Mehatxuak egin dizkiote pederastiaren biktimen elkarteko lehendakariari

Jesus Zudairek salatu du «mezu lizunak» direla. Guardia Zibilak ukatu egin dizkio babes neurriak

Jesus Zudaire, Lizarran, abusuen biktimen elkarteko beste kide batzuekin batera. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
«Gustukoen genuena zen zuzendariak zirri egiten zigunean; beraz, ez ezazu orain biktima plantarik egin». Jesus Zudairek jasotako lehen anonimoa letra larriz idatzirik zegoen, paperezko musuzapi batean. Etxeko ezkaratzean aurkitu zuen, iragan aste bukaeran. Ordutik, ia egunero jaso ditu oharrak, ate azpian tolestuta. Azken biak, astelehenean. Zortzi jaso ditu guztira.

Sexu abusuak pairatu zituen Zudairek 1960ko hamarkadan, Lizarrako El Puy eskola katolikoan (Nafarroa). Orain, gisa bereko testigantzak bildu eta ikastetxe erlijiosoetako pederastia kasuak salatzeari ekin dio, Ikastetxe Erlijiosoetako Sexu Abusuen Biktimen Elkarteko presidente gisa—horren berri eman zuen BERRIAk urriaren 4an argitaratutako erreportajean—. Urteetan eraikitako segurtasun sentsazioa, baina, kolpe bakarrez birrindu zaio. Bat-batean, burura etorri zaizkio aspaldi gainditutako arrangurak, denak batera. Biktimaren rolean ikusi du bere burua, berriz ere.

«Lur jota nago oraintxe», aitortu du. «Ezinegon handia eragin didate ohar horiek, informazio pribatua daramatelako». Sexu edukia dute gutun gehienek: «Lizunak dira, gustu txarrekoak eta, oro har, era traketsean idatzita daude, baina argi dago pertsona horrek ezagutzen nauela, eta erraztasun handia duela nire etxeko atariraino sartzeko».

Oharretan, aipamena egiten zaie El Puy ikastetxeko zuzendari izandako Jose San Julian apaizari —haren kontrako salaketa jarri dute hainbat biktimak, sexu abusuengatik—, elkarteko beste zenbait kideri eta Zudaireren emazte ohiari: «Mezuok idatzi dituenak badaki apaizek gutaz abusatzen zutela, baina, horrez gain, gutunetan aipatzen du emazteagandik banandu nintzela, eta une oro erabiltzen du eskolan jarri zidaten izengoitia: Florin. Horrek harritu nau gehien». Álvaro izenaz sinatuta daude mezuetako batzuk.

Ohar batetik bestera mezuen estiloa «gogortu» egin dela uste du Zudairek: «Hasieran, lizunkeriak besterik ez ziren: 'nola gozatzen genituen eskolako zuzendariaren ukituak', 'nire ametsetako gizona zara', 'nitaz ahaztu zara'... Jaso ditudan azken gutunetan, ordea, mehatxuak ere badira: zortzi laguneko kuadrilla direla esaten didate, eta nirekin masturbatzeko gogoz dabiltzala. Hauetako egunen batean nire etxera etorriko direla ere ohartarazi didate».

Ohar guztiak bilduta, salaketa aurkeztu du Zudairek, Lizarrako Guardia Zibilaren kuartelean. «Galdetu zidaten ezagutzen ote nuen hori egiteko gai zen norbait. Pare bat izen eman nituen, eta ikertzen ari dira, baina, egia esan, askotxo datozkit burura orain: koronel frankista baten semea, abusuak egin zizkioten gelakide izandako bat, Lizarrako Voxeko militante ezagun bat...».

Zaintza polizialik ez

Ikastetxe Erlijiosoetako Sexu Abusuen Biktimen Elkarteko lehendakariak datu gehiago ere eman zizkien guardia zibilei; besteak beste, anonimo guztiak etxeko ezkaratzean uzten zizkiotela, goizean goiz. «Goizeko lehen orduan, kalera irtetean ikusten ditut oharrak, ate azpian. Hori kontuan izanda, errazagoa izan behar luke egilea harrapatzea edo identifikatzea».

Hori dela eta, ordu horietan zaintza poliziala edota babes neurriak jartzeko eskatu zuen Zudairek, salaketa aurkeztearekin batera: «Ez dut bizkartzain bat nahi egun osoan, baina goizaldeko lehen orduan, adibidez, polizia bat jar dezakete, kaleko jantzita». Guardia Zibilak, baina, ezezkoa eman dio. «Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek askotan salatu duten egoera da: oraingoz ez didatenez eraso fisikorik egin, ezin omen dut babes polizialik eskatu. Min ematen badidate, orduan bai. Ordurako, ordea, beranduegi izan daiteke».

Orain arte, elkarteko gainerako kideen babesa jaso du Zudairek, eta horrek indarra eman dio pederastia kasuak salatzen segitzeko. «Argi daukat ni gogaitzea eta beldurtzea dela jazarlearen helburua, amore eman dezadan, baina ez dut isiltzeko edo elkartea uzteko asmorik batere».

Nafarroako Gobernuarekin eta parlamentuko talde guztiekin batzartu dira plataformako ordezkariak orain arte. Atzo, bilera egin zuten legebiltzarrean, eta ordezkari politikoek aukera izan zuten ikastetxe erlijiosoetako zenbait biktimaren testigantzak bertatik bertara ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.