Melgosaren esanetan, ezin da erabili Martxoaren 3ko memoria zentroa eraikitzeko 600.000 euroko funtsa

EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostu zuten diru funts hori onartzea, Espainiako 2023ko aurrekontuen inguruko negoziazioetan.

Martxoak 3ko biktimen aldeko ekitaldi bat. JUANAN RUIZ / FOKU
Martxoak 3ko biktimen omenezko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
2024ko urtarrilaren 3a
19:00
Entzun

EH Bildurekin eginiko akordio bat tarteko, Espainiako Gobernuak 600.000 euroko funts bat onartu zuen 2023ko aurrekontuetan, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentro bilakatzeko. Orain, baina, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak azaldu du funts hori ezingo dutela erabili eliza eraberritzeko, argudiatuta Eusko Jaurlaritza, diru funtsa jaso beharko lukeen erakundea, ez dela eraikinaren jabea edo onuraduna.

EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuaga mintzatu zaio Melgosari, eta memoria zentroa kudeatzeko eratu beharreko fundazioaren nondik norakoez eta Espainiako Gobernuaren diru funtsaren exekuzioaz galdetu dio. Izan ere, azaldu du 600.000 euroko funtsa «galtzeko» arriskua dagoela proiektuari ekiten ez bazaio.

Galderari erantzunez, Melgosak azaldu du Jaurlaritza ez dela elizaren jabe eta ez dela izango etorkizunean ere, haren lagapena memoria gunearen ardura hartuko duen fundazioaren esku geratuko delakoan, «behin hura eratzen denean». Fundazio hori datozen asteetan eratuko da, sailburuaren hitzetan; izan ere, gaineratu du haren parte izango diren erakundeen arteko negoziazioak «aurreratuta» doazela. Zehazki, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Gasteizko elizbarrutia, eta Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek osatuko dute.

Melgosak azaldu du eliza uzteko prozesua martxan dela, baina ezingo dutela erabili 600.000 euroko funtsa, ez direlako eraikinaren jabeak. Argudiatu du behin fundazioa eratuta elizbarrutiak hari egingo diola lagapena, eta ez Eusko Jaurlaritzari; EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren akordioaren arabera, funtsa kudeatu beharko lukeenari.

Era berean, udal eta foru hauteskundeak erabili ditu lanak atzeratzeko arrazoi gisa: «Zentzuduna zirudien aldundia eta udala ordezkatuko dituzten kideak maiatzeko hauteskundeetatik ateratako gobernuek izendatzea».

Arzuagak, baina, X sare sozialean salatu du Elizak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarri egozten diotela egin beharreko lanen ardura, hura eta hura zuzentzeko fundazioa osatzeko lan egin beharrean. Arzuagaren esanetan, San Frantzisko eliza memoria gune bihurtzeko ardura hiru erakunde horiena da, baina «pixkanaka erortzen» ari da, ez dutelako esku hartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.