Xabier Irujo. Historialaria

«Memoria arloan aurrera goaz, baina berandu eta motel»

Irujoren ustez, oraindik badaude frankismoaren krimenei garrantzia kentzen saiatzen diren historialariak, «asmo politiko argi» batekin: «Aditzera eman nahi dute denek dutela errua, frankistena lausotzeko».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
1936ko gerra eta ondorengo diktadura ikertu dutenen artean gutxi dira Xabier Irujo Ametzagak baino ospe handiagokoak (Caracas, Venezuela, 1967). Historialaria eta filologoa da; Euskal Ikasketen Zentroa zuzentzen du Nevadako Unibertsitatean (AEB), eta liburu eta ikerketa ugari plazaratu du gaiaren inguruan.

Egunotan Irujo Euskal Herrian izan da beste liburu bat aurkezteko: Bonbardaketen atlasa Euskadin (1936-1937) izenekoa, 1936ko uztailetik 1937ko abuztura bitartean Euskal Herrian egindako 1.220 bonbardaketa operazioen berri ematen duena.

1936ko gerran garrantzi handia izan zuten bonbardaketek?

Erabatekoa. Nik esango nuke horretan datzala matxinatuen garaipena. Matxinatuek ezingo zuketen Bilbo hartu kanpoko laguntzarik gabe. Espainiako gerra zibila ez zen Espainiakoa, euskaldunak eta katalanak ere sartu zirelako; ez zen gerra bat, genozidio kanpaina bat baizik; eta ez zen zibila, frankistek Alemaniako eta Italiako armaden babes erabatekoa izan zutelako. Francok zituen hegazkin guztien %90 alemaniarrenak edo italiarrenak ziren.

Agerraldian esan zenuenez, bonbardaketa horietako askok herritarren artean izua hedatzea zuten helburu.

Hala da. %24 mota horretakoak izan ziren. Baina askoz ugariagoak izan ziren matxinatuen aldetik: haien eraso guztien ia %27 izu bonbardaketatzat jo daitezke, eta errepublikanoen kasuan, berriz, %5 baino ez. Argi ikusten da zein izan zen alde bakoitzaren intentzionalitatea.

Askotan esan da gerra hura II. Mundu Gerraren atarikoa izan zela.

Britainiarrentzat, alemaniarrentzat, poloniarrentzat... 1936ko gerra eta II. Mundu Gerra bi gatazka desberdin izan ziren. Euskaldunontzat, berriz, 1936tik 1946ra gerra bakarra da; Euskal Herria hamar urtez egon zen zapalduta eta bonbardatuta. Lehenik Hegoaldean eta gero Iparraldean, baina arerioak berberak izan ziren, eta kasu batzuetan hegazkin berberak aritu ziren alde batean eta bestean bonba berdinak jaurtitzen.

Oraindik ere badaude Gernikan bonbardaketa bat egon zela ukatu ez baina hura erlatibizatzen saiatzen diren historialariak: hildakoak ez zirela hainbeste izan, edo hura helburu militar argia zela, eta abar. Zuk zer iritzi duzu?

84 urte dituen tradizio bat da. Bonbardaketa izan eta hurrengo egunean bertan, 07:00ak baino lehenago, Francok berak agindu zuen bi gezur esateko: Gernika ez zutela bonbardatu, eta gorriek erre zutela. Baina, jakina, negazionismo horrek kontrako erreakzio handia sortu zuen mundu osoan, eta geroago gezur hori egokitzen saiatu ziren. Horrek tradizioa sortu zuen, eta orain batzuek tradizio horri eusten diote. Daturik eta testigantzarik aipatu gabe, baina oraindik badago hango hondamendia gutxiesten saiatzen denik.

Diskurtso horretan badago asmo politiko argi bat: ez dute onartu nahi gerra hura erregimen totalitario bat inposatu nahi zuen matxinada batek piztu zuela; aditzera eman nahi dute errudunak denak izan zirela, horrekin frankisten erruduntasuna lausotzeko, eta, asmo hori lortzeko, frankistek egindako krimenei zenbat eta garrantzi gutxiago eman, orduan eta hobeto.

Oraindik ere historialariok arazoak dituzue beharrezko agiri eta dokumentuak ikertu ahal izateko?

Bai. Leku batzuetan oztopoak jartzen dituzte, baina, gainera, inoiz ez dakizu artxibategi bakoitzean zer sailkatu duten, eta zer erabaki duten kanpoan uztea. Gernikaren kasuan, adibidez, hasiera-hasieratik eta oso argi egon da gauza batzuk ezkutatzeko asmoa. Oso ohikoa da artxibategi batera joan eta apirilaren 25era arteko agiriak aurkitzea, eta gero, maiatzaren 4tik aurrerakoak, baina ez bi data horien artekoak.

1936ko uztailaren 18an gertatutakoa estatu kolpea izan zen? Badakizu batzuek zalantzan jarri dutela hori.

Hura estatu kolpearen paradigma izan zen. Estatu kolpe bat zer den azaldu nahi izatekotan, nekez topa daiteke hori baino eredu argiagorik. 1936ko otsailean hasi ziren antolatzen. Adibidez, Angel Viñas historialariak frogatu du kolpea eman zutenak otsailetik ari zirela hegazkinak, armak, artilleria eta abar erosten. Harrigarria da esatea hura ez zela estatu kolpea izan; logikatik guztiz kanpo dago.

Beharbada, ez da zuzena esatea hasierako matxinatu haiek frankistak zirela, garai hartan Franco beste jeneral bat baino ez zelako eta berandu egin zuelako matxinadaren alde. Baina horrelako ñabardurak bigarren mailakoak dira.

Espainiako Gobernuak aste honetan onartu du memoria demokratikoaren legearen aurreproiektua, eta Jaurlaritzak datorren astean gauza bera egingo du bere egitasmoarekin. Beharrezkoak dira horrelakoak?

Jakina. Asko aurreratzen ari gara, baina historiografiaren ikuspegitik oso berandu da. 84 urte geroago ari gara historia egiten. Beranduegi da biktimentzat, eta, kasu askotan, biktimen seme-alabentzat ere bai. Izugarri motel goaz.

Eta zein da horren arrazoia?

Espainiako Estatuaren historia: berrogei urteko diktadura eta ondoren etorritakoa. Ni trantsizio demokratikoa kontzeptuaren kontra nago, uste dudalako oraindik trantsizioan gaudela. Oraindik ez da amaitu, eta trantsizio horren abiadura motelak azaltzen du egoera. Pausoak onak dira, eta helmuga argia da, baina berandu goaz, eta seguru asko lege hauen ostean ere arazo batzuek bere horretan jarraituko dute.

Dena dela, memoriaren auzian batzuetan horrelakoak gertatzen dira. Ni bizi naizen estatuan, Nevadan [AEB], duela gutxi hasi dira hango jatorrizko biztanleen memoria berreskuratzen, hamarkada askoren ostean. Eta Kanadan ere badirudi oraintxe ari direla iraganean egindako sarraski batzuk azaleratzen, eta gizartean ere beste sentsibilitate bat dagoela horien aurrean. Horrelakoa da egoera.

Espainiako lege egitasmoari dagokionez, Francisco Franco fundazioa legez kanpo uzteko aukerak eztabaida piztu du. Zuk zer irizten diozu?

Nik lagun handia nuen Hilari Raguer historialari eta fraide katalanista, Francoren gorpua Erorien Haranetik ateratzeko batzordean egon zena, eta bat nator hark esaten zuenarekin. Nire ustez, Erorien Haranaren moduko zerbait egotea edo Francisco Franco izena daraman fundazio bat izatea, lotsagarria ez ezik, krimen bat ere bada. Fundazio horrek legez kanpo egon beharko luke, eta, are gehiago, hark daukan dokumentazio guztiak publikoa izan beharko luke, eta ikerlarien esku egon. Legez kanpo uzten badute, seguru asko beste izen bat hartu eta aurrera jarraituko dute, baina dokumentazio horrek, legez, publikoa izan beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.