«Espainiako Kongresuan ez dugu memeloarena egingo, ez horixe; ez ditugu gauza arraroak egingo». PPko diputatuek ganberan zer hizkuntza erabiliko duten galdetuta, hori erantzun zuen atzo Borja Senper alderdiko bozeramaileak. Gaur, ordea, hizkuntza koofizialak Kongresuan erabiltzeko erreforma tramitatzea onartu duten saioan, euskaraz ere aritu da Irungoa. Hitzez hitz, hau esan du: «Zorte handia dugu, hau da egia. Espainia hizkuntza komun bat partekatzen dugun komunitate politiko bat delako, nazio bat, gaztelania hain zuzen ere. Eta, era berean, beste ama hizkuntza batzuk bizirik mantentzen dituelako». Berehala itzuli du gaztelerara Senperrek berak.
#EnDirecto | Borja Sémper (PP) realiza parte de su discurso en euskera un día después de decir que su partido no utilizaría las lenguas cooficiales para "no hacer el canelo" pic.twitter.com/rt2qxqvBtc
— Europa Press (@europapress) September 19, 2023
Jarraian, geldialdi bat egin behar izan du hitzaldian. Izan ere, barrezka hasi dira hemizikloan zeudenetako asko; txalo sarkastiko batzuk ere entzun dira. Baten batek oihu egin dio. «Memeloarena egiten ari zara!», esan diote, atzo egin zituen adierazpenak gogora ekartzeko. Francina Armengol Kongresuko presidenteak kargu hartu behar izan die gainontzeko ordezkari politikoei.
Senperrek kostata berrekin dio diskurtsoari: «Nik ulertzen ditut ganbera honen gauzak, ganbera honen dinamikak, baina hamarkada gehiegitan bakoitzak nahi zuen bezala adierazteko askatasunik izan ez duen herrialde batean bizi izan gara; diktadura bat pairatu genuen. Eta urte gehiegitan, Euskal Herrian, talde terrorista batek ezberdin pentsatzen zuena hiltzen zuen».
Voxekoek, ganberatik alde
Gaurko saioa hasi eta gutxira, Voxeko ordezkariek ganberatik alde egin dute, PSOEko Jose Ramon Besteiro galizieraz mintzatzen hasi denean, hain zuzen, eta itzulpena entzuteko aurikularrak Pedro Sanchezen aulkian utzi dituzte. Senper hizketan hasi denerako, haietako zenbait itzuliak ziren bilkurara, baina irten egin dira berriro PPkoa euskaraz entzun dutenean. Santiago Abascal alderdiko buruak hitz egin du Senperren aferaz: «Bere buruari memelo deitu dio».
EAJko Aitor Estebanek bide beretik jo du: «Azkenean Senperrek berak egin du memeloarena, ezta?». Jeltzalea harrituta azaldu da: «Euskara erabili du ganberan, esateko ganberan ez dela euskaraz hitz egin behar». Dena den, gaurkoa aurrerapauso garrantzitsutzat jo du.