OROIMENA

Memoria Demokratikoaren Lege proiektua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak

Diktaduraren biktimak jarriko ditu erdigunean lege berriak, eta frankismoko epaiketa eta zigorrak baliogabetuko ditu. Espresuki arbuiatuko ditu 1936ko uztaileko estatu kolpea eta diktadura, eta frankismoa goratzen duten fundazioak debekatuko ditu, biktimak «iraintzea» leporatuta.

Erorien Harana auzitan jarriko du Memoria Demokratikorako Legeak. MARISCAL / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2021eko uztailaren 20a
12:05
Entzun

Ez desadostasunik gabe, baina Espainiako Gobernuak onartu nahi duen Memoria Demokratikoaren Legea bidea egiten ari da pixkanaka. Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur onartu du lege proiektua, eta, hortik Kongresura bidalita, espero da alderdi politikoak irailetik aitzinera hasiko direla testuaz eztabaidatzen. Legearen neurri nagusien artean bildu dute, bertzeak bertze, hildako arbasoen gorpuzkiak berreskuratzea eskubide bat izatea. Izan ere, legeak biktimak jarri nahi ditu «ekintza politikoaren erdigunean». Hala, gobernuak lagundu eginen ditu oraindik ere euren senideen gorpuzkien bila ari diren herritarrak, eta DNA banku bat ere sortuko du, lan hori errazteko. Biktimen omenezko bi egun antolatuko dituzte, era berean: urriaren 31 diktaduraren eta estatu kolpearen biktima guztien eguna izanen da, eta maiatzaren 8a, berriz, diktaduraren ondorioz errefuxiaturiko pertsonena. Frankismo garaian «politika, ideologia, erlijioa edo orientazio sexuala» dela medio egindako epaiketak ere baliogabetu eginen dituzte lege berriari esker, eta espresuki adieraziko dute 1936ko estatu kolpearen eta ondorengo diktaduraren aurkako «arbuioa»; gobernuaren hitzetan, «gure historiaren garairik beltzena».

Felix Bolaños Espainiako Presidentetza eta Memoria Demokratikoaren ministroak eman ditu legeari buruzko xehetasunak gaur, Ministroen Kontseiluaren ondotik egindako agerraldian. Zehaztu du 2007an Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak onarturiko Memoria Historikorako Legea osatuko duela Memoria Demokratikoaren Legeak. Izan ere, adierazi du nazioarteko hainbat erakundek eginak zizkiotela legea osatzeko gomendioak Madrili: Bolañosek zehaztu duenez, nazioarteko estandarretan sartuko da orain Espainia, lege berriari esker: «Legea beharrezkoa zen, eta herrialde gisa hobeak egiten gaitu».

Biktimak ez ezik, emakumeak eta memoriaren aldeko mugimenduak jarri nahi ditu erdigunean Memoria Demokratikoaren Legeak. Izan ere, Bolañosek azaldu du emakumeek gizonek bezala jasan zutela errepresioa, baina «larriagotuta»: «Emakume izate hutsagatik jasan zuten; ama, emazte edo alaba izateagatik; haurdunaldiak eteteagatik...». Alde horretatik, espainiar nazionalitatea eskuratu ahal izateko irizpideak ere aldatu eginen dituzte: hemendik aurrera, «atzerritarrekin» ezkontzeagatik espainiar nazionalitatea galdu zuten emakumeen seme-alabek ere eskuratu ahal izanen dute.

Memoriaren aldeko mugimenduarekin lan egiteko batzorde bat sortuko dute, bertzalde, eta «lurralde arteko» batzorde bat ere bai, udalak, autonomia erkidegoak eta estatua gai honen bueltan koordinatzeko.

Fundazioen debekua

Hamar hilabete igaro dira Espainiako Gobernuak lege aurreproiektua onartu zuenetik, eta orduz geroztik hainbat aldaketa egin dizkiote testuari, CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egindako kritikak aintzat hartuta. Izan ere, fundazio eta ekitaldi frankistak debekatzearen aurka agertu zen CGPJ joan den ekainean, argudiatuta frankismoaren apologia adierazpen askatasunaren barnean sartzen dela. Gobernuak onartuko duen legean, beraz, zehaztapen bat gehitu diote zati horri: frankismoari apologia egitea diktaduraren biktimei «irain» egitea litzateke, testu berriaren arabera, eta horren bidez debekatuko dituzte frankismoa edo frankistak goratzen dituzten elkarteak. Era berean, Bolañosek zehaztu du fundazio horiek ezinen direla aurrerantzean «erabilgarritasun publikokoak» izan.

Francisco Franco fundazioa da debekatuta gera daitezkeen fundazioetako bat, eta elkarteak berak gaur adierazi du diktadorea defendatzen jarraituko dutela. Memoria Demokratikoaren Legea «inkonstituzionala» dela uste du fundazioak, eta «akelarre antifrankistatzat» jo du: «Inork ezingo du Francisco Francoren eta haren garaiaren transzendentzia erraldoia ezabatu; hala eragotzi zituen gauzengatik, nola lortu zituenengatik».

Erorien Harana, auzitan

Oroimen lekuak ere arautuko ditu Memoria Demokratikoaren Legeak, eta Erorien Haranari ere egiten dio zehazki erreferentzia: hilerri zibil bilakatu nahi dute orain arte bando frankistaren aldekoa izandako eremua, eta 36ko gerrako bi bandoetan ariturikoei eginen die omen. Orain arte tenplua kudeatu duen Erorien Haraneko Gurutze Santuaren Fundazioa deuseztatu eginen du, halaber, eta, harekin batera, baita han ari diren fraideen esku hartzea ere. Azken horiek kontrakotasuna erakutsia diote memoriaren legeari, eta adierazi dute «erresistentzian» arituko direla handik ez joateko. Espainiako Gobernua, nolanahi ere, elkarrizketetan ari da jada Madrilgo Artzapezpikutzarekin —aurrerantzean horiek izanen dute Erorien Haraneko erlijio ardura—.

PPk eta Voxek ere adierazia dute jada legearen kontra daudela: Pablo Casado PPko buruak atzo adierazi zuen gobernura ailegatuz gero bertan behera utziko duela; Voxek Auzitegi Konstituzionalera jo nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.