C hepatitisaren birusa aurkitzeko lanean aritu diren hiru birologok jasoko dute aurten Medikuntzako Nobel saria: Harvey J. Alter eta Charles M. Rice estatubatuarrek, eta Michael Houghton britainiarrak. Karolinska Institutuak banatzen ditu sariak, eta, epaimahaiak Stockholmen (Suedia) gaur egindako agerraldi batean azaldu duenez, «milioika bizitza» salbatzen lagundu dute azkeneko hamarkadetan hiru zientzialariek. Abenduaren 10ean da egitekoa sari banaketa, Suediako hiriburuan.
Epaimahaiak nabarmendu du birologo horien aurkikuntzak berekin ekarri dituela birusa detektatzeko odol analisi «zehaztasun handikoak», eta horiei esker «munduko leku askotan» ia guztiz eragotzi dela hepatitisa odol isuraldatzeen bidez transmititzea. «Hartara, osasun globalak nabarmen egin du hobera».
Epaimahaiak adierazi duenez, hiru birologo horiek emandako aurrerapausoen aurretik, A eta B hepatitisak ezagunak ziren, baina odolaren bidez transmititutako hepatitis kasu gehienak azalpenik gabe zeuden. «C hepatitisaren aurkikuntzak beste hepatitis kasu kronikoen arrazoiak agerrarazi zituen. Horrek modua eman zuen odola aztertu ahal izateko eta milioika bizitza salbatu dituzten sendagai berriak garatzeko». Hepatitisak gibela handitzen du (zirrosia eta minbizia eragin ditzake, besteak beste), eta ondorioztatu dute batez ere birusek eragiten dutela gaixotasun hori.
Alter birologoa (1935) konturatu zen, 1960ko hamarkadaren bukaeran, odol analisiek gezurtatzen zutela pazienteak A eta B hepatitisarekin kutsatuta egotea, baina paziente horien gibelek handituta jarraitzen zutela nahiz eta odola isuraldatu. Haren esperimentuak aitzindariak izan ziren, eta erakutsi zuten hepatitis kronikoa zuten pazienteen odolak gaixotasun hori transmititzen ziela txinpantzeei.
Hurrengo hamarkadan ez zen aurrerapauso nabarmenik eman. Baina Houghtonek lortu zuen, 1980ko hamarkadan, kutsatutako txinpantze baten odola hartu eta birusaren sekuentzia genetikoa bakartzea. Frogatu zuten dengearen eta, besteak beste, zikaren familiakoa zela birusa. Rice birologoak (1952) osatu zuen ikerketa: txinpantzeekin esperimentu gehiago egin zituen, eta topatu zuen birusak hepatitisa eragiten zuela adierazten zuen behin betiko proba.
1976ko saria
Baruch Blumberg estatubatuarrari eman zioten Medikuntzako Nobel saria 1976an, 11 urte lehenago B hepatitisaren birusa aurkitu zuelako, hain zuzen. Sarituei hamar milioi koroa suediar emango dizkiete aurten: 960.000 bat euro. Saritutako birologoek hiruren artean banatu beharko dute kopuru hori.