Mediterraneari eta oposizioari egotzi dio Verak sukaldeen arazoa

Kontuen Ganberak berretsi du ospitaleetako zerbitzua alor publikoak hartu balu, 667.000 euro aurreztuko liratekeela.Osasun kontseilariak esan du ez zegoela beste alternatibarik

Mediterranea de Cateringen aurka, guztira, 2.322 kexa erregistratu dituzte. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Marta Vera Nafarroako Osasun kontseilariak eskuak garbitu ditu beste behin. Ospitaleetako jangelen pribatizazioa izan du bere kudeaketaren ikur nagusia, eta, Parlamentuan atzo goizean egindako agerraldian, aldaketak eragindako zailtasunak onartu bazituen ere, ez zuen autokritikarik egin. Aitzitik, Mediterranea de Catering enpresari zein oposizioari egotzi dio erru guztia: «Bidea gogorra izan da, zailtasunez betea: batetik, esleitutako enpresaren aurreikuspen eskasagatik; eta, bestetik, zenbait sindikatuk, alderdik eta taldek eragindako gatazkagatik». Haren aurretik, Helio Robleda Kontuen Ganberako presidenteak nabarmendu zuen zerbitzuak esku publikoetan jarraitu izan balute urtean 667.000 euro gehiago aurreztu zitezkeela.

Ekainean Nafarroako Kontuen Ganberak aurkeztutako azterketaren ondorio nagusietako bat izan zen hori. Azterketa horri buruz xehetasunak eman zituzten atzo Parlamentuan hala Helio Robledak nola Marta Verak. Osasun kontseilaria ez dator bat Kontuen Ganberarekin. «Sistema aldaketak aurrezpena ekarri du, eta horri esker baliabide gehiago ditugu arreta zerbitzuetan jartzeko, besteak beste kolon minbiziari aurre hartzeko programan».

2012an ekin zion aldaketari gobernuak. Nafarroako Ospitale Guneko hiru ospitaleak bateratu, jana prestatzeko ohiko sistemaren ordez hotzeko sistema ezarri eta hori guztia kanpoko enpresa baten esku uzteko erabaki polemikoa hartu zuen. Une hartan, Kontuen Ganberak, lehenbiziko azterketan, gomendatu zion alternatiba guztiak aztertzeko. Aldiz, orduan zein orain, Verak arrazoitzen du ez zuela beste aukerarik. Haren esanetan, sukaldeen obrek «bospasei milioiko inbertsioa» eskatzen zuen, eta horri aurre egiteko dirurik ez zegoen, finantzaketak defizit publiko gisa zenbatzen zuelako: «Alokairura ere ezin genuen jo».

Kontuen Ganberak ekainean argitaratutako azterketak ondorioztatu du sukaldeen bateratzeak zein hotzeko sistemak iaz 2,5 milioi euroko aurrezpena eragin zutela. Aldiz, Ganberaren arabera, aldaketa horiek alor publikoak egin izan balitu, gehiago aurreztu zitekeen: 3,16 milioi euro; hots, 667.640 euroren aldea.

UPN eta mirari liburuak

Ondorio hori ez du gustuko izan ez gobernuak ez UPNk. Antonio Perez de Prados UPNko parlamentariaren ustez, espekulaziozko ariketa egin du Ganberak. «Badago liburu bat Paduako San Antoniok egingo zituzkeen mirariak Lisboara joan izan balitz izenburupekoa. Ganbera joko horretan sartu da». Aurrezpen kalkulu hori egiteko, Ganberak aintzat hartu du sukaldeetan 71 langilek lan egin beharko luketela, eta Perez Pradosek gogora ekarri du sistema aldatu aurretik 204 langile ari zirela lanean. Haren ustez, alor publikoan jarraitu izan balu ez zen langileria murriztuko. Marta Verak ez du hain gordin kritikatu baina gogorarazi du Errioxan hori gertatu dela, eta ondorioz ez dela hainbeste aurreztu.

Robleda minduta azaldu da irakurketa horrekin. «Zenbaitek erraztasun handiarekin esan ohi dute legebiltzarrean Kontuen Ganberak mirari liburu baten moduan jokatu duela». Robledak gaineratu du Vera «ausarta» izan zela, esperientziarik izan gabe sistema aldatzea deliberatu zuelako.

Hala ere, ukatu du alor pribatua eraginkorragoa dela. «Arazoa da enpresak zenbat fakturatzen dion alor publikoari eta kostu errealari erantzuten ote dion, bestela irabazi marjina enpresak nahi adinakoa izan daitekeelako». Ganberak ezin izan du egiaztatu zenbat diru irabazten duen Mediterranea de Cateringek Nafarroako ospitaleekin, bere kontu ekonomikoak bateratuak daudelako.

Verak adierazitakoaren kontra, Helio Robledak nabarmendu du sukaldeen obren eta ekipamendu berriaren inbertsioa gobernuak bere gain har zezakeela, defizit gisa ez zuelako zenbatzen. Hala ere, Europak kontabilitate irizpideetan gorabehera handiak izan dituela onartu du. Haren ustez, gobernuak bere gain hartu balu, zorra 30 urtera luzatu zezakeen, finantza zama arinduz. Haren esanetan, Mediterranea de Cateringekin sinatu kontratuak behartzen du obren finantzaketa lau urtera eta ekipamenduena zortzi urtera itzultzea, eta amortizazioaren kostu horrek «eragina du menuen fakturazioan».

Marta Veraren ustez, Kontuen Ganberari «koherentzia falta» nabari zaio: «Epe motzagoak ezarri ditugu. Lehen urteetan aurrezkia txikiagoa da, baina zortzigarren urtetik aurrera askoz handiagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.