lehenagokoak badira ere, lanak bultzada handia hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013an horri buruzko lehenengo programa abian jarri zuenean, Bizikidetza Sustatzen izenpean. Programa horretan diru laguntza batzuk aurreikusten ziren horrelako egitasmoak abiarazi nahi zituzten udalerrientzat.
Geroztik aldundiaren zuzendaritza politikoan aldaketak egon badira ere, programak gaur arte iraun du, orain Bizikidetza Lantzen izenburuaz. Azken deialdian, 2022koan, hemezortzi udalerri agertzen dira, memoria eta bizikidetzaren inguruko askotariko programak lantzeko diru laguntza jaso dutenak. Orotara, azken hamarkadan Gipuzkoako 28 herritan egin dira horrelakoak.
Zenbait udalerrik Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren laguntza ere jasotzen dute. Edonola ere, Gipuzkoako Aldundiarena da bultzada nagusia, eta beharbada horrek azaltzen du zergatik horrelako ekinbide ia guztiak Gipuzkoan garatu diren.
Gipuzkoan hiru eragile aritzen dira udalerrietako bizikidetza planetan laguntzen eta dinamizatzen: Berbari Lekua, Baketik fundazioa eta Bakeola. Aitziber Blanco (Bilbo, 1972) Berbariren izenean aritzen da: «Gainerako herrialdeetan ere zenbait udalerri ari dira antzeko prozesuak lantzen, baina ez dago aldundien aldetik horrelako egituratze instituzionalik».
Esperientzien aniztasuna
Udalerri bakoitza mundu bat da, eta bere dinamika propioa du, herri bakoitzaren historiaren, soziologiaren eta udalaren osaketaren arabera. Beraz, esperientzien aniztasuna da ezaugarririk behinena. Baina herri gehienetan bi errealitate nabarmendu daitezke: alde batetik, udal ordezkariek osatzen duten mahai politikoa, gaiaz eztabaidatzeko, esperientzien berri emateko elkarri, eta, egoki iritziz gero, zenbait ekinbide aurrera eramateko. Eta, beste aldetik, herritarrek osatutako talde edo foroak daude.
«Gehienetan, bultzada udaletik dator», azaldu du Blancok, «eta lehenengo urratsa izaten da alderdi guztiekin hitz egitea eta prozesua martxan jartzeko borondaterik ote dagoen aztertzea. Baina beste kasu batzuetan prozesua herriaren ekimenez abiatu da: herritarrek foro bat sortu dute, non aniztasunik zabalena lortzen saiatu diren, lanean hasi dira, eta jarduera horrek ekarri du udal ordezkariek ikustea hor badagoela beharrizan bat eta erantzun egin behar diotela. Ibilbideak oso desberdinak dira, baina, oro har, herritarren foroak dauden herrietan politikarien elkarrizketarako gunea ere egoten da normalean, baina gune politiko hori dagoen guztietan ez daude herritarren elkarguneak».
Ikusi gehiago:«Iragan traumatiko bat gainditzeko, zer gertatu zen jakin beharra dago»
Maialen Maraña (Donostia, 1981) Baketik fundaziokoa da. Dioenez, Gipuzkoako Aldundiak bere programa abian jarri aurretik ere hasi ziren gaia zenbait udalerritan lantzen, eta gaur egun Gipuzkoako bederatzi herritan aritzen dira: «Bizkaiko zenbait herritan ere hasi ginen, baina azkenean egitasmoak aurrera egin du soilik programa egon den lekuetan, hau da, Gipuzkoan. Nik behintzat egokitzat joko nuke beste herrialdeetako erakundeek ere apustu hori egitea. Guztiz gomendagarria iruditzen zait».
Marañak ere esperientzien aniztasuna nabarmendu du: «Hasteko, ez dira gauza bera prozesuari 2013an ekin ziotenak edo 2020an ekin diotenak: hasierakoak apurka-apurka hasi ziren bidea egiten, eta besteek, berriz, aurrekoen esperientzia baliatu ahal izan dute».
Hala ere, antzekotasunak ere badaudela deritzo, eta aipatutakoa da esanguratsuena, hau da, lana bi esparrutan egiten dela: udal ordezkariek osatutako mahai politikoan eta herritarren foroetan: «Mahai politikoan ordezkaritza duten alderdiak daude, baina alderdi bakoitzeko pertsona bat edo bi egoten dira, hau da, ez da bakoitzak duen ordezkaritzaren arabera antolatutako mahaia, eta, beraz, hauteskundeetako gehiengoen eta gutxiengoen logika hori apurtzen da».
Marañaren ustez, elkarrizketarako gune politiko horren garrantzia handia da: «Adibidez, azkenaldi honetan hauteskundeen atarian egon diren tentsio batzuk ikusita, mahai politikoa eratuta zeukaten udalerrietan erantzuna oso desberdina izan da, han bazegoelako erabakiak horizontalki hartzeko gune bat. Horrelakorik ez duten herrietan zailagoa da. Honekin ez dut esan nahi mahai politiko horiek ezeren bermea direnik edo bide bakarra denik, baina egia da udalerri horietan beste logika bat dagoela, lan egiteko modu bat erakutsi dutela, eta aurrerapauso nabarmenak eman dituztela biktimen aitortzan, memoriaren lanketan eta beste zenbait prozesutan».
Blancok uste du gune politiko horiek aukera ematen dietela ordezkariei alderdien jarrera ofizialetatik aldentzeko, beti posible ez bada ere: «Badakigu zein den alderdi bakoitzaren jarrera, hor daude, baina gune horietan maila pertsonalean hurbilketa egoten da, eta besteen posizionamendu politikoak ulertzeko aukera gehiago dago. Norberaren ideologiari uko egin gabe, posizionamendu politikoetatik haragoko mugimenduak aztertzeko aukera ematen du horrek. Urrats guztiak adostasunez egiten dira, eta adostasun horretara hurbiltzeko beharrezkoa da bestea entzutea eta ulertzen saiatzea; beharbada prozesu horretan ez dugu nahi dugun guztia lortuko, baina baldintzak sortu ditugu etorkizunean bestelako pausoak emateko».
Herritarren foroei dagokienez, alor horretan ere aniztasun handia dago, baina kasu guztietan taldea osatzen duten herritarrek horretan parte hartzen dute hala erabaki dutelako: «Parte hartzea guztiz borondatezkoa da, eta ez da nahitaez bilatzen joera guztietako edo adin guztietako jendea egotea», Marañak azaldu duenez.
Mahai politikoa osatzen duten ordezkarien artean badaude atentatuak, jazarpena edo torturak jasandakoak. Herritarren foroetan, aldiz, ez da oso ohikoa biktimek ere parte hartzea, kasu batzuk badauden arren. Baina Marañak dioenez, herritarren talde horietako askok lortu dute «biktimekin eta sufritu duten pertsonekin oso dinamika politak sortzea».
Memoria ere langai
Bizikidetza ez ezik, memoria ere landu izan da udalerri askotan. Blancok dioen moduan, beharrezkoa da «sufrimendu esparruak identifikatu eta egindako urraketa guztiak» jasotzea. «Memoria ariketek zauriak sendatzen eta leuntzen laguntzen dute, erreparazio sozialerako ere baliagarriak izaten dira, eta lagungarri suertatzen dira udalak bultzatutako aitortza ekitaldiak antolatzerakoan».
Gertatutakoa ikertu eta jasotzeko prozesuak 2014an hasi ziren, eta lehenengo emaitza 2015ean kaleratu zen: Argituz elkarteak Errenterian (Gipuzkoa) egindako txostena. Geroztik, hogei bat herritan egin dira antzeko lanak, normalean Argituz eta Aranzadi elkarteen eskutik. Azken horrek 2015ean ekin zion estreinako ikerketari, Azpeitian (Gipuzkoa), eta hiru urte geroago argitaratu zuen horren inguruko lana.
2018ko ekainean, berriz, Gogora institutuak zenbait irizpide ezarri zituen udalerrietako memoria ikerketa horiek egiteko. Hiru dira nagusiak: ez baztertu «terrorismo, indarkeria edo giza eskubideen urraketa bat ere, ez eta horien biktima bakar bat ere»; indarkeria «ez legitimatu»; eta gertatutakoari «ez garrantzirik kendu».
Ikusi gehiago:Aitortzarako bidea Nafarroan
Javier Buces historialaria (Sevilla, 1982) Aranzadi elkartean aritzen da. Dioenez, udalerrietan normalean bizikidetzaren arloko lanari ekiten diote lehenbizi, eta geroago iristen da memoriari buruzko ikerketa egiteko erabakia: «Bizikidetza mahaia aldez aurretik eratuta egoteak lana asko errazten du, arazoren bat sortzen bada badaudelako tresnak mahai baten inguruan eseri eta konpontzeko».
Lanaren tamaina alda daiteke herriaren arabera, baina, normalean, ikerlariek pare bat urte ematen dute herri horretan gertatutako urraketei buruzko informazioa biltzen: «Kasu guztiak ikertzen ditugu: hemerotekara jotzen dugu, dokumentazioa bilatzen dugu eta, posible bada, testigantzak ere bitzen ditugu. Historialariontzat oso inportantea da froga, hau da, zergatik esaten dugun pertsona horrek eskubide urraketa bat pairatu duela. Froga horiek agirietan oinarrituta egon daitezke, edo testigantzetan. Pertsonari baino gehiago, eskubide urraketari erreparatzen diogu, baina pertsona horren rola ez dugu ezkutatzen: urraketa pairatu duena ETAko kidea izan bada, edo guardia zibila, edo dena delakoa, informazio hori ere jasotzen dugu».
Lana ez da beti erraza izaten, eta urraketetan dagoen «asimetria» da horren arrazoietako bat, Bucesen esanetan: «Biktima batzuen inguruko informazioa lortzeko iturriak badaude, baina beste batzuen kasuan artxiboetara jotzeko zailtasun guztiak ditugu. Adibidez, Oiartzungo [Gipuzkoa] mediku Esteban Muruetagoienaren kasuan denbora luzea daramagu atxilotuta egon zeneko dokumentazioa eskatzen, baina hori ezkutatu egiten da. Egia lortzeko asimetria handia dago».
Beste arazo bat da urraketa batzuen inguruko agiririk ez dagoela eta, ezinbestean, ahozko iturrietara jo behar dela informazio bila: «Torturen kasu gehienetan, adibidez, biktimaren eta senitartekoen testigantzak baino ez daude. Estortsio ekonomikoaren kasu gehienetan ere ez dago froga dokumentalik, biktimak eskutitza bota zuelako edo mehatxua telefonoz jaso zuelako».
Ikusi gehiago:Hurbiletik eraikitzeko
Zailtasunak zailtasun, Bucesek uste du lanak «fruituak» eman dituela: «Kasu guztietan lortu dugu gertatutakoaren erradiografia osatzea eta biktimen artean dagoen aniztasuna jasotzea». Zenbaitetan, ordura arte argitu gabe zeuden kasuak ere argitu dituzte: hala izan zen, esaterako, Txabi Etxebarrietaren hilketaren inguruko ikerketan.
Ikerketa egindakoan amaitzen da ikerlarien lana: «Guk erradiografia bat osatzen dugu: herri horretan nortzuek jasan dituzten giza eskubideen urraketak edo bestelako sufrimenduak. Eta erradiografia hori osatuta dagoenean, gu desagertu egiten gara: hortik aurrera, informazio hori baliatzea erreparazio ekitaldiak edo bestelako ekinbideak egiteko beste eragile batzuei dagokie, eta ez dago gure esku». Lana bukatutakoan, udalak erabaki dezake ikerketa liburu edo webgune baten bidez hedatzea.
Buces pozik dago orain arte eginiko lanarekin: «Ikusi dugu gure lanak fruituak ematen dituela, horrelakoak egin dituzten herrietan oso dinamika positiboak sortu dira, eta memoria integral bat lortzen da. Uste dut tokiko eragileek ulertzen dutela lan hau interesgarria eta beharrezkoa dela».
Joan den astean Hego Euskal Herriko udal berriak eratu ziren, eta, horrekin batera, datozen lau urteotan esparru hori lantzen jarraitzeko aukera zabaldu da. Blancok eman ditu etorkizuneko lan horri begira jarraitu beharreko irizpide batzuk: «Prozesuek inklusiboak izan behar dute; elkarrekin bizi behar badugu, elkarren beharra dugu. Zintzoak izan behar dute. Memoria inklusibo baterako bidea jorratu behar dugu; bide hori giza eskubideen ikuspegitik landu behar da, sufrimendu guztiak kontuan hartuta. Eta aintzat izan oraindik lan asko dagoela egiteko: herrietan biktima asko daude, euren eskubideak aitortuta ikusi ez dituztenak, eta seguru asko sentitzen dutenak udala ez dela haiengandik gertu egon».
Memoria eta bizikidetza. Udaletako eskarmentua
MEMORIA ETA BIZIKIDETZA, TXIKITIK HANDIRA
Duela hamar urte inguru hasi ziren zenbait udalerritan memoria eta bizikidetza lantzen, Gipuzkoan batez ere, horretan adituak diren elkarte batzuen laguntzarekin. Oztopoak oztopo, bidea egin dute, eta haien esperientzia baliagarri izan daiteke beste udal askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu