Julio Lafuente. NUPeko errektoretzarako hautagaia

«Medikuntza, Oinarrizko Zientziak eta humanitate graduak jarri nahi ditut»

Lau urtez Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea izan da Julio Lafuente. Erabaki garrantzitsuak hartu behar izan ditu, eta beste horrenbesteri egin nahi die aurre, berriro errektore hautatzen badute.

LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Julio Lafuente (Zuera, Aragoi, Espainia, 1951) NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea izan da lau urtez. Unibertsitatea Europako goi ikasketen esparrura egokitzeko egitekoa izan du bera gain, eta, dioenez, hasi baino ez dute egin bide luze hori. Bihar, errektorea hautatzeko bozetan, berriro aukeratua izan nahi du. Beste lau urtean «gobernu ireki, parte hartzaile eta gardenaren» alde egin nahi duela esan du.

Zer asmo berri, errektore gisara egin nahi duzun sasoi berri honetarako?

Etapa berri honetan martxan jarri berriak diren gai garrantzitsuak jorratu nahi ditut. Europako goi ikasketen esparrura egokitzea, adibidez, aintzat hartubeharreko gai bat da. Gaur egun soilik Irakasle-eskolako lehenengo ikasturtean ezarri dugu. Bestalde, Tuterako campusean; duela hiru urte inguru jarri genuen lehenengo harria, eta oraindik sendotu behar dugu. Eta Iberus bikaintasun campusa lehenengo fasean dugu, eta horretan lan egiten jarraitu behar dugu. Gainera, gure graduen eskaria handitu nahi dugu: hala nola Medikuntzako gradua, oinarrizko zientzietako gradua eta humanitateetakoak jarri nahi ditut.

Unibertsitate publikoarentzako Medikuntza ikasketak eskatzen jarraituko duzu, beraz?

Bai, oso positiboa izango litzateke unibertsitatean Medikuntza ikasketak izatea. Gainera, herritar gisara, unibertsitate klinika publikoa izatea ere garrantzitsua dela pentsatzen dut.

Finantzaketa dela eta, Nafarroako Gobernuarekin izan duzuen harremanean izan dira itzalak. Zer egin daiteke iturri ekonomiko gehiago irekitzeko?

Nafarroako Gobernuarekin izan dugun harremana ona izan da. Gure finantzaketa bide garrantzitsuena da, eta horregatik noizbehinka arazoak sortu dira. Baina konpontzen saiatu behar dugu. Bestalde, finantzabidea lortzeko beste bide bat ikerketarekin lortutako transferentziak dira. Gure unibertsitatea kanpo funtsak lortzeko zerrendan goian dago, eta horretan lan egiten jarraitu behar dugu. Mezenasgoak ere lor ditzakegu. Baina gaur egungo finantzaketa mota gobernuak egiten duena da, eta horrela jarraituko dugu.

NUP Osasun Ikerkuntzako Institututik at utzi nahi zuen Nafarroako Gobernuak, eta giroa gaiztotu egin zen. Zertan da orain?

Lehenik eta behin esan behar daCarlos III. Institutuaren barnean dagoela Osasuna Ikertzeko Institutua, eta erakunde hori Espainiako Zientzia eta Ikerkuntza Ministerioak sustatzen duela. NUPek bertan parte hartzeko institutua sortu behar du. Unibertsitatean osasun arloko ikerketa ugari egiten ditu, eta ikertzaile talde handiak ditu. Gure unibertsitateak Nafarroako Osasun Ikerkuntza Institutuan egon behar du, merezi duen lekuarekin, gainera. Baina, aurretik, osasun ikerkuntza institutua sortu behar dugu.

Lau urte hauetan Europako goi ikasketen esparrura egokitu behar izan duzu unibertsitatea. Nolakoa izan da aldaketa?

Aldaketa garrantzitsua izan da unibertsitatean. Izan ere, Europa osoan ikasketa guztiak aitortzea du helburu. Denbora gutxi izan dugu, eta arazoak agertzean ahazten zaigu zer aldaketa ekarri dituzten. Adibidez, irakasle eta ikasleen harremana aldatu da. Egia da zenbait gaitan oraindik lanean jarraitu behar dugula, seihilekoak zehazten edo hemezortzi asteko egutegiak egiten; baina bide onean goaz.

Euskararen eremuan, zer asmo?

Euskara Nafarroako hizkuntza ofiziala dela erakutsi nahi dut. Horretarako martxan dagoen proiektua garatzen jarraituko dut. Saiatuko gara euskarazko eskaintza handitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.