Marga Saenz Herrero. Psikiatra

«Medikuntzaren funtsak genero ikuspegitik birplanteatu behar dira »

Hiru hamarkada ere ez dira igaro medikuntzan emakumeak entsegu klinikoetan parte hartzen hasi zirela. Marga Saenzek salatu du gizonen anatomia kontuan hartuta artatzen dituztela oraindik ere.

LUIS JAUREGIALTZO.
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Urteak daramatza Marga Saenz Herrerok (Madril, 1968) salatzen emakumeen premiak ez direla behar bezala betetzen medikuntzan. Psikiatra da, eta, lehen urratsak Madrilen eta Bartzelonan egin zituen arren, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean dabil lanean.

Ez ditu artatzen fibromialgia duten gaixoak, baina uste du ezjakintasun handia dagoela gaitz horren inguruan, batez ere emakumeei eragiten dieten beste askoren kasuan bezala.

Zein aurreiritzi dago genero aldetik fibromialgia pairatzen duten emakumeen inguruan?

Fibromialgia duten emakume asko Osasun Mentaleko sailera bideratzen dituzte, antsietatea, depresioa edota distimia diagnostikatzen zaielako; sarritan, ez diete jaramon handirik egiten. Kexati izatea leporatzen diete, bain,a egiatan, ondoez fisiko edo psikiko bat dute, ez dakitena zerk eraginaden.

Non ikusten da medikuntzaren arloan genero ezberdintasuna?

Adibidez, 1990eko hamarkadara arte, emakumeek ez zuten parte hartzen entsegu klinikoetan. Gizonen gorputza hartzen zuten eredu, eta horren arabera egiten zuten lan. Badaude, ordea, gaixotasun batzuk modu ezberdinean agertzen direnak gizonengan eta emakumeengan. Adibidez, askotan, andre bat bihotzekoak jotzen duenean, tripako min gisa azaltzen da. Tripako min hori, sarritan, antsietate gisa diagnostikatzen da. Beraz, medikuntzan modu berean tratatzen dira bi gauza oso desberdinak direnak.

Gauza bera gertatzen da medikamentuen dosiekin. Ikerketa gehienak gizonekin egin dituzte, baina emakumeak, fisiologikoki, ez gara horren altuak, ez dugu hainbesteko muskulu masa... Hori kontuan hartuta, sendagaien dosiak desberdinak izan beharko lukete, eta aspektu horiek ez dira askotan kontuan izaten.

Nik pentsatzen dut medikuntzaren funtsak genero ikuspegia oinarritzat hartuta aztertu beharko liratekeela, eta ez bakarrik fibromialgia. Iruditzen zait gaitz horrekin gertatzen dena dela, batez ere emakumeei eragiten dienez, medikuek ez dituztela modu integralean artatzen.

Eman ez dieten arreta hori al da gaitz horiek oraindik sendatzeko modurik ez izateko arrazoia?

Hori da. Aidibidez, behin entzun nion mediku bati lan asko egiten zuela produktu kimiko askoren inguruan ibiltzen ziren emakumeekin. Historikoki andreak izan direnez etxeko lanak egiteaz arduratu direnak, askoz ere gehiago ibili dira lixiba eta antzeko produktuekin. Gaur egun, ez dakigu nola eragiten dieten produktu horiek beren organismoetan, eta ez dakigu zerikusirik daukan emakumeek hipersentsibilitate handiagoa izatearekin, eta esposizio hori izan daitekeen ondoeza eragin diena.

Nik esaten dudana da emakume bat medikuarenera doanean ondoeza duelako, behar duen arreta eman behar zaiola. Ikusi behar da zerk sortu duen ondoez hori; izan ere, baliteke emakume horrek indarkeria matxista sufritzea, eta min horren bidez espresatzea esatera ausartzen ez den hori.

Hortaz, arreta hobea eman behar zaie emakumeei orokorrean; bai medikuaren kontsultan eta baita ikerketa aldetik ere?

Hori da. Esaterako, ugaltzeko adinean dauden emakumeen %80k anemia ferropenikoa daukate, baina hori askotan ez da tratatzen. Andre bat medikuarenera joaten denean eta esaten duenean nekatuta dagoela, askotan anemia izaten du, eta burdina da eman behar zaiona, ez antsiolitikoak. Emakumeei gehien ematen zaien medikamentua psikofarmakoak dira.

Fibromialgia duten emakume gehienei psikofarmakoak, antsiolitikoak edo antidepresiboak ematen dizkiete. Askotan, ordea, benetan egin behar dena da ikusi zer dagoen horren atzean, zerk eragiten duen. Izan ere, fibromialgia sindrome bat denez gero, izan daiteke kimikoekin lan egiteak gaitz hori eragitea.

Andreei sendagai gehiegi ematen zaie?

Gizonei baino askoz ere gehiago ematen dizkigute; psikiatra baten diagnostikorik izan gabe, gainera. Andreek mina gorputzean dutela esaten diete, eta haiek buruko gaixotasun bat dutela erabakitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.