Memorian ezkutatutako bunkerrak

Frankismoko bunkerrak berreskuratzeko lanetan dabiltza Nafarroako Gobernuko udalekuetan dabiltzan 25 gazte, Baztango Otsondo mendatean.

Hiru gazte frankismo garaiko bunkerra berreskuratzeko lanetan, Otsondon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Hiru gazte frankismo garaiko bunkerra berreskuratzeko lanetan, Otsondon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Otsondo
2024ko abuztuaren 8a
17:30
Entzun

Amaiurko gaztelutik gertu eta Alkurruntz mendiaren magalean, Otsondo mendatea dago (Baztan, Nafarroa). Hamar kilometro eskaserat, Lapurdi. Gutik dakite inguru horrek bunker eta hormigoizko barrakoien iragana ezkutatzen duela; eta gazteen artean, gutiagok.

Ia 2.000 bunker eraikiarazi zituen Francisco Francok Nafarroan, 1939tik 1950eko hamarkada bitarte, beldur baitzen Europatik indarrez sartuko ote ziren haren kontra. Ez zen horrelakorik gertatu, ordea. Gaur egun, hormigoizko babesleku horiek sasi artean ezkutatuta daude, denboran gertu eta oroimenean urrun dagoen iraganaren mamuak balira bezala.

Hain zuzen, mamu horiek uxatu eta memoria azaleratzeko, bunkerrak berreskuratzen dabiltza Nafarroako Gaztediaren Ikastetxeak antolatutako udalekuetan parte hartu duten 15 eta 17 urte bitarteko 25 gazte. Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuko kontseilari Ana Ollok bisita egin die gaur, hainbat kazetarirekin eta Baztango alkatearekin batera. 

Nicolas Zuazua arkeologoak gidatu ditu errepidetik hamar minuturat dagoen bunkerrerat. Gazteak egiten ari diren lanaren lekuko izan dira denak: sasiak kendu, eskailerak paratu, lurra moldatu... Gogotsu dabiltza aitzurrak, palak eta arrasteluak abileziaz maneiatzen. Hilaren 15erat arte egonen dira bertan inguruko bunkerrak garbitzen. 

Esku bete lan eduki arren, eduki dute gozatzeko eta elkar ezagutzeko tarterik ere. Irune Ortiz de Zarate gasteiztarrak erran du bi asteko elkarbizitzak aukera eman diela harremanak egiteko. Bere lagun Olaia Gutierrezekin etorri da, eta hark ere esan du esperientzia ederra izaten ari dela: «Lagunak egin ditugu, eta naturaz gozatzen ari gara». 

Historiaren garrantzia

Lagunak egiteko ez ezik, ikasteko ere balio izan die gazteei esperientziak. Barruko lurra kentzen dabil Maialen Abezia laudioarra (Araba), kazetariak iritsi direnean, eta aitortu du hona etorri baino lehen ez zuela ideiarik ere zer ezkutatzen zuten bertako mendiek: «Eskolan ez dut ezer ikasi, baina uste dut historia ezagutzea inportantea dela, berriro gauza bera ez gertatzeko». Abezia ez da bakarra, gazte gehienek ez baitakite frankismo garaian zer gertatu zen.

Daniela Cebrian gaztea historiazale amorratua da, eta Kataluniatik etorri da boluntario gisa. Memoria historikoa eskolan lantzearen falta sumatzen duela dio berak: «Batxilergoko bigarren mailarat arte ez dute aipatu ere egiten, baina uste dut derrigorrezko hezkuntza akitu baino lehen azaldu beharko litzatekeela frankismoak zer eragin zuen, eta ez azaldu bakarrik data seinalatu batzuk». 

Cebrianek gaineratu du bere belaunaldikoek erreferentzia guti dituztela frankismoaz: «Uste dut normala dela, gai honetaz arduratu behar izan ez duen belaunaldiaren parte garelako, baina berriz heldu beharko litzaioke, batez ere ultraeskuinaren susperraldi hau ikusita».

Ana Ollok hartu du hitza, eta argi utzi nahi izan du bunkerrek ez zutela deusetarako balio izan: «Eraikin gauzaezak izan ziren, eta, gainera, hormigoi pila bat xahutu zuten, baliabide gutxiko garai batean». Hori entzutean, harrituta gelditu da Alvaro, Burgoskoa (Espainia): «Atsekabetu egiten nau jakiteak diktadurak zenbat diru xahutu zuen hemen, behartsuenentzako janaria erosten gastatu beharrean». Segituan pasatu zaio; izan ere, Ollo gazteei mintzatu zaie, eskerrak emanez. Gauza bakarra eskatu die: «Zuen herrietarat bueltatzean, kontatu lagunei eta familiari obra hauen alferrekotasuna».

Denak biribil batean bildu ostean, Zuazuak bunkerrari buruzko azalpenei ekin die. Mapa eduki arren, aurkitzea kostatu zitzaiela aitortu du: «Gainetik pasatu arte ez nuen ikusi hor zegoela. Hiru lau egun ibili ginen mendian gora eta behera, kokapen zehatzaren bila».

Muga kontrolatzen zuten bertze bederatzi egituren parte da. Hau bereziki luzea dela dio: «120-130 metroko galeria da, eta hiru-lau kasamata ditu, korridoreen bidez lotuak. Barruan sartzean badirudi 40ko hamarkadarat bidaiatu duzula». Esaldi horrekin akitu ditu azalpenak Zuazuak, eta barnerat sartzeko gonbita egin die kazetariei. 

Hormetako aztarnak

Hezea, iluna eta hotza da, baina arretaz begiratuz gero, bunkerra eraikitzen ibili zen langile batek grabatutako data bat ikus daiteke paretan: 1939ko azaroa. Ez ziren langile arruntak izan, ordea. Langile behartuak izan ziren, eta baldintza kaskarretan jardun behar izan zuten mendia zulatzen. Horren adierazgarri garbia da Zuazuak ondoko bunkerrean aurkitutako esaldia: «Nik, Jesus Martinezek, sei urte bete nituen hemen soldaduska egiten. Pikatzen ez ibiltzeagatik, kofratzaile lanbidea ikasi behar izan nuen, ordurako ikusia bainuen zer pasatzen zuten». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.