Indarkeria politikoa eta generoa Euskal Herrian, 90. hamarkadan. Ezker Abertzaleko emakumeen kasua tesi proiektua hasi berri du Olatz Dañobeitia Ceballosek (Lekeitio, Bizkaia, 1976). Ezker abertzaleko militante feminista da, eta errepresaliatua; ikuspegi horretatik landuko du gaia, inor ordezkatu gabe. Asmoa da 90eko hamarraldian ezker abertzaleko erakundeetan militatzen hasitako andreen bizipenak jasotzea eta ezagutaraztea. Bi motiborengatik hautatu du aro hori; batetik, lehen pertsonan bizi izan zuelako, eta, bestetik, aldaketa kualitatiboak izan zirelako politikan eta feminismoan. Bi unibertsoak harremanetan ipini ditu.
Ezker abertzaleko emakumeen bizipenak aztertzea garrantzitsua al da?
Militantzia politiko eta armatuaren eta horren ondorioz bizitako errepresioaren esperientziak jasoko ditut. Oso garrantzitsuak dira memoria eta ulertzea, eta horrek lotura dauka zer gertatu den ezagutzearekin. Euskal gizartea zapalkuntza desberdinek gurutzatzen dute, eta horiek guztiak gainditzeko borrokan ari gara. Memoriak badauka lotura atzera begiratzearekin, baita ulertzearekin ere. Gatazkan eragina izan dutenen eta dugunon, eta parte hartu duten eragileen iritziak, planteamenduak eta prozesuak ezagutu behar dira, eta garrantzitsua da emakumeon begirada txertatzea. Zer gertatu den ulertzea, eta etorkizunari begiratzea: zer kontatu eta azpimarratu nahi dugun, eta nola aurkeztu nahi diogun gure burua eraiki nahi dugun gizarteari. Arazoa da memoria beti orainaldian eraikitzen dela, dinamikoa dela, eta borroka esparrua dela. Botere harremanez beteta dago, garrantzi sinboliko eta politiko izugarria daukalako. Ni memoria anitzen aldekoa naiz, kontakizunak dibertsifikatu behar dira. Izan ere, gatazkari buruz kontakizun bat nagusitzen ari da eta nahiko androzentrikoa da. Horrek dakar emakumeen esperientziei arreta ez ipintzea, gure parte hartzeari bigarren mailako balioa ematea, gatazkan eragin ez bagenu bezala. Baina emakumeok subjektu aktibo izan gara.
Horregatik aipatu duzu ikusezinak izan garela?
Ikusezintasun handia dago emakumeen inguruan, areago ezker abertzaleko emakumeen inguruan. Ikusezinak gara gizartearentzat: ezker abertzaleaz dagoen ikuskeran, gizonak dira ikusgai. Baina ezker abertzalearen barruan ere ustedut ikusezinak garela: haren bizipena homogeneizatu du, sarri gizonen esperientzia orokortuz. Halere, ezker abertzaleko emakumeok estrategiak garatu ditugu genero banaketa horri aurre egiteko.Mugimendu feministan ere polarizazio bat gertatu da gatazka politiko-armatuaren harira, eta horrek ekarri du, agian, ez duela arreta ipini emakumeengan: ez aitortza bezala, ez pairatu ditugun indarkeriekiko. Horregatik, oso inportantea da ikertzea; gure bizipenak jaso behar dira, galdera asko dauzkagu erantzuteko. Bestela, partziala izango dira prozesu politikoaren ulertzea eta eraikiko duguna.
Indarkeriak eta minak identifikatuta daude?
Ikertzen hasita, ikusi dut sentimendu askok gurutzatzen dituztela gure bizipenak; horien artean beldurra dago. Garai batean ezker abertzalean parte hartzeak esan nahi zuen errepresioa jasotzea: tortura, espetxea, heriotza... Horiek dira aurretiko beldurrak baina, behin esperientzia errepresiboa bizi ostean, beste dimentsio bat hartzen dute. Beldurrok identifikatzeak lagunduko digu indarkeriak identifikatzen. Bortizkeria batzuk ikusgarriak dira, beste batzuk ez. Ezker abertzalekoa eta emakumea; bidegurutze horretan egon garenok —bortizkeria politikoaren testuinguruan, baina gizarte matxista batean—, indarkeria matxistaren eta politikoaren eremuan zer gertatu den ikusi behar dugu. Izan ere, agerikoak dirapolizia etxeetako zenbait pasarte, baina indarkeriak aurpegi gehiago dauzka. Horrez gain, mina zelakoa den ezagutu behar dugu. Askotan, egin digutenari erreparatzen diogu, ez sentitu dugunari. Batzuetan, terrorearen dispositiboak garaile irten dira, besteetan ez. Estrategiak egon dira beldurrak gainditzeko, zergatik beldur batzuk gainditu dira eta besteak ez?Beraz, nire galdera da: gatazka luzatu bada hainbeste hamarkadatan, gure herriak hiru milioi biztanle besterik ez badauka, hainbat emakumek hau bizi izan badute, zelako eragina izan dezake etorkizuneko emakumeen parte hartze politikoan eta genero arteko harremanetan? Gatazka politiko-armatuak ez dira izan neutroak genero aldetik, baina zenbat ikertu da?
Gabezia agerikoa da zentzu horretan, ezta?
Oraindik badago hainbat gauza iluntasunean. Kolektibo hau ez da homogeneoa eta, seguruenera, bizipen aniztasun handia dago: parte hartze politikorako hautatutako erakundearengatik, inposatutako ibilbide errepresiboarengatik eta norberaren nortasunarengatik eta inguruarengatik. Beraz, sentimendu eta bizipen komunak izango ditugu, baina ñabardura pila batekin. Garrantzitsua da diskurtsoak eraikitzea bizipenen gainean, bestela gizarteko interpretazio esparruen arabera sortuko ditugu; eta, horiek, nahiko patriarkalak dira. Gainera, feminismoan oraindik ez da asko sakondu gai horretan. Aitortza, erreparazioa eta kontakizuna hizpide hartu diren garaiotan, guk ere zehaztu behar dugu zer justizia nahi dugun, zer den guretzako aitortza, zer baliabide material behar ditugun osatze kolektiborako. Adibidez, torturaren inguruan ontzen ari garen kontaketarekin gustura gaude? Pentsatu behar dugu nola egin nahi dugun, eta zer esparrutan izan behar den.
Olatz Dañobeitia Ceballos. Soziologoa
«Memoria borroka esparrua da»
Gatazkaren kontakizun androzentrikoa nagusitzen ari dela uste du Dañobeitiak; horrek andreen bizipenak aintzat ez hartzea dakar, haiek subjektu aktibo gisara ez ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu