Bortz ordu inguruko bilera izan zuten atzo Espainiako autonomia erkidegoetako ordezkariek. Bertan onartu zuten –Kataluniak izan ezik, abstenitu egin baitzen– Kanarietara eta Ceutara (Espainia) bakarrik iristen diren adin txikiko 347 migranteren banaketa –Hego Euskal Herrira 33 iritsiko dira–. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak, baina erran du erabaki hori «adabaki bat» bertzerik ez dela: «Horrela ez da migrazio politikarik egiten».
Melgosaren iritziz, Espainiako Gobernuak hartutako erabakiak PP Alderdi Popularraren gobernuak erakartzeko helburua soilik zuen, eta, hortaz, atzokoa migrazioari buruz onartzen duten «azkeneko plana» izanen dela aurreratu du. Izan ere, eurek proposamen zehatzak aurkeztu zituztela gogoratu du, baina ez dutela ezertarako balio izan. Zehazki, Melgosak bilera baino lehen aldarrikatu zuen «kontingentzia plan» baten beharra, «errealitate estruktural bat» delako. Azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzak babesten duen plan hori «jokaleku posible batzuen aurreikuspenean eta planifikazioan» oinarritu beharko litzateke.
Espainiako Atzerritarren Legearen erreforma ere hizpide izan zuten atzoko saioan. Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroak adierazi zuenez, PPk agintzen duen autonomia erkidegoetako bakar bat ere ez zen horri buruz solastatu; Ceuta izan ezik, zeinak adierazi zuen erreforma hori «aukera» dela «behin betiko konponbidea» emateko «gainezka» dagoen harrera sareari. Ordea, sozialistek agintzen duten lurraldeek nahiz Jaurlaritzak proposamena ontzat jo zutela adierazi zuen Torresek.
Horietako bat da Nafarroa, Mari Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak adierazi baitu proposatutako erreforma «ona» dela: «Adingabeen egoitzak gainezka daudenean, batez ere Kanarietan, Ceutan eta Melillan, adingabeak iristen direnean arazoari konponbidea ematen ahalko diogu». Gehitu du, gainera, ez duela PPren jarrera ulertzen, egoerak guztien «konpromisoa» eskatzen duelako.