Amaiurko batailaren 500. urteurrena gogoratzeko «ekimen nagusia» heldu den ekainaren 5ean eginen du Nafarroa Berriz Altxa dinamikak, Amaiurren eta Elizondon (Baztan, Nafarroa). Atzo eman zituzten egunari buruzko azken xehetasunak, Amagoia Susperregi eta Joseba Compains bozeramaileek Iruñean eginiko agerraldi batean, eta, nabarmendu zutenez, duela 500 urte gertaturikoa gogoratu ez ezik, «burujabetzaren aldeko besta herrikoi eta erraldoia» egin nahi dute.
11:00etarako ailegatuko dira autobusak Amaiurrera, eta 11:30ean ekitaldia eginen dute herrian; ondotik, hiru kilometroko oinezko martxa, eta, azkenik, herri bazkaria eta besta Elizondon —bazkariko diruarekin Aroztegiaren aurkako mugimendua eta Erdiz Bizirik lagunduko dituzte—. Trikidantz, Madame Birrots eta Irrien Lagunak izanen dira han.
«Amaiuraldian, ez goaz soilik historiaz aritzera. Amaiuraldian, historia idaztera goaz», adierazi zuen atzo Susperregik Iruñean. «Gure herriaren memorian, guztion ekarpen eta indarrarekin, data hori zizelkatzera goaz. 500. urteurrena baliatuz, etorkizuneko burujabetzaren aldeko olatua gaurdanik egia bihurtzeko».
Bozeramaileek azpimarratu dute Amaiurko batailan «askatasunaren alde bizia emandakoei betiko argia zor» dietela: «Burujabetza askatasuna delako». Uste dute ekainaren 5ekoa «ahaztezina» izanen dela: «Historikoa». «Iragana, oraina eta etorkizuna elkartzen diren Amaiurko zelaietan topo eginen dugu».
Kamiseta bat egin dute egun horretarako espresuki, eta han soilik salduko dute. Bertzalde, gomendatu dute autobusez joatea: astelehenera arte dago izena emateko aukera. Autoz joaten direnentzat autobusak dohainik jarriko dituzte Ordokiko industria eremutik. Martxa 40 bat minutukoa izanen da, eta eskatu dute oinetako erosoak eramateko. Webgune bat ere jarri dute martxan xehetasun guzien berri emateko: www.amaiuraldia.eus.
Memoria, burujabetzarako
Nafarroa Berriz Altxa-k «historia idatzi» nahi du ekainaren 5ean eginen duten Amaiuraldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu