Memoria ere, nork berea eraiki behar du

Jakin jardunaldian memoriaren eta gatazkaren inguruan ari dira gogoetan. Crespo eta Sagardoi dira hizlarietako bi, eta kontzeptuen eraikuntzan zentratu dira.

Gaurko saioa, zuzenean.
Iosu Alberdi.
Usurbil
2024ko ekainaren 20a
16:05
Entzun

Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka. Bada bi kontzeptu horien arteko ezinbesteko lotura bat Euskal Herriko historia hurbila jorratzeko orduan, eta galdera ugari sortzen dira horiei nola erreparatu aztertzen denean ere. «Zer da memoria? Zer historia? Zer kontakizuna? Noiz has gaitezke memoriaz hitz egiten?». Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak egindako galderetako batzuk dira horiek, UEU eta Jakin herri hartako Artzabal egoitzan egiten ari diren jardunaldiaren hasieran.

Hain zuzen, galdera horiei erantzutea du xede Jakin jardunaldiak, edo, gutxienez, galdera-erantzun horien inguruko hausnarketa sustatzea, abiapuntu gisa hartuta azken urteetan euskal gatazkaren inguruan egin diren ikerketak. Izan ere, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak uste du euskal gatazkaren ingurukoak, «oraindik bizirik diren horiek», sarri «radar mediatikoaren azpitik» pasatzen direla, eta beharrezkoa dela adieraztea «errelato ugari» daudela.

Lehen urratsa memoriaren, historiaren eta kontakizunaren zehaztapenetan zentratzea izan da. Cira Crespo historialariak hartu du horren ardura. Ezin esanaren mina; minen ezin esana titulua jarri dio hitzaldiari, eta ez da kasualitatea, argudiatu baitu egin beharreko lehen lana, ezinbestean, min horiek identifikatzea dela. Bere egin ditu Rebecca Solnit historialariaren hitzak: «Zauria ikusgai eta publiko egitea izan ohi da zauria sendatzeko lehen urratsa». 

Min horiei erantzun ahal izateko, Crespok uste du «kontzeptuetara jo» behar dela nazio auziaren inguruan aritzean, definitu behar dela zer koordenatutatik eraiki nahi den historia hori, eta argi hitz egin. Hala, koordenatu horiek ezarrita, marko teorikoa zedarritu behar dela zehaztu du. 

«Jendearen ondoeza hor dago, baina subjektu mindua identifikatzeko hitzak behar ditugu»

CIRA CRESPOHistorialaria

Historialariak uste du nazio auziaren inguruko eztabaida agendatik desagertu dela, eta horrek berarekin dakarrela belaunaldi berriei auzia ondo ez azaltzea: «Gazteak heldulekurik gabe daude». Horiek horrela, beharrezkotzat hartu du auziari «nazio zapalduen» errealitatetik abiatuz heltzea, baina ez soilik Euskal Herritik, «Europako herri zapalduak» hartuko dituen kolektibitate batetik baizik: «Jendearen ondoeza hor dago, baina subjektu mindua identifikatzeko hitzak behar ditugu». 

Argudiatu du Europako herri asko ez direla sartzen gaur egun kolonizazioaz egiten den definizioan: «Baina, orduan, zer gara? Izenik gabe geratzen gara». Izenik ez izateak, ordea, ez ditu desagerrarazten arazoak, sarri kolonietako errealitateekin alderatu daitezkeen arazo horiek, historialariaren esanetan. Besteak beste, erabilitako errepresio sistema eta hizkuntza zapalkuntza.

Teorizazio horri bide emateko, besteak beste Euskal Herritik, Kataluniatik eta Galiziatik lan egitera deitu du Crespok, argudiatuta hala egin ezean Espainiak berea sustatuko duela: «Europako herri gutxituen historia behar dugu, haien egiak azaldu behar ditugu, Mendebaldeko kontakizunaren magman desegin ez gaitezen».

Hari muturrei tiraka

Aurrera begirako lan horiek egungo errealitatearen azterketarekin lotu ditu NUPeko antropologo Iñaki Sagardoik. Iaz argitaratu zuen bere doktore tesia, Nafarroan memoriaren eraikuntzaren inguruan egindakoei buruz, eta, hartatik abiatuta, memoria, boterea eta gatazka kontzeptuen «hari muturrei» heldu die. 

Memoriaz aritzean, «egiten den memoria» izan du hizpide Sagardoik: «Iraganeko gertakari batzuk oroitzea, betiere oraina politikoki berreraikitzeko». Horretarako hainbat tresna baliatzen direla azaldu du: erritualak (oroimen ekitaldiak...), urbanoak (plakak, kale izendegia...), eta narratiboak (fikzioak...). 

Tresna horien erabilerak berak, baina, galderak pizten ditu: «Nork du memoria egiteko aski botere?». Hala, Sagardoik azaldu du bere ikerketan «borroka zelai» gisa irudikatu zuela memoria eraikitzeko prozesua: «Zelaiaren eraikuntzan, espazio sozial horretan, badago lehia bat hainbat eragileren artean».

«Badago 'continuum' moral bat: onargarria den hori dago alde batean, eta bestea ez da onargarria»

IÑAKI SAGARDOI Antropologoa

Lehia horietako batek «denboraren gobernuari» egiten dio erreferentzia; hau da, kronologia bera antolatzeko moduari. «Gatazka osteko denboran bizi gara? Gatazka garaian?». Altsasuko gazteen auzia erabili du adibide gisa. Sagardoik azaldu du zenbaitek adierazi ziotela ez zuela zentzurik ETAk jarduera armatua eten ostean halako auzi bat «terrorismotzat» jotzeak; beste batzuek, aldiz, adierazten zuela ez zegoela etenik.

Epeak gorabehera, eragileengan jarri du arreta Sagardoik. Horien «kapital sozialean» eta «botere moralean»: «Biktimekin gertatzen den moduan, badago continuum moral dinamiko bat: onargarria den hori dago alde batean, eta beste aldea ez da onargarria». Hau da, zehaztu du orain memoria batzuk «onargarriagoak» direla besteak baino: «Batzuek merezi dute negarra, mina; beste batzuek, ez». Halere, azaldu du hori ez dela zurruna, eta torturaren auzia jarri du adibidetzat, azken urteetan aitortzarako egin diren urratsak gogoratuta.

Era berean, Sagardoik azaldu du badirela egia gisa aitortzen diren zenbait gauza, eta beste batzuk, berriz, «errelato partzialtzat» hartzen direla. Hala, egiaren kontzeptua xehatuz, lau bereizketa egin ditu. Batetik, egia trantsizionala: «Ondorio batzuk dakartzana da egia mota hori: errekonozimendua». Zehaztu du hura dela estatuaren indarkeriaren biktimek sarri aipatzen dutena, «aitortzari» lotuta. Bigarrenik, lehenarekin «gatazkan», egia judiziala dago, Espainiako justizia sistemak lehen mailakotzat jotzen duena. Beste biak lirateke biktimen egia eta egia historikoa, historialariena.

Hala, esanak kontuan hartuta, Sagardoik adierazi du egungo egoera ez dela bere gisara iritsi, eraiki egin dela, eta Gorka Urbizuren hitz batzuekin azaldu du: «Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude, eta ez da gauza bera, adiskide». 

OSTIRALEKO EGITARAUA

  • 09:30.Besteen lurraldea da iragana. Gazteak, gatazka eta memoria trantsitatzeko aukerak. Samara Velte. 
  • 10:15.Txikitasunetik memoria eraikitzen: lehen pausoak Antzuolan. Onintza Legorburu eta Ane Alberdi.
  • 10:45.Martxoak 3 Memoriagunea: Gasteizko Herri M3moriaren erronka. Julen Diaz de Argote.
  • 11:15.Joan da negua? Euskal gatazka fikziora eramateko narratiba berriak. Ekain Albite eta Mikel Ibarguren.
  • 12:30.Negu hurbilak filma eta solasaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.