Mediterraneoa: ekaitz perfektua

Klima aldaketak badu eraginik Mediterraneo inguruko herrietan gertatzen ari diren denborale bortitzak sortzeko orduan, adituek diotenez. Basoen kudeaketak eta lurrak porlanez estaltzeak areagotu egiten du arazoa.

Herritar batzuk garbiketa lanetan, Valentziako Masansa herrian. ANA ESCOBAR / EFE
Herritar batzuk garbiketa lanetan, Valentziako Masansa herrian. ANA ESCOBAR / EFE
Isabel Jaurena - Iker Tubia
2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Itsasoko ura eta airea ohi baino beroago, mendiak, eta aire hotzeko poltsa bat: ekaitz perfektu baterako osagaiak, Mediterraneo itsaso inguruko herrietan bederen. Hala mintzo da tanta hotzaz Antonio Turiel CSICeko Itsas Zientzietako Institutuko ozeanografia arloko ikertzailea: «Fenomeno horiek bortitzagoak izateko behar den energiaren parte bat Mediterraneoak ematen du. Horregatik gero eta muturreko fenomeno gehiago ikusten ditugu Mediterraneo inguruko herrialdeetan».

Tanta hotza delakoa goi geruzetan isolaturiko aire masa hotza da, eta, Turielek dioenez, «normala» da 10, 20 edo 30 urtean behin horrelako fenomenoak gertatzea. Azaldu du, ordea, ohiz kanpokoa zera dela, hain bortitzak izatea, eta indar hori klima aldaketak eragina dela: «Klima aldaketak aurrera egin ahala joera dago horrelako gertaerak handiagoak eta bortitzagoak izateko. Ezin da klima aldaketa gertaera jakin batekin lotu, baina kasu honetan faktore garrantzitsua da». 

Iker Ibarluzea meteorologoa da, eta bat egiten du Turielek errandakoarekin: «Tanta hotzak, izatez, ez dira klima aldaketaren ondorio. Lehenago ere gertatzen ziren. Baina klima aldaketak fenomeno horiek indartuko ditu, muturrekoago bilakatu». Mediterraneo itsasoari lotuta, azaldu du uraren tenperatura are gehiago berotzen bada halakoak «gehiagotan» gertatuko direla. Izan ere, hor dago klima aldaketaren eta tanta hotzaren arteko loturaren gakoetako bat: klima aldaketaren ondorioz, Mediterraneo itsasoko ura ohi baino beroago dago, baita aireko tenperatura ere. Eta bi faktore horiek lagundu egiten dute ekaitz perfektua sortzen.

«Tanta hotzak, izatez, ez dira klima aldaketaren ondorio. Lehenago ere gertatzen ziren. Baina klima aldaketak  fenomeno horiek indartuko ditu, muturrekoago bilakatu»

IKER IBARLUZEAMeteorologoa

Are, Turielek azaldu du zientziak frogatu duela Artikoa munduko bertze edozein eremu baino azkarrago berotzen ari dela, klima aldaketarengatik. «Berotze horren ondorioz, badago aire korronte bat troposferaren mugan mugitzen dena, 5.000 edo 6.000 metroko altueran». Korronte horrek jet korrontea du izena, eta «oso indartsua» dela dio Turielek: «Zientzialariek uste dute Artikoa azkarrago berotzearen ondorioz korronte horrek meandro sakonagoak egiten dituela, eta hegoalderago ailegatzen dela». Bada, korronte horretako meandroetako bat lerro horretatik atera daiteke, eta hegoaldera joan. Aire hotz masa hori Mediterraneo itsasoaren parean gelditu eta bertze zenbait faktorerekin elkartuz gero, posible da tanta hotz bortitza sortzea, berriki Valentzian (Herrialde Katalanak) gertatu den bezala.

Kasu horretan, aire hotz hori Mediterraneo itsasotik etorritako aire beroarekin elkartu zen, eta ekaitz perfektua eratu, Mediterraneoari esker. Nola? Bada, Turielek azaldu duenez, egun mediterraneoak 1980ko hamarkadan baino bi gradu gehiago ditu: «Itsasoak bi gradu gehiago izatea asko da, atmosferak baino gaitasun handiagoa baitu beroa biltzeko». Mediterraneoko haizea itsasoko berotasun eta hezetasun horretaz betetzen da, eta, Valentzian, mendiak hurbil daudenez, bertara joan eta gero gorantz egiten du. Beraz, aire bero hori elkartu egiten da lehen aipatutako aire hotzarekin, eta tanta hortz indartsu bat eratu. Ibarluzeak ondorioa atera du: «Itsasoaren tenperaturak hain azkar berotzen jarraitzen badu, halako fenomenoak maizago eta gehiagotan gertatuko dira».

Turielen eta Ibarluzearen tesiarekin bat egiten duenik badago: World Weather Attribution erakundeak, erraterako, neurketa batzuk egin ditu klima aldaketak Valentziako hondamendian izan duen eraginari buruz, eta zera ondorioztatu dute: Valentzian izandako euriteak %12 bortitzagoak eta bi aldiz probableagoak dira egungo kliman, gizakiaren eraginik gabeko industriaurreko kliman baino. Hau da, erakundearen arabera, klima aldaketak badu eraginik tanta hotza eta halako fenomenoen bortiztasunean.   

Beste zenbait kasu

Hedabide oro Herrialde Katalanetako kasuaz mintzo da orain, baina bada antzeko kasuak ikusi dituen Mediterraneo itsaso inguruko bertze herririk ere. Adibidez, iazko maiatzean, uholdeak izan ziren Italiako Emilia Romagna eskualdean, eta, ondorioz, bederatzi lagun hil eta 13.000 lekualdatu ziren.

Grezian, berriz, 2006az geroztik herrialdean izandako eurite gogorrenak bizi izan zituzten iazko irailean. Zagora hirian, erraterako, 754 milimetro ur bota zituen gau batean. Konparazio baterako: Atenas inguruan, urtero, 400 milimetro inguru neurtu ohi dituzte. 

Greziako Sotirio herria urak hartu zuen iazko irailean. ACHILEAS CHIRAS / EFE
Greziako Sotirio herria urak hartu zuen iazko irailean. ACHILEAS CHIRAS / EFE

Ordu hartan, ez zen tanta hotza izan, «erauntsi ikaragarri bat» baizik, Turielek erran duenez. Halere, Mediterraneo itsasoaren berotzearekin lotu zuten nazioarteko hainbat adituk, eta hala baieztatu du CSICeko ikerlariak ere. «Esaten ari garen hau ez da espekulazio bat, ez da etorkizunean gertatzen ahal denaren iragarpena; han eta hemen gertatzen ari da, datuak dira. Eta datu horiek ez diote ezer onik». 

«Esaten ari garen hau ez da espekulazio bat, ez da etorkizunean gertatzen ahal denaren iragarpena; han eta hemen gertatzen ari da, datuak dira. Eta datu horiek ez diote ezer onik»

ANTONIO TURIEL CSICeko ikerlaria

Grezian gertatutakoari lotuta ere, analisia egin zuen World Weather Attribution erakundeak, eta han gertatutakoak ere klima aldaketarekin lotura duela zehaztu: «Greziako eremuan izandako fenomenoa %40 bortitzagoa eta hamar aldiz probableagoa izan zen, gizakiak eragindako klima aldaketaren ondorioz».

Aurrea hartu

Turielek argi du Mediterraneo bazterreko herri eta hiri horietan gisako fenomenoak «ohikoagoak eta bortitzagoak» izanen direla, eta, hortaz, ezinbertzekoa dela neurriak hartzea: «Arazoetara egokitzen ikasi behar dugu, ahalik eta albo ondorio gutxien izanda; horrek aldaketa anitz egitea eskatzen du». 

Aldaketa horietaz mintzatu da Ibarluzea: «Ez da eraiki behar uholdeak izateko moduko lekuetan, eta horrelako zona asko dago Mediterraneoan. Horietako askotan eraikinak daude, eta hori oso arriskutsua da». Zorrotzago agertu da Turiel: «Leku baten izenean sakan hitza ageri bada, agian ez da etxeak egiteko lekurik onena. Erran nahi baitu uhar natural bat dela, eta euri anitz egiten duenean ura handik pasatuko dela». Onartu du horiek ez direla «erabaki erraz eta erosoak», baina bai beharrezkoak. 

Herrialde Katalanetako kasuan, Greziakoan eta Italiakoan ekaitz perfektua eratu zen, klima aldaketa zela medio. Baina nola pilatu zen ur guztia? Nolatan egin zuten gainezka ibaiek? Bada, Mediterraneo inguruko hirigintza ereduak izan du eraginik: basoen kudeaketak, erraterako, izan du zerikusirik Valentziako gertaerekin, hainbat adituk jakinarazi dutenez. Ibarluzeak azaldu du lehenago Mediterraneoak baso hedadura handiagoa zuela, baina deforestazio handia izan dela, eta horrek baduela eraginik gisa horretako euriteetan: «Lurrak ez du gaitasunik euri kantitate handiak hartzeko, eta dena kolpean joaten da ibaira; gero, ibaiek gainezka egiten dute. Garrantzitsua litzateke  inguruak basoberritzea». Lurrak ura xurgatzeko gaitasunik ez izatea ez da deforestazioen ondorio soilik, uholdeak izateko moduko lekuak asfaltatu eta hormigoiz estaltzeagatik ere gertatzen da, Turielek zehaztu duenez.

«Lurrak ez du gaitasunik euri kantitate handiak hartzeko, eta dena kolpean joaten da ibaira; gero, ibaiek gainezka egiten dute»

IKER IBARLUZEAMeteorologoa

Horrez gain, komunikazioan eta hezkuntzan arreta jartzea da bi adituek azpimarratu dituzten bertze ideietako bat. «Jendeak eskura eduki ditzala mekanismo batzuk aldez aurretik jakiteko zer gerta daitekeen», azaldu du Ibarluzeak. Alde horretatik, Turielek dio larrialdi sistemak aldatu behar direla, eta bai agintariek eta bai herritarrek ulertu behar dutela arrisku egoerak aintzat hartu behar direla: «Egia da batzuetan alerta izan bai, baina ez dela deus ere pasatzen. Hain zuzen, ezer ez gertatzeko aktibatzen da alerta: gertatzen denean hain bortitza izaten da, ez baitugu nahi berriz ere gertatzea». 

Herritarrak trebatu behar direla uste du, urakanak eta uholdeak gertatzen diren bertze herrialdeetan bezala. Ados dago Ibarluzea, eta «zentzuz jokatzeko» eskatu du: «Horrelakoak izaten direnean, ahal den neurrian babestu behar da, eta zeure burua arriskuan ez jarri; halere, zaila da horrelako egoeretan nola jokatu jakitea». Zorrotzago mintzatu da Turiel: «Badirudi beldurra dagoela jardun ekonomikoa arriskuan jartzeko. Baina hain jarduera ekonomiko eskasa dugu, ezen ezin baita ordu pare batez gelditu? Hain gaizki bagaude, planteatu beharko genuke egungo eredu ekonomikoa ote den huts egiten ari dena».

«Badirudi beldurra dagoela jardun ekonomikoa arriskuan jartzeko. Baina hain jarduera ekonomiko eskasa dugu, ezen ezin baita ordu pare batez gelditu?»

ANTONIO TURIEL CSICeko ikerlaria 

Finean, hala ozeanografoak nola meteorologoak ados daude Mediterraneo bazterreko eskualdeetan gertatzen diren fenomeno bortitzak ez direla faktore bakar baten ondorio. Badakite klima aldaketarekin lotura dutela, itsasoaren eta airearen berotzea dela medio. Halere, eskualde horietako hirigintza ereduan ere bada zer hobetu: deforestazioak eta eremu anitz asfaltatu eta hormigoiz estaltzeak ez baitu ezer onik ekarri, bi adituek azpimarratu dutenez. «Litekeena da berriro halako fenomenoak gertatzea, espero ez dugunean. Horiei erantzuteko dugun gaitasuna aldatu behar dugu, eta alertak serio hartu», borobildu du Turielek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.