Klima larrialdia. Mende amaierako Euskal Herria

MEDITERRANEOA KANTAURI ERTZEAN

Euskal Herrian klima aldaketak hurrengo hamarkadetan izango dituen ondorioak xehatu ditu IPCCren 6. ebaluazio txosteneko bigarren ataleko Europari buruzko ikerketak. Munduaren berotzea hiru gradukoa balitz, klima mediterraneoko eremuak egungo eremuetatik erruz hedatuko lirateke.

inaki petxarroman
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Distopia bat erakusten duen mapa, mende bukaerako Europaren eremu klimatikoen hipotesi bat oinarri hartzen duena. Industria aurreko tenperatura aintzat hartuta, Lur planetako tenperatura lau gradu berotuko balitz, ia desagertuko litzateke gaur egun Eskandinaviako herrialdeetan nagusi den klima subartikoa. Halaber, hutsaren pare geratuko litzateke egun kontinentearen erdialde eta ekialdean nagusi den klima kontinentala, eta desertifikazio prozesu larria pairatuko luke Iberiar penintsulak. Andaluziatik eta Herrialde Katalanen hegoaldetik hasita, Euskal Herriaren atariraino helduko litzateke desertifikazioa, Ebro ibarretik iparraldera.

Izan ere, Euskal Herriari ere agintzen dizkio aldaketak ikerketak: gaur egun eremu handiak hartzen dituen klima ozeaniko epelak atzerapen handia izango luke, eta, haren ordez, erruz hedatuko lirateke klima mediterraneoa eta subtropikala. Mediterraneoari dagokionez, Kantauri mendebaldetik Bizkaiko kostaraino zabalduko litzateke, eta Landetatik Aturri ertzeraino. Frantziako mendebalde osoa eta Erresuma Batuko hegoaldera ere iritsiko litzateke klima mediterraneoa.

Lau graduko berotzea ez da zientzialariek gaur egun oso probabletzat jotzen duten hipotesietako bat, baina nabarmendu dute ez dela baztertzekoa. IPCCren txosten horretako egileetako bat izan da Jofre Carnicer Bartzelonako Unibertsitateko biologiako irakaslea. «Egia da mapa batzuk oso deigarriak direla, patroi klimatiko eta ekologikoetan aldaketa oso bortitzak erakusten dituztelako».

Mapa horietan gailentzen den hipotesia da gizarteak jarraituko duela berotegi gas isurketa handiak egiten. «Oro har, horiek ez dira hipotesi zentralak edo probabilitate handienekoak, baizik egoera apur bat muturrekoak, non gizarteek ez duten erreakzionatzen eta segitzen duten kutsatzen modu oso bortitzean. Hori esanda, agertoki hori ez da inola ere baztertzekoa, baina badira probabilitate gehiago duten beste batzuk, non aldaketa patroiak ez diren hain gogorrak».

Irudiaren deskribapena
 

Gaur egun 3,2 graduko berotze baten bidean doa mundua, indarrean den isurketen erritmoari eusten bazaio, behintzat. Gainera, atzeraelikatze sistema positiboak izaten ahal dira etorkizunean, eta horiek zailak dira aurreikusten, zientzialariek diotenez. «Garrantzitsua da ziurgabetasunaren printzipioa ere, beti aintzat hartu behar dena ingurumen zientzietan eta klima aldaketan. Beraz, zuhurtziaren printzipioari helduta, egokiena da hipotesi ezkorrak serio hartzea, eta izan daitezkeen kalteak leuntzeko berotegi gasen isurketak ahalik eta gehien gutxitzea».

Mundu osoko 270 zientzialarik egindako 34.000 ikerketa ditu oinarri Klima Aldaketarako Gobernuarteko Adituen Taldearen (IPCC) 6. ebaluazio txostenaren bigarren atalak. Europako proiekzioak lau eskualde geografikotan banatu ditu ikerketak, eta Euskal Herria, bere txikian, haietako bitan banatu dute. Bat hegoaldeko Europa izeneko multzoan sartu dute (Hego Euskal Herria) eta bestea, mendebaldeko eta erdialdeko Europakoan (Ipar Euskal Herria). Oro har, kontinente osorako 30-40 simulazio eredu baliatu dituzte ikertzaileek, eta hortik atera dituzte ondorioak. Horietako bat oso garbia da: «Klimak azkarrago berotzen jarraituko du Europa hegoaldean munduko gainerako tokietan baino».

Pirinioetatik itsasoraino

Euskal Herriari dagokionez, hiru eskualde klimatiko bereiz litezke gaur egun nagusiki: ozeaniko epela, mediterraneoa eta alpinoa. Txostenak iragartzen du mendialdeko eremu alpinoetan tenperaturak azkarrago igotzen jarraituko duela hurrengo hamarkadetan ere. «Ozeanoa mantsoago berotzen denez, eta beroaren %90 xurgatu duenez, kostaldearekiko interakzioaren ondorioz, luzera begira eragin larria izan dezake kostaldean. Bestalde, isurketa handiko agertokiek jarraitzen badute, Euskal Herriaren zati mediterraneoa zabaltzea espero dezakegu, eta gaur egun baino eremu handiagoa izatea. Gainera, ereduek erakusten dute Mediterraneoko tenperatura %20 azkarrago ari dela berotzen munduko batezbestekoa baino».

Oro har, txostenak bi agertoki nagusi bereizten ditu: Parisko hitzarmenak aurreikusten duen hipotesirik baikorrena betetzea eta tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzea —kontuan eduki behar da dagoeneko 1,1 gradu berotu dela batez besteko tenperatura industria aurreko aldiarekin konparatuta—; edota, gaur egungo joera berretsi, eta hiru gradutik gorako berotzea izatea mende bukaeran. Bigarren kasu horretan, desertifikazio joera hartuko du klimak, eta Iberiar penintsulako eremu handiak basamortu bihurtzeko arriskua izango lukete. Prozesu horrek Ebroko ibarrean ere eragina izango luke.

Espezieen galera

Klima ereduetan izango diren aldaketak, beraz, hurrengo hamarkadetako isurketen eta klima aldaketen araberakoak izango dira. Carnicerren esanetan, aurreikusten zailagoak dira biodibertsitatean eta ekosistemetan izango diren aldaketak. «Sistema ekologiko eta klimatikoen elementu batzuk aurreikustea errazagoa da. Adibidez, tenperaturaren bilakaera iragartzea errazagoa da tokian tokiko euri patroiak zertan geratuko diren asmatzea baino. Halaber, espezie bakoitzaren erantzunak aurreikustea oraindik zailagoa da».

IPCCren txostenak, baina, proiekzio bat egin du, tokian tokiko espezieen iraupen aukerak aztertuz, eta klima 1,5 edo 3,2 gradu berotzeko hipotesiak konparatuz. Euskal Herrian, 1,5 graduko berotze bat izanez gero, landareen eta ugaztunen %80 eta %100 artean mantenduko lirateke. Intsektuak, berriz, %60 eta %80 artean. Berotzea 3,2 graduko balitz, landareen %60 eta %80 artean mantenduko lirateke iparraldean, eta %40 eta %60 artean hegoaldean. Antzeko joera lukete ugaztunek ere. Kolpe gogorragoa hartuko lukete intsektuek: %60 eta 80 artean desagertuko lirateke barnealdean, eta pixka bat gutxiago kostaldean.

Espezieek ekosistemetan mantentzeko duten gaitasunari dagokionez, Euskal Herriak aldeko ezaugarriak ditu, altitude erliebe asko eta topografia konplexua dauzkalako. «Baldintza horiek aldekoak izango dira baldintza termiko ertainak dituzten espezieentzako, distantzia txikiko desplazamenduak egin ahal izango dituztelako. Zaurgarrienak izango dira altituderik handienetan bizi diren espezieak, mendiko larre alpinoetan, adibidez. Euskal Herrian, gainera, jada mugatuta daude ingurune horietako espezieak, eta, beraz, aurreikus daitezke desagertze batzuk».

Gehien sufrituko dutenak, beraz, espezie endemikoak dira, zabaltzeko aukera gutxi dituztenak, espezialistak direnak eta habitat oso zehatzetan bizi direnak. Beraz, klima aldaketaren garaian, espezie batzuk, gizataldeak bezala, kaltetuagoak izango dira beste batzuk baino. Sistema alpinoetakoak, koraletakoak, Laminaria algak...

Itsasoetan ere etorkizuneko iragarpenak ez dira baikorrak, txostengileen arabera: «Europako itsaso gehienetan espero da ekoizpen primarioak gutxitzen jarraituko duela 2100. urterako». Espezie guztiei erasango die prozesu horrek, baina Bizkaiko itsasoko espezieen galera nabarmentzen du txostenak atal batean.

1,5 eta 4 graduko berotze prozesuen arteko ezberdintasunak zehaztu ditu IPCCk txostenean, eta, berotzea zenbat eta handiagoa izan, iragartzen du galera gogorragoa izango lukeela antxoen ekoizpenak (%40-60 artean), sardinzarrenak (%80), berdelarenak (%20-40 artean), legatzarenak (%60-80 artean) eta sardinarenak (%40-60 artean)... Aldiz, atun espezieak gehitzea aurreikusten du. Itsasoko ura gero eta azidoago bihurtzea ere aurreikusi du txostenak, eta horrek kalte handia egingo die koralezko uharriei, itsaskiei eta oskol kareduna duten espeziei, oro har.

Pago eta haritz gutxiago

Euskal basoetako ikonoak diren espezieentzat ere ez dakar onik berotze globalak, IPCCk iragarri duenez. Esate baterako, pagadien eta hariztien galerak aurreikusi ditu txostenak. Hala azaldu du Carnicerrek iragarpen hori: «Pagadiak oso sentiberak dira klima aldaketaren ondorioekiko. Jadanik ikusten ari gara, presio klimatiko gogorren aurrean, nola defoliazio prozesuak dokumentatu diren eragin negatibo horien aurrean. Gainera, Europa hegoaldeko pagadiak, oro har, oso sentsibleak dira, iraganeko glaziazio prozesuetako hondar klimatikoak direlako». Europa hegoaldean, gainera, hiru graduko berotze batekin, nabarmen jaitsiko da basoen ekoizpen ahalmena.

Aniztasun genetiko handia dago Europa hegoaldeko pagadietan, askoz aberastasun handiagoa, esate baterako, Europa erdialdean eta ekialdean baino. Beraz, bioaniztasun hori ere arriskuan dago. Antzekoa gertatzen da hariztiekin ere, eta arrisku handien duten espezieen artean dago Euskal Herriko eremu atlantikoan nagusi den haritz kanduduna (Quercus robur). «Haritz horietan aurreikusten da eragin oso nabarmenak izan daitezkeela, eta ikerketa batzuek jadanik atzeman dituzte murrizketak euren hazte patroietan, esate baterako».

Eguraldia, muturretara

Denboraleek, lehorteek, bero eta eurite bortitzek gogorrago joko duten etorkizun bat ere aurreikusten du txostenak. Prezipitazio patroiek muturrera joko dutela iragarri dute, eskualde guztietan. Alegia, euria egiten duenean asko egingo du, eta, egiten ez duenean, bolada luzeak egingo ditu batere egin gabe. Elur geruzak ere nabarmen gutxitzea espero dute, 1.500 eta 2.000 metrotik behera, bereziki. Horrek zuzenki eragingo die Euskal Herriko mendiei, gehienak altitude horretatik behera daudelako.

Aurreikuspen sistemak asko hobetu direla adierazi du Carnicerrek, eta simulazioetan hobetzeko aukera eman die horrek. Hala, frogatutzat jo dute 1,5 graduko berotze batekin edo 3koarekin oso erantzun ezberdinak izango lituzkeela euria egiteko patroiak. «Mediterraneoan, adibidez, aurreikuspena da eurite bortitzen eragina askoz handiagoa izango litzatekeela».

Suteen eta lehorteen eragina ere aintzat hartzekoa da. «Suteek 400.000 hektareari eragiten diete urtero Europako Batasunean, %85 dira hegoaldeko eremuan... Han, suteen maiztasuna %14 handituko da 2,5 graduko berotzearekin, eta %30 4,4 gradukoarekin».

Bero handiko egun gehiago

Txanpon horren aurpegi bera da muturreko beroa. Hain zuzen ere, 35 gradu baino gehiago egingo duten egunak nabarmen gehiago izatea aurreikusten du txostenak. Euskal Herriaren eremuan, kostaldeko lerroan izan ezik, gaur egun baino 10-20 egun gehiago izatea espero dira muturreko beroarekin, klima aldaketa 3 gradukoa bada. «Frogatuta dago jadanik muturreko bero boladen inpaktuaren hazkunde bat. Txostenaren lehen zatian oso ondo jasota daude azken hamarkadetako gertaerak. Eta datozen hamarkadei begira, ikusten da oso alde handia dagoela 1,5 graduko eta 3ko berotze globaleko agertokien artean. Beraz, agenda politikoaren erdian jarri, eta inplementatu behar dira ekintza eraginkorrak eta zorrotzak CO2 isurketak gutxitzeko».

Irudiaren deskribapena
 

Muturreko beroak eragin handia dauka, adibidez, gizakien osasunean. Txostenak aurreikusten du beroak eragindako estres termikoa hazi egingo dela Europa hegoaldean. Euskal Herrian ere nabarmenduko da hori. Horrek kalte handia egingo die talderik zaurgarrienei: sektore pobretuei, adin nagusikoei, haurrei eta patologiak dituztenei. Zahartutako gizarteak, esate baterako, askoz ere kalteberagoak dira halako egoerei aurre egiteko orduan.

Baina, beroak, giza osasunean ez ezik, nekazaritzan eta abeltzaintzan ere eragin handia izango du, baita kanpoan egiten diren jarduera guztietan ere.

Lehen sektoreari ere kaltea

Txostenak datu esanguratsu bat eman du nekazaritza eremuen inguruan. Bi graduko berotze bat gertatuz gero, Europako eremu agroklimatikoak iparraldera mugituko dira, 25 eta 135 kilometro artean, hamarkada bakoitzeko.

1990etik hona, prezipitazioaren murrizketak eta bero boladen maiztasuna handitzeak gariaren eta garagarraren ekoizpenaren jaitsiera ekarri du. Prozesu hori areagotuko da heldu den hamarkadetan. «Nekazaritza sistemen artean gari ekoizpena da arriskurik handienetakoa daukana, oso zaurgarria baita klima arriskuen aurrean. Beraz, ekoizpen murrizketa handiak aurreikusten dira, %10 eta %40 artekoak. Jakina, horiek muturreko agertokietan aurkitzen ditugu, eta, beraz, isurketak murrizteko dugun ahalmenak eragina izango du». Kontrako norabidean, baina, arto eta erremolatxa ekoizpena handitu egin da azken hamarkadetan.

Carnicerrek ohartarazi du elikadura segurtasunean eta giza eskubideetan eragina daukala prozesu horrek, oinarrizko elikagairik gabe utz ditzakeelako milioika lagun. Halaber, frutak eta barazkiak ekoizteko eta eskuratzeko bidea gutxitu egingo dela ohartarazi du IPCCk.

Arazoak izango dituen sektoreetako bat da ardogintza, Euskal Herrian eragin handia daukana. Mahastien erantzun agroklimatikoak aldatzen ari dira jadanik, eta are eta gehiago aldatuko dira. «Berrikuntza handiko sektorea da, eta bilatu ditzake alternatibak altitudearen arabera. Zona batzuetan egokitzen ari da, eta aurre hartzen ari zaie klima aldaketak dakartzan arrisku batzuei». Hiru graduko berotzea aintzat hartzen duten agertokietan asko zailduko da Arabako Errioxan eta Nafarroan ardogintzari eustea, egungo eremuetan eta baldintzetan, behintzat.

Aintzat hartu beharko da, gainera, oso litekeena dela ur baliabideen eskuragarritasuna ere gutxitzea. «Ureztatzeari dagokionez, plangintza zuhurra egin behar da, zeren eta klima mediterraneoan dagoeneko ura baliabide urria da, eta are eta gehiago urrituko da. Erregadio teknologiak ditugu, baina erakartze efektua izaten dute, eta aho biko labanak dira». Zientzialariaren hitzetan, «pentsatu behar da nola planifikatu uraren erabilera, arroan oinarritutako plangintza hidrografikoa optimizatuz. Egoerara egokitutako landaketak egiten hasi beharko da, muturreko fenomenoekiko espezie erresistenteagoak bilatuz eta lehorteen aurrean hobeto iraun dezaketenak erabiliz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.