Blancoren hilketaren urteurrena

Memoria Demokratikoaren Legea indargabetzeko konpromisoa hartu du Feijook

Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrena oroitzeko ekitaldia egin du PPk Ermuan (Bizkaia). Iturgaitzen ustez, «immorala eta lotsagarria» da PSOEk EH Bildu bidelagun aukeratu izana.

Jose Maria Aznar eta Alberto Nuñez Feijoo, gaur, Ermuan. JAVIER ZORRILLA/ EFE
edurne begiristain
2022ko uztailaren 9a
15:35
Entzun

Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrena oroitzeko ekitaldia antolatu du gaur PPk Ermuan (Bizkaia). Alderdiko buruzagi nagusiak izan dira bertan, besteak beste Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia, Carlos Iturgaitz EAEko PPko burua eta Mari Mar Blanco ETAk 1997an hildako PPko zinegotziaren arreba. Ekitaldian, Blancoren memoria gogoan hartzearekin batera, PSOEren gobernuaren aurka mintzatu dira, eta bereziki gogor kritikatu dute EH Bildurekin Memoria Demokratikoaren Legea hitzartu izana. Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak ohartarazi du lege hori indargabetuko duela, eta, gainera, PSOEren babesarekin egingo duela, «elkarrekin memoria eta justizia berrezartzeko» asmoa duelako. Legea indargabetzeko «konpromisoa» Ermuan eta PPren alderdikideen aurrean hartu izanari garrantzia eman dio Feijook, eta azpimarratu du «euskaldun eta espainiar gehienen izenean» ere botako duela atzera. Baina pauso hori sozialistekin batera eman nahi duela erantsi du: «ETAko terroristek ez bazuten gu banatzerik lortu, ezin dugu baimendu haien oinordekoek halakorik egitea». Feijooren iritziz, «sumingarria» da gobernuak EH Bildurekin akordioa lortzea: «Sumindu eta asaldatu egiten gaitu gobernu demokratiko batek hori sustatu eta hitzartzeak. Baldintza hauekin ez da memoria eta ez da demokratikoa, gure demokraziako pasarte lotsagarria baizik».

Feijook hitza hartu aurretik, bide beretik mintzatu da Aznar. Ohartarazi du «hiltzaileen koma bat bera ere» ez dela onargarria memoria proiektuan. Era berean, salatu du EH Bildurekin ituna lortuta PSOEk onartu egin duela historia «manipulatua izatea». «Gure artean dira krimen hura justifikatu eta iragarri zutenak, mehatxu egin zutenak eta hiltzera animatzen zutenak. Demokraziaren oinarrizko balioen suntsitzaile den politika batean, baimendu egiten zaie historia manipulatzea eta berridaztea, heroismoz protagonista izan zirenak irainduta». Bide beretik hitz egin du Iturgaitzek ere. Haren ustez, «immorala eta lotsagarria» da Pedro Sanchezek EH Bildu bidelagun aukeratu izana: «PSOE eta PP heriotza-korridore berean geunden, hiltzen gintuzten, eta orain hilketa horiek txalotzen eta antolatzen zituztenekin negoziatzen eta akordioak egiten dituzte».

Miguel Angel Blanco gogoan

Miguel Angel Blancoren memoria ere gogoan izan dute PPko buruek ekitaldian. Aznarrek gogora ekarri du Blanco, eta «etorkizuneko erreferentziatzat» jo. Blancoren hilketaren ostean sortutako «Ermuko izpiritua» Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkako PPko zinegotziek gorpuzten dutela erantsi du Iturgaitzek ondoren: «Euskadiko PPren kargudunok askatasunaren borrokalarien infanteria osatzen dugu, indarrean den ordenaren, konstituzioaren, Euskadiren eta Espainiaren aldeko defendatzaileak gara, eta horregatik ETAk akabatu nahi gintuen». Iturgaitzek salatu du Blancoren hilketatik 25 urte igarota oraindik bizikidetza ez dela osorik lortu.

Miguel Angel Blancoren aldeko ekitaldi nagusia bihar egingo dute, Ermuan; estatu omenaldia izango da, eta han izango dira, besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Felipe VI.a Espainiako erregea. Hori horrela, Mari Mar Blancok Sanchezi eskatu dio «ausarta» izateko eta biharko ekitaldia baliatzeko EH Bildurekin duen lotura apurtzeko. «Terroristak bakartzea ahalbidetu zuen batasun politikoa» berreskuratzeko galdegin du, halaber.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.