Mehatxu nuklearrari gaina hartu zion herria

Lemoizko zentralaren proiektua eten zuen Energia Planari bide eman zion, gaur 40 urte, Espainiako Kongresuak. Gizarte presioak eta ETAren ekintza armatuek behartu zuten egitasmoa alboratzera, azpiegituran uranioa sartzea soilik falta zela.

LEMOIZKO ZENTRAL NUKLEARRA
Lemoizko zentral nuklearrareren irudi bat. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
inaki petxarroman
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

1984ko ekainaren 28an Espainiako Kongresuak oniritzia eman zion Espainiako Energia Planari. Plan horrek, besteak beste, behin-behinean geratu zituen bost zentral nuklear proiektu, tartean Lemoizko zentralarena. Modu horretan, amaitu egin zen hamarkada luze batez iraun zuen gatazka gordin bat, besteak beste, hamar lagun hil eta ehunka zauritu zituena, eta gizartean eta politikan tentsio eta aztoramendu handia sortu zuten gatazka sozial, politiko eta armatua eragin zuena.

1984an bi urte ziren, praktikan, ez aurrera ez atzera zegoela Lemoizko zentral nuklearraren proiektua. Eraikuntza bukatuta, eta energiaren sorkuntza nuklearra ahalbidetuko zuen uranio aberastua falta zelarik, bertan behera utzi zuten Lemoizko egitasmoa, ETAk Angel Pascual Mujika zentraleko zuzendaria hil baitzuen, 1982ko maiatzean. Urtebete lehenago, Jose Maria Ryan ingeniari burua bahitu eta hil zuen. Gatazka ekologista izan zen Lemoizkoa, baina, Euskal Herriaren trantsizioko urte nahasietan gertatu zenez, jardun armatuaren eraginpean, ingurumen auzi bat baino dezente gehiago bihurtu zen.

Izatez, 1972ko apirilaren 18an hasi zen dena, modu ofizialean behinik behin. Egun hartan jaso zuen Mungiako Udalak (Bizkaia) Iberduero SA enpresaren idatzi bat, Lemoizko Barasordako kalan zentral nuklear bat eraikitzen uzteko eskatzeko. Ez zen Euskal Herriko egitasmo nuklear bakarra. 1970eko hamarkadan nuklearizazioaren arrisku bizia izan zuen Euskal Herriak, eta Kantauri kostaldeak zehazki. 1973an, Lemoizkoaz gain, beste hiru zentral nuklear eraikitzeko baimena eskatu zion Iberduerok Espainiako Gobernuari: Deban (Gipuzkoa), Ea-Ispasterren (Bizkaia) eta Tuteran (Nafarroa). Guztira, hamabi erreaktore eta 12.000 megawatteko potentzia. Egitasmo horiek denak aurrera eraman izan balira, mundu osoan gehien nuklearizatutako herrialdea izango litzateke Euskal Herria. Ez zen hala gertatu, baina.

Debako eta Tuterako egitasmoak instituzioen kontrako jarrerak eta gizartearen mobilizazioak geratu zituztela ondoriozta daiteke. Bi kasuetan, herritar eta gizarte mugimendu sendoak ez ezik, bertako udal, diputazio eta agintarien aurkako jarrera ere topatu zuten proiektu nuklearrek. Ea-Ispasterreko proiektua ere bertan behera geratu zen, inor gutxik dakiela oso ondo zergatik. Lemoizkoak, baina, aurrera jarraitu zuen.

150.000

Bilbon, 1976an, zenbat herritar bildu ziren Lemoizko zentralaren aurka egin zen manifestazioan Euskal Herrian 1936ko gerraz geroztik mobilizazio batean batu zen jendetzarik handiena izan zen: 150.000 lagun. Beste horrenbeste herritarren sinadurak bidali zizkion Nuklearrik Gabeko Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordeak Bizkaiko Foru Aldundiari aurreko urtean, proiektuaren aurka.

Zentralaren kontra sortu zen Nuklearrik Gabeko Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordea 1976ko maiatzean, eta hark zuzendu zuen geroztik proiektuaren aurkakoen bide orria; hark eta haren inguruan sortu ziren herri, auzo eta eskualdeetako komite antinuklearrek. 1976an bertan, 150.000 sinadura helarazi zizkioten Bizkaiko Foru Aldundiari, zentraleko lanak bertan behera uzteko eskatuz. Hurrengo urtean, berriz, gerraosteko Euskal Herriko manifestaziorik jendetsuenean, 150.000 lagun batu zituzten Bilboko kaleetan.

Protesta bide zabal, irudimentsu eta luze baten hastapenak ziren. Era guztietakoak izan ziren Lemoizko zentralaren aurkako mobilizazioak: eserialdiak, itzalaldiak, argindar fakturak ordaintzeari uko egitea, manifestazioak, grebak... Langileek ere esku hartze handia izan zuten Lemoizko zentralaren aurkako borrokan. Eraikuntza lanean aritu arren, haietako zenbaitek desegin eta boikotatu zituzten lanak, hartan aritu ziren behargin batzuek gero jakinarazi izan duten moduan.

Zentralean lanean aritu zen Jose Antonio Torre Altonaga Medius ETAko kide ohiak gogoan du beharginak oso kontziente zirela zer rol jokatzen zuten, eta bazekitela garrantzitsua zela obrak ahalik eta gehiena atzeratzea. «Zenbat eta gehiago luzatu eraikuntza lanak, horrek aukera emango zion herriari armatzeko eta kontrako jarrera indartzeko; eta, beraz, edozein traba, txikia izanik ere, garrantzitsua zen».

Behin-behineko instalazio elektrikoaren arduradun izan zen MediusLemoizen, eta gogoan du zenbatetan aurkitzen zituzten kableak moztuta edo gailuak hondatuta. Obrak luzatzeko eta atzeratzeko estrategia horretan ezinbesteko rola jokatzen zuten grebek. «Urtean 10-12 greba egun izaten genituen, eta eragin handia izaten zuten. Ez dakit behar besteko garrantzia eman zaion langileek jokatutako rolari, baina uste dut beharbada inportantzia handiagoa eman behar izan geniola garai hartan».

Lemoizko zentral nuklearraren kontrako manifestazio bat, Bilbon
Lemoizko zentralaren aurkako manifestazio bat, Bilbon, 1980ko maiatzaren 30ean. EGUZKI

ETAren esku hartzea

Hasieran albotik beha bezala geratu bazen ere, Lemoizko zentrala aurrera zihoala jabetuta, armaz erantzutea erabaki zuen ETAk. 1977an egin zuen zentralaren aurkako lehen ekintza. Geroztik, erakundeak ehunka sabotaje eta atentatu egin zituen Lemoizko zentralaren aurka eta Iberdueroren azpiegitura eta interesen aurka. Hildako kideak ere izan zituen erakundeak.

Gatazkak eraildako lehena, hain zuzen ere, ETAko kide bat izan zen: David Alvarez Peña. 1977ko abenduaren 10ean, zentralean sartu, eta tiroketa bat izan zuen guardia zibilekin. Zauritu, eta hilabete batez egon zen ospitalean, baina azkenean hil egin zen. Lemoizko proiektuaren aurkako gatazka hartan, Alvarez Peña ez ezik, ETAko beste hiru kide ere hil ziren: Jose Ricardo Barros, Tuteran, Iberdueroren argindar azpiestazio batean lehergailua jartzen ari zela; eta Jose Javier Aleman eta Javier Valencia, Tafallan, argindar poste baten kontrako bonba bat jartzen ari zirela.

«[Zentralaren] Bihotzean ipini genuen lehergailu hura, eta oso inportantea izan zen, zeren horrek urte biko atzerapena ekarri zion proiektuari».

JOSE ANTONIO TORRE ALTONAGA
'Medius' ETAko kide ohia

1978an ETAk lehergailu bat jarri zuen zentral nuklearraren erreaktorean. Abisua eman bazuen ere, ez zuten ingurua behar bezala hustu, eta leherketa horretan bi langile hil ziren: Alberto Negro eta Andres Guerra. Ekintza horregatik atxilotu eta zigortu zuten Torre Altonaga Medius handik hilabete batzuetara, eta hamarkada askoren ostean, egitasmoa atzeratzeko izandako garrantzia azpimarratu du: «Bihotzean ipini genuen lehergailu hura, eta oso inportantea izan zen, zeren horrek urte biko atzerapena ekarri zion proiektuari».

Hori baino erabakigarriagoa izan zen, baina, 1981etik aurrera ETAk zentraleko arduradunen aurka hasi zuen kanpaina armatua. Besteak beste, urte hartan, urtarrilaren 29an, Jose Maria Ryan ingeniariburua bahitu zuen, eta astebeteko epea eman zion Iberduerori zentrala eraisteko. Handik astebetera hilda agertu zen Ryan. Ekintza horrek asko zaildu zion Iberduerori zentraleko teknikariak aurkitzea, eta dimisio ugari jaso zituen, bizitza segurtatua ez zutela argudiaturik. Izan ere, atentatu horrekin batera, ETAk zentraleko goi arduradun guztiak jomugan jarri zituen, Egin egunkariak kaleratu zuen komunikatu baten arabera.

Obrak geldi antzean egon ziren hainbat hilabetez, EAJko kide Angel Pascual Mugikak zentralaren zuzendaritza bere gain hartu zuen arte. Ez zuen asko iraun postu horretan. ETAk hil zuen Bilbon, tirokatuta, 1982ko maiatzaren 5ean. Handik egun batzuetara Iberdueroko teknikari guztiek lanpostua utzi zuten, lan egiteko baldintzarik ez zela eta. Astebetera, Iberdueroko Administrazio Kontseiluak behin-behinean eten zituen lanak, bere langileen segurtasuna bermatzeko ezintasunagatik.

Gatazkak ekarri zuen hildako gehiago ere. ETAk zentraleko turbinan jarri zuen lehergailu batek eztanda eginda hil zen Angel Baños langilea, zentrala husteko abisua entzun ezinda. Poliziaren bortizkeriaren ondorioz hil zen Gladys del Estal militante ekologista, Tuteran egiten ari ziren protesta baketsu batean Jose Martinez Salas guardia zibilaren tiroek eragindako zaurien ondorioz. Hilketa horrek haserre handia eragin zuen, eta mobilizazio handiak izan ziren erantzun gisa Euskal Herri osoan. Besteak beste, greba egun bat antolatu zen.

Gladys del Estalen hileta, Donostian
Guardia Zibilak hildako Gladys del Estal ekintzaile ekologistaren hileta, 1979ko ekainaren 5ean, Donostian. EGUZKI

Erreferenduma eta EAJ

Lemoizko gatazka gordina amaitzeko, herri mugimenduak behin baino gehiagotan proposatu zuen erreferendumaren aukera. EAJk ere bat egin zuen zenbaitetan irtenbide horrekin, baina, behin ere ez zen gauzatu, eta proiektua aurrera ateratzen tematu ziren indarrekin lerratu zen. Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzaren orduko lehendakariak duela 22 urte Euskaldunon Egunkaria-ri emandako elkarrizketa batean azaldu zuen bera erreferenduma egitearen aldeko zela, baina Madrilek ez zuela aukerarik eman horretarako.

Irtenbide horren aurkako oztopoak, baina, ez zeuden Madrilen bakarrik, lehendakari ohiak aitortu zuenez. Bizkaian ere, EAJn, zehatzago esanda, guztiek ez zioten begi onez begiratzen irtenbide posible horri. Garaikoetxea: «Ohartu nintzen Iberduerok oso harreman ona zuela EAJrekin. La Transición Inacabada liburuan kontatzen dut nola antzoki batean Iberdueroko lehendakari Pedro Areitio etorri zitzaidan, eta esan zidan alderdiarekin bezain harreman ona izan nahi zuela nirekin. Orduan ohartu nintzen agian alferrik ahalegintzen ari nintzela».

Orduko Espainiako presidente Leopoldo Calvo Sotelok Eusko Jaurlaritzari iragarri zion, 1982ko otsailaren 2an, ez zuela Lemoizko zentralari buruzko erreferendumik egingo. Ramon Labaien Jaurlaritzako eledunak erantzun zuen «hanka sartze bat» iruditzen zitzaiola erabakia. Egunkaria-k argitaratutako elkarrizketa hartan, Garaikoetxeak aitortu zuen ETAren presioaren ondorioz gelditu behar izan zutela Lemoizko zentral nuklearra.

«Iberdueroko lehendakari Pedro Areitio etorri zitzaidan, eta esan zidan alderdiarekin bezain harreman ona izan nahi zuela nirekin. Orduan ohartu nintzen agian alferrik ahalegintzen ari nintzela».

CARLOS GARAIKOETXEAEusko Jaurlaritzako lehendakari ohia

Erakunde armatuak Pascual Mujika hil ostean, bertan behera utzi zuten Lemoizko zentralaren egitasmoa. Espainiako Gobernuak hartu zuen bere gain zentral nuklearra, «interes publikoko arrazoiengatik», eta, gaurko egunez, duela 40 urte, 1984ko ekainaren 28an, Espainiako Kongresuak onartu zuen Energia Planean hamar urteko luzamendua ezarri zioten proiektuari. Hori izan zen bukatuta zegoen zentral nuklear bat ixteko erabaki ofiziala.

Geroztik, hainbat proiektu egon dira bertan, eta 2019an, Iberdrolak Espainiako Gobernuaren esku utzi zuen eremua, eta hark Eusko Jaurlaritzaren esku. Milaka tona porlan, burdin eta zabor geratu dira Barasordako kaiaren gainean. Eraispenaren kostua «handiegia» zelakoan geratu zen zentrala han, mamu baten antzera. Hori bai, Iberduerok —gero Iberdrola bihurtu zen— kalkulatu zuen 2.273 milioi euro gastatu zituela Lemoizko zentrala altxatzen, eta kostu hori herritar guztien gainean uztea onartu zioten erakundeek. Hala, 1996tik 2015era arte argindarraren faktura %1,72 garestitu zion herritar bakoitzari, Lemoizen izandako gastuak berdintzeko xedearekin.

Kronologia

  • 1972ko apirilaren 18a. Iberduerok baimena eskatu zion Mungiako alkateari Lemoizen zentral nuklear bat eraikitzeko. 
  • 1973ko irailaren 27a. Iberduerok beste hiru zentral nuklear eraikitzeko baimena eskatu zuen: Deban (Gipuzkoa), Ispasterren (Bizkaia) eta Tuteran (Nafarroa).
  • 1976ko maiatza. Nuklearrik Gabeko Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordea eratu zuten.
  • 1977ko uztailaren 3a: Hiru lehergailu zartatu zituzten Lemoizko zentraleko jangelan.

  • 1977ko uztailaren 14a: Zentraleko lanak bertan behera uzteko eskatu zuten 150.000 herritarrek Bilbon.

  • 1977ko abenduaren 10a: ETAren komando bat Lemoizko zentralean sartu zen, eta tiroketa bat izan zuen Guardia Zibilarekin. David Alvarez Peña larri zauritu zuten, eta handik hilabetera hil zen.

  • 1978ko martxoaren 17a: ETAk lehergailu bat jarri zuen zentraleko erreaktorean. Abisu eman bazuen ere, bi langile hil ziren leherketan: Alberto Negro eta Andres Guerra.

  • 1979ko apirilaren 23a: Euskal Kontseilu Nagusia erreferendum bat egitearen alde agertu zen.

  • 1979ko ekainaren 3a: Tuteran, protesta baketsu batean, guardia zibilek tiroz hil zuten Gladys del Estal militante ekologista.

  • 1979ko ekainaren 13a: ETAk lehergailu bat jarri zuen zentraleko turbinetan. Abisu eman zuen, baina leherketan hil zen Angel Baños Espada langilea.

  • 1981eko urtarrilaren 29a: Jose Maria Ryan Lemoizko zentraleko ingeniariburua bahitu zuen ETAk. Egun berean, Jose Ricardo Barros ETAko kidea hil zen Tuteran, Iberdueroko azpiestazio batean jartzen ari zen lehergailuak eztanda eginda.

  • 1981eko otsailaren 6a: Ryan hilda agertu zen, Zaratamon.

  • 1982ko otsailaren 2a: Espainiako Gobernuko presidente Leopoldo Calvo Sotelok jakinarazi zion Carlos Garaikoetxeari ez zuela erreferendumik egingo Lemoizen inguruan.

  • 1982ko maiatzaren 5a: Angel Pascual Mujika Lemoizko zentraleko zuzendaria hil zuen ETAk, Bilbon.

  • 1982ko maiatzaren 12a: Iberdueroko Administrazio Kontseiluak behin-behinekoz eten zituen zentraleko lanak.

  • 1982ko maiatzaren 13a: Jose Javier Aleman eta Jose Valencia ETAko militanteak hil ziren Tafallan, Iberdueroren poste baten ondoan, autoan zeramaten lehergailua zartatuta.

  • 1984ko ekainaren 28a: Energia Plana onartu zuen Espainiako Kongresuak. Bost proiektu nuklearren eraikuntza eten zuen neurriak, behin-behinean; tartean, Lemoizko zentralarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.