Medikurik gabe jarduteko gidarekin, «juridikoki» lasaiago dira erizainak

Erizainentzako gida bat sortu du Osakidetzak, medikurik ez dagoenean pazienteen balorazioa egin dezaten. SATSEk eta Gipuzkoako Erizainen Elkargoak erizainen lantaldea handitzeko exijitu dute

Errenteriako osasun zentroa, Gipuzkoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Agerikoa da medikuen falta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EAG etengabeko arretako guneetan. Eta hala adierazi zuten ekainean Gipuzkoako erizain eta mediku elkargoek. «Behin baino gehiagotan, profesional medikorik gabe kudeatzen dira gune horiek», nabarmendu zuten biek. Orain, erizainentzako gida bat jorratu du Osakidetzak, medikurik ez dagoen EAGetan pazienteen balorazioak eurek egin ditzaten. Erizainek erabakiak hartu behar izatea ez da berria, baina aldaketa bat dakar gidak. «Erizainek segurtasun juridikoa izango dute orain erabakiak hartzeko garaian», esan du Gabirel Perez Arabako SATSE sindikatuko idazkariak. «Aurretik ez dugu horrelakorik izan, eta erizainek erabakiak hartu behar izan dituzte gidarik gabe; daukagun arazo bati aurre egiteko kontingentzia plan baten barruko gida da».

Protokoloak 57 kontsulta arrazoiri buruzko informazioa jaso du. Eta pazienteak beste osasun zentroetara deribatzeko hainbat irizpide ezarri ditu. Gida horrekin, erizainek pazienteak zenbateraino larri dauden neurtuko dute; eta, emaitzaren arabera, jarduteko lau era izango dituzte. «Erizainak erabakiko du pazientea beste ordu batean bere osasun zentrora bideratu, medikua duen beste EAG batera bidali, larrialdi zerbitzuetara deitu, edo, kasurik larrienetan, emergentzia taldeari deitu bertara joan dadin». Perezen irudiko, gida «garrantzitsua» da erizainentzat. «Lehen, protokolorik gabe hartzen ziren erabakiak, eta horrek arazoak ekarri ahal zituen». Gidak, juridikoki, «lasaitasuna» emango die erizainei. «Erizainok badugu konpetentzia eta gaitasuna paziente baten larrialdia neurtzeko; orain, jakingo dugu nora bideratu».

Perezek positibotzat jo du gida sortu izana. Hala ere, onartu du gida «berria» dela eta aztertu beharko dutela «zer arazo» ekar ditzakeen. Izan ere, ez dago batere ados «sistematikoki» erizainen lan karga handitzearekin. «Aurkeztu digutenaren arabera, momentu jakin batzuetan jarduteko protokoloa izango da; hau da, medikua ordezkatu ezin denean. Espero dugu ez izatea konstante bat. Momentu jakin horietan, beraz, erizain taldea handitu beharko da. Eta egoerak horrela jarraitzen badu, erizain taldeak handiagoa izan beharko du». Erizain taldea indartzearen alde agertu da Pilar Lekuona Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakaria ere. Gida irakurtzeko aukerarik izan ez badu ere, ontzat eman du berria. «Prozedura jakiteaz gain, erizainok jakin behar dugu pazientea nora bideratu». Kritikatu duenez, gizarte osoak erabiltzen dituen zenbakiak erabili behar izan dituzte askotan, larrialdietara jotzeko: «Esaterako, larrialdietarako 112 zenbakia erabiltzen dugu, eta hori aldatu egin behar da; mediku erreferente bat izatea ondo legoke, edo zuzenean hari deitzeko telefono zenbakia izan».

«Gure lana hedatzeko, informazioa eta formakuntza behar dugu», zehaztu du Perezek. Gida «ondo irakurri» behar dela esan du, zalantzak argitu eta protokoloa «zentro bakoitzeko egoerara» moldatu. Era berean, biek azpimarratu dute funtsezkoa dela herritarrak informatzea. «Gizarteak bere osasun zerbitzuen informazioa jaso behar du; jakin behar du medikuak eta erizainak non dauden eta non ez», azaldu du Perezek. Eta Lekuonak gehitu du: «Erizainok, askotan, ez dugu medikuen presentzia behar, esaterako intsulina jartzeko, baina beste batzuetan, bai; horregatik, biztanleriak jakin behar du bakoitza non egongo den. Hala ere, erizainak bakarrik dauden zentroetara jotzen badute, jakin behar dute deribazioak ere ondo egingo ditugula».

Mediku falta, bere horretan

Erizain guztiak, hala ere, ez datoz bat SATSEren eta Elkargoaren adierazpenekin. «Gida horrekin, normaltzat hartuko da larria den egoera bat», adierazi dio etengabeko arretako gune batean lan egiten duen erizain batek BERRIAri. Nahiago du izenik ez eman. Azaldu duenez, lanera «beldurrez» joaten da, ez baitaki sendagilea egongo ote den edo ez. «Erizainek lan batzuk ditugu; besteak beste, txertaketak. Baina beste lan batzuk ezin ditugu egin sendagileen agindurik gabe; eta inork ez dio esan biztanleriari zentro horietara ez joateko». Are gehiago, erizainak ohartarazi du mezu bat jaso dutela esanez ezin dutela «zentroaren atean adierazi» sendagilerik ez dagoela lanean.

«Bat-batean, badirudi gure lantaldeko sendagileak oporrak hartuz gero sendagilerik gabe lan egin behar dugula; murrizketak, suntsipena eta egoera gero eta okerragoak dira», kritikatu du. Gogoratu duenez, azkenaldian hainbat EAG itxi eta bertako pazienteak beste zentroetara bideratu dituzte. «Irekita dauden EAGetako sendagileek ehun pertsona baino gehiago artatzen dituzte egunean; horrela ez du inork lan egin nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.