Hizkuntza gutxituak. Murgiltze eredua

Mehatxuen aitzinean, tinko

Eskolim sareko eragileek diote murgiltze eredua dela hiztun osoak lortzeko aterabide bakarra. Konstituzio Kontseiluaren ebazpenarengatik, segurtasunik gabe aritu beharra salatu dute, eta Frantziako Konstituzioa aldatzearen alde agertu dira.

Eskolim sareak Parisen 2019an egin zuen manifestazioa. BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Diwan Bretainian, Bressola Ipar Katalunian, ABCM Zweisprachigkeit Alsazia Moselan, Calandreta Okzitanian, eta, laster, Scola Corsa Korsikan. Horiek dira, Seaskarekin batera, Eskolim sarea osatzen duten eragileak, Frantziako Estatuaren menpe diren lurraldeetako hizkuntza gutxituetako murgiltze ereduak. Ipar Euskal Herrian, Seaskak lehen ikastola zabaldu zuen 1969an, Arrangoitzen (Lapurdi); helburu argia zuten orduan: ikasgai guziak euskaraz ematea, eta ikastetxe barneko bizia ere euskara hutsean egitea. Hura eredutzat hartuta, beste hainbat herrialdetan sortu zituzten murgiltze ereduak, bertako hizkuntza gutxituetan, horiek ere, helburu argi batekin: herrialdeko hizkuntza mintzo duten hiztun osoak sortzea.

Murgiltze eredua garatzen duten elkarteek, luzaz, ez dute Frantziako Estatuaren babesik jaso; herri mugimenduek eramandako borroka luzeen ondorio baitira lortutako itunak eta laguntzak. Dena den, babes juridiko apala dute egun ere, iragan astean Frantziako Konstituzio Kontseiluak agerian utzi zuen gisara: murgiltze eredua Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela ebatzi zuen. Ebazpenak zuzeneko ondorioak ditu Eskolim sareko elkarteentzat, eta beren etorkizuna zalantzan ikusten dute guziek.

Molac legea esperantza iturri izan zitekeen murgiltze ereduarentzat, Frantziako Hezkuntza Kodean ezagutza ukanen zuelako, eta, ondorioz, babes juridikoa. Paul Molac Bretainiako diputatuak aurkeztu zuen lege proiektuak senatarien gehiengoaren onarpena jaso zuen Frantziako Senatuan, baita diputatuena ere Frantziako Asanblean. Eskolim sareko elkarteek, orduan, bozketa «historikoa» zela nabarmendu zuten. Baina Errepublika Martxaneko 61 diputatuk Konstituzio Kontseilura jo, eta auzitan jarri zuten ikastetxeak diruz laguntzeko 6.artikulua. Kontseiluak, ordea, lege proiektuko beste bi artikulu jo zituen konstituzioaren kontrakotzat: murgiltze eredua legeztatzeko 4. artikulua, eta agirietan ñ-ren gisako zeinuak erabiltzeko 9. artikulua. Ebazpena ikusirik, kexu agertu ziren Eskolim sareko elkarteetako lehendakariak.

Yann Uguen Bretainiako Diwan elkarteko lehendakariak honela gogoratzen du ebazpena jaso zuteneko unea: «Bagenekien helegitea izan zen momentutik arriskua izan zitekeela beste artikuluei ere erreparatzeko. Ebazpena ikusita, harridura, haserrea eta izialdura sentitu ditugu. Gure kontrako eraso baten moduanulertu dugu, argiki». Bretainiako kasuan, gainera, zeinu diakritikoei buruzko erabakiak oihartzun handia duela azaldu du: «Murgiltze sistemaz harago doa auzia. Zeinu diakritikoak ditu bretoierak. Beraz, herritarren parte handi bat hunkitzen du erabaki horrek, eta eraso frontal baten moduan ikusi dute anitzek». Hala, Konstituzio Kontseiluaren ebazpena «atzerakoia» da haren ustez, eta murgiltze eredua «segurtasunik gabe» uzten du. «Sekulakoa da: lege bat proposatua izan da murgiltze ereduari babesa emateko, eta guztiz kontrakoa gertatu da. Badira aitzinatze txiki batzuk maila juridikoan, hala nola ikastetxeen diruztatzea, baina, konstituzio mailan, alimaleko atzerapausoa da», deitoratu du Uguenek.

Harekin bat egin du Jean Louis Blenet okzitaniarrak, Calandreten elkarteko lehendakariak:«Txundigarria da. [Frantziako] Hezkuntza ministroa [Jean Michel Blanquer] saiatu da pedagogia mailan emaitza bikainak dituen eredu bat debekatzen, haren zerbitzuek beraiek diotelarik eraginkorra dela. Sinestezina da». 61 diputatuen helegitea ez zuen espero Blenetek, eta salatu du Blanquerren «azpijoko» bat izan dela, Frantziako Gobernuak «gidaturik». Haserre mintzatu da Blenet; Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituak «desagerrarazi» nahi dituela uste baitu, «garbiketa linguistikoa» egiteko. Are gehiago, Konstituzio Kontseiluaren ebazpena «jarrera kolonialtzat» jo du: «Ez da Konstituzio Kontseilua: Kontseilu Koloniala da».

Garatzeko, oztopoak

Bressola Ipar Kataluniako murgiltze ereduetako lehendakaria eta Eskolim sareko bozeramailea da Jean Sebastien Haydn. Hura ere asaldaturik mintzatu da, Paristik hartutako erabakia arrunt jokoz kanpo dagoela uste baitu. Molac legea beharrezkoa ikusten zuen Ipar Katalunian murgiltze eredua garatzen segitzeko. «Badakigu lurralde hizkuntzak ikasteko manerarik egokiena murgiltzea dela. Hori oztopatu nahi izateak argiki erakusten du benetan jomugan dena hizkuntza bera dela».

Alsazia Moselako ABCM Zweisprachigkeit sareko lehendakaria da Karine Sarbacher, eta, dioenez, alsazierak gogorki pairatu lezake Parisek hartutako erabakia. Izan ere, itunpeko elkarte bat da ABCM, baina, egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, elebitasuna garatu dute luzaz. 2017tik, ordea, murgiltze sistema azkartzeko erronka dute. Ordutik ireki dituzten eskola berrietan aplikatzen dute murgiltzea, eta pixkanaka hedatzeko asmoa dute. «Garatzen ari gara, eta, murgiltze hutsean esperientzia gutxiago izanik, zinezko arrangura sortu digu erabakiak».

Gainera, Estrasburgoko (Alsazia) Prefeturak oztopoak jarri izan dizkiela salatu du; horren aitzinean, legeak babes juridiko bat emanen ziela argi du. «Jadanik batailak eraman behar izan ditugu estatuarekin, eta garatzeko ez dugu beste aukerarik: babes juridikoa behar dugu». Bestalde, deitoratu du «demokraziaren kontrakoa» izan dela ebazpenera iristeko ibilbidea: «Diputatuen eta senatarien gehiengo zabalak Molac legea onartu du. Hautetsi batzuek, gutxiengoan izanik ere, oztopatzea erabaki dute».

Korsikan, egoera pixka bat diferentea da. Scola Corsa elkartea sortu berri dute, murgiltze eredua plantan ezartzeko. Datorren irailean irekitzekoak dituzte lehen bi ama eskolak, Bastia inguruan. Jeanne Julien proiektuaren parte da, urteetan eskola elebidunean irakasle izan da, eta haren asmoa da Scola Corsan irakasle sartzea, lehen maila garatu bezain laster. «Hiztun osoak sortzeko, murgiltzea beharrezkoa da. Paristik heldu den erabakiak aitzina hartu digu, garatu gabe ere, jada oztopatuak gara», salatu du.

Konstituzioa aldatzera

Mehatxuen eta segurtasunik ezaren aitzinean, elkarrekin borrokatzeko premia erakutsi dute Eskolim sareko eragile guziek. Horretarako, Konstituzio Kontseiluak ebazpena eman bezain laster, «seinale azkar» bat igorri nahi izan diote Parisi. Lehenik, murgiltze ereduek funtzionatzen segitu ahal izateko bermeak galdegin dizkiote Frantziako Gobernuari, eta hainbat herrialdetako ordezkariek hizkuntza gutxituen kontrako «eraso antolatua» salatu zuten, berehala. Azken egunotan, Frantziako Gobernuak «presioa» sentitu duelakoan daude. Izan ere, Emmanuel Macron presidenteak hala adierazi zuen: «Frantziako Gobernuari eta Parlamentuari eskatu diet bitartekoak atzeman ditzatela aniztasun linguistiko hori bermatzeko, duela mende erditik ezaguna den esparru pedagogikoa errespetatuz». Eskolim sareko hainbat elkarteri erreferentzia zuzenekoa egin zien, hala.

Diwaneko zuzendari Uguenek uste du «eztabaida lasaitzeko ahalegin» bat dela, baina «ez da nahikoa». Hitzen gainetik, ekintzak behar dituztela azpimarratu du. Calandretetako lehendakari Bleneten arabera, Frantziako Konstituzioa aldatzea da ondoko erronka: «Konstituzioaren 75-1 artikuluak dio lurralde hizkuntzak Frantziako ondarearen parte direla. Baina, ikusi dugunez, ez du ezertarako balio, ez du berme izpirik ematen. Beraz, 2. artikulua da aldatu beharrekoa; Frantziako hizkuntza frantsesa dela dioena». Jeanne Julien korsikar irakasleak mesfidantzaz hartu ditu Macronen hitzak: «Seinale ona da, baina ikasi dugu mesfidatu behar dugula. François Hollande Frantziako presidente ohiak zin egin zuen Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsiko zuela, eta ez zuen sekula egin. Macronek orain hitzematen du bermeak atzemanen dituela; ea egia den».

Eskolimeko bozeramaile Haydnek ere Frantziako Gobernuaren partetik «keinu azkar» bat espero du. «Hizkuntza gutxituen irakaskuntza konstituzioaren kontrakoa bada, konstituzioa aldatzea da aterabidea. Frantziako Gobernuak pentsatzeko molde bakar bat inposatu nahi du», esplikatu du. Dena den, haren ustez, Frantziako Gobernuak «lurraldeen haserrea» sentitu du, eta uste du mobilizatzen segitzea ezinbestekoa dela.

Ondoko urratsak

Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko bidean, masiboki mobilizatzearen beharra azpimarratu du Eskolim sareak. Atzo, herrialde guztietan dozenaka mobilizazio egin zituzten, baina argi dute borrokak tinko segitu beharko duela. «Bataila horretan engaiatuak gara, eta bururaino joanen gara. Lortu dugu hizkuntza gutxituen auzia goraino eramatea; ez da gutxi», segurtatu du Sarbacherek. Blenetek ere argi du mobilizatzen segitzea garrantzitsua izanen dela. Haren arabera, Frantziako Estatutik harago eraman behar da aldarria: «Nazioartean lotsagarria da Frantziak hizkuntza gutxituekin duen jarrera. Europako erakundeetara joko dugu babesa lortzeko».

Hala ere, denboraz larri daudela oroitarazi dute denek. Uguen: «Segurtasuna behar dugu, berehala. Gure irakasleak, gure gurasoak eta gure ikasleak segurtasun izpirik gabe ari dira. Kasurako, ez dakigu irakasleen postuak nola diruztatuak izanen diren. Erantzunak behar ditugu, segidan». Julienek ere, galde bera du: «Ikusi dugu hizkuntza gutxituen aldeko mugimendua handia dela. Frantziako Gobernuak fite erantzun beharko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.