Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

Alberto Martinez: «Medikuntza ezingo da nahi adina euskaldundu baldin eta egoiliar gehienek ez badakite euskaraz»

Alberto Martinezek konpromisoa hartu du Osakidetzan burokrazia murrizteko eta behin-behinekotasuna apaltzeko. Uste du ekimen pribatuak «ibilbide bat» izan behar duela, eta ontzat jo du aseguru pribatuak izateko zerga pizgarriei eustea.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, asteazkenean, Osasun Sailak Bilbon duen egoitzan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, asteazkenean, Osasun Sailak Bilbon duen egoitzan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Bilbo
2024ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Alberto Martinez (Trapagaran, Bizkaia, 1964) medikua da, anestesiologoa, eta Donostiako, Galdakaoko eta Gurutzetako ospitaleetan aritu izan da lanean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu bihurtu arte. Ondo ezagutzen du ospitaleen mundua, eta, aitortu duenez, Osakidetzan ospitaleak nabarmentzen dira, lehen arretaren aurretik.

Eredu hori egokia da?

Gure lehentasuna lehen arreta da, eta horregatik ari gara hura indartzen. Ez da soilik sarrerako atea: sistemaren lehentasunezko elementua da, han konpontzen baitira gure patologien %80. Lehen arretak ematen dio indarra osasun sistemari, eta osasun zentro fisikoak dituelako da sendoa —430 inguru daude—.

Osasun arreta jarraitua bermatzea daukazu helburutzat?

Arreta jarraitua izateak balioa du, urte luzez mediku bera izateko zortea edukitzeak luzatu egiten baitu pazienteen bizi iraupena. Horretarako, gutxienez bi neurri hartu ditugu. Batetik, betetzeko zailak diren postuen baldintzetako bat izatea profesionalak urteak ematea leku horretan, postua egonkortzeko. Gutxienez lau urte. Bestetik, datozen hiru urteetan bostehun medikuk baino gehiagok hartuko dute erretiroa lehen arretan, eta bermatu nahi dugu pazienteek mediku berarekin ahalik eta denbora gehiena pasatzea. Lehendakariak horregatik proposatu du borondatez erretiroa hartzeko adina 72 urte bete arte luzatzea.

Osasun zentroek ez dute beren kasa kudeatzeko gaitasunik. Izan beharko lukete horretarako modua?

Bat nator horrekin. ESIen [erakunde sanitario integratua] helburua ez zen osasun zentroen kudeaketa irenstea, baizik eta pazienteari arretaren jarraipena ematea, integrazioari bide ematea lehen arretatik ospitaleko arretaraino. Kudeatzeko autonomia zera da, zentro bakoitza gai izatea bere agenda kudeatzeko, eta pare bat hilabete daramatzagu horretan lanean. Agenden zati bat deszentralizatu da jada, eta gure helburua da autonomia handiagoa izatea.

Osasun langileek urteak daramatzate esaten beharrezkoa dela kupoak, hau da, bakoitzari dagozkion paziente kopuruak jaistea, pazienteekin denbora gehiago pasatu ahal izateko. Urratsak egingo dituzue bide horretan?

Orain, 1.300 paziente ingurukoak dira kupoak. Guk nahi dugu osasun zentroan ez dadila soilik mediku bat egon, baizik eta arreta talde bat: mediku batek, erizainek, administrariek eta beste profesional batzuek ere osatuko dute. Osasun Digitalaren Planarekin ere asmoa dugu paziente kronikoak urrundik kontrolatuta edukitzeko, ez dezaten izan ordua eskatzeko beharrik. Kupoak egokitu egiten dira pazienteen adinaren arabera, eta paziente kopurua handitu ahala, kupo gehiago izango dira.

Lehen arretarako ekintza planean, burokrazia lanak murrizteko zenbait neurri aurkeztu dituzue, eta, Lehen Arreta Arnasberritzen-en arabera, 2009an onartutako instrukzio baten antz handia du. Hala da?

Baliteke hala izatea. Esan genuen sei hilabetean desburokratizatzea zela gure plana, eta horrek zera zekarren, jatorri ospitalarioa zuten gaixoaldiak ospitaleek tramitatzea. Horretan ari dira jada. Gainera, jada martxan da medikuarenera joan beharrik gabe errezetak eguneratzeko sistema bat. Pausoak ematen ari gara.

EAG etengabeko arretako gune batzuk ixteak edo irekita daudenetan batzuetan medikurik ez izateak arriskuan jartzen du pazienteen segurtasun klinikoa?

Ez da EAGrik itxi. Amara Berrikoa errefortzurako zen. Egokitu egin da, eta urtarrilaren 11n irekiko da. Gasteizko San Martingo EAGa otsailean irekiko da. Gabonen ostean haurrak eskolara itzultzen direnean, gripearen goraldia gertatzen da beti, eta arta eskaria handitu egiten da. Fase horretan zerbitzu zabalagoa eskaintzeko, erraztasunak ematen ari gara orain profesionalek jai egin ahal izateko, eta horregatik ari gara Gabon garaian baliabideak egokitzen.

«Kupoak egokitu egiten dira pazienteen adinaren arabera, eta paziente kopurua handitu ahala, kupo gehiago izango dira»

Osakidetzako langileen behin-behinekotasuna %8koa izatea duzue helburu. Zenbatean dago orain?

%37 inguruan. Aurreikusten dugu adjudikatu gabe dauden LEPak [lan eskaintza publikoak] datorren urteko lehen hiruhilekoan ebatziko direla, eta gure helburua da orduan %9,5 ingurukoa izatea. Ez da argazki finko bat, urtero aldatu egiten da eta: jendeak erretiroa hartzen du, lekuz mugitzen da… Horregatik antolatu behar dira LEPak urtero. 1.896 postuko LEP batera deitu da, eta 2023ko 1.300 postuei eta 2025ean izango direnei gehituta, denak elkartuko ditugu urte bukaeran LEP handi bat egon dadin. Hori izango da Osakidetzaren dinamika: jende asko metatu arte itxaron beharrean, LEPak ebatziz joatea, behin-behinekotasun tasa %9tik behera egon dadin.

2018koa, 2019koa, egonkortzekoa, 2021ekoa, 2022koa… LEP asko daude oraindik ebazteko.

11.000 postu.

Zergatik ez dira ebatzi orain arte?

Prozesu konplexua da, eta milaka pertsonari baremoa ezartzea dakar. Gainera, pandemia bat egon zen, eta ezin izan ziren LEP asko egin.

Gasteizko epaitegi batek aurreko astean itxi zuen 2016. eta 2017. urteetako LEParen auzia, eta zu zeu ere epaimahai horretako kide izan zinen.

Pozik hartu dugu albistea. Luze iraun du prozesuak, bukatu da jada, eta orain garrantzitsuena da postu horiek  ahalik eta azkarren adjudikatzea, behin-behinean bada ere.

Osasun ituna adosteko prozesua bete-betean sartuta dago bigarren fasean. Gustura zaude egiten ari den bidearekin?

Oso pozik nago, eta asko eskertzen dut parte hartzaile guztien jarrera eta lanerako gaitasuna. Diagnostiko partekatu bat egin dugu, eta ea urtarril amaieran bigarren fasea onartzeko moduan gauden. Mekanismo bat da, denon artean hausnartzeko zer sistema daukagun eta nolakoa izan behar duen, eta, horrela, marko bat ezartzeko behar diren eraldaketetarako.

Ituna sinatzean, hura betetzeko berme batzuk eta baliabideak beharko dira.

Gobernuaren erantzukizuna izango da estrategia horiek aurrera eramatea, eta bilerak egingo ditugu, aztertzeko nola ari diren martxan jartzen. Jarraipena egingo da.

Osasun publikoaren aldeko plataformek bilera bat egiteko eskatua dizute, itunaz hitz egiteko. Bilduko zara haiekin?

Bidasoko eta Tolosako plataformekin bildu naiz, eta Javier [Meana] bildu zen koordinakundearekin. Mahaian dauden eragileen bidez helarazi ditzakete iritziak edo zuzenean Javierrekin biltzeko eskatu dezakete, baina ez osoko bilkuran: lehenengoa hitz egiten hasten denetik azkenak hitz egiten duen arte, goiza osoa pasatzen da.

«Aseguru pribatuak nolabaiteko konforta eskaintzen du osasun arretan, baina arazo bat baldin baduzu, Osakidetzara joaten zara»

Itxaron zerrendez ere asko hitz egiten da…

Datuak zoragarriak dira! 

Baina ez dira oso maiz argitaratu. Gardentasun handiagoa behar da?

Sei hilabetean behin argitaratzea erabaki genuen, hala garaiak errazago alderatzeko. Dena dela, itxaron ezin duenak ez du itxaroten. 

Badago joera bat oso zabaldua: Osakidetzako hainbat sendagilek klinika pribatuetan lan egiten dute aldi berean. Hori ondo dago?

Osasungintza publikoan ordutegia betetzen badute eta ez badago interes gatazkarik, ez nago kontra. Baina ez da nire bizi aukera izan, eta ez dut aseguru pribaturik.

Hala ere, gero eta jende gehiagok du halakoren bat. Horrek kezka pizten dizu?

Aukera pertsonal bat da. Aseguru pribatuak nolabaiteko konforta eskaintzen du osasun arretan, baina arazo bat baldin baduzu, Osakidetzara joaten zara.

Aseguru pribatuak izateko zerga pizgarriei eustearen alde zaude?

Uste dut izan behar direla. Zuk aseguru pribatu bat baduzu eta ez bazara osasun sistema publikora joaten,  fiskalitateak kontuan hartu behar du hori, nire ustez.

Osakidetzak osasun zerbitzu publikoa eskaintzen du, baina hainbat alor pribatizatuta dauzka. Gustura zaude eredu horrekin?

Osakidetza zerbitzu publiko bat da, eta doakoa da pazienteentzat. Osakidetzan kanpora aterata dauden zerbitzuak oso gutxi dira, eta gure betebeharra da kalitatezkoak izatea.

Osasun Sailak azaroan eten zuen kontratua La Pau anbulantzia enpresarekin. Ordutik, hobekuntzarik egon da anbulantzia zerbitzuan?

Bai. Orain, zerbitzuaren baldintzak hobetu egin dira erantzuna emateko denborari eta gaitasunari dagokienez.

Publifikatzeko garaia da?

Orain zerbitzu hori kanpora aterata dago, eta uste dugu ekimen pribatuak ibilbide bat izan behar duela; denak ez du zertan publikoa izan. Bermatu behar dugu ondo funtzionatuko duela.

«Legezko mekanismo bat aurkitu behar dugu hemen ikasi dutenek formakuntza hemen jaso dezaten, eta, nahi badute, hemen gera daitezen»

Osakidetzan hizkuntza eskubideak errespetatzen dira?

Ez osorik. Nahiz eta euskalduntze ehunekoa handiagoa den III. Euskara Planean ezarritako konpromisoa baino, ezin dugu bermatu.

Arta kalitatezkoa izan daiteke nahiz eta pazientea erosoen sentiarazten duen hizkuntzan ez eman?

Osasun arreta kalitatezkoa da pazientea bere hizkuntzan artatzen denean. Ez da kalitate kontua soilik: sendatzen laguntzen du. Hizkuntza eskubideetatik harago, arretaren parte da.

Duela hilabete batzuk esan zenuen pazienteen hizkuntza eskubideak «ahal den neurrian» errespetatuko direla. Zer neurri da hori?

Lekeition ez badago euskaraz dakien langilerik, behintzat mediku bat egon dadila. Medikuak aurkitzea zaila da, eta mediku euskaldunak aurkitzea, are zailagoa. Mediku euskaldunak izateko, beharrezkoa da hemengoak hemen trebatzea. Kanpotik datorrenak hiruzpalau urte pasatzen ditu hemen, ez du euskara ikasten, eta gero itzuli egiten da; non lan egin erabakitzeko gaitasuna du.

Nola hel dakioke horri?

Funtsezkoa da bermatzea ahalik eta jende gehiena euskalduna izatea gure sisteman. Gure gizarteak aurrera egin du euskararen arloan, geure seme-alabek euskara ikasi dute, eta Lagun Aron, BBKn edo irakasle ari dira. Medikuntzan ez: hesi bat jartzen da, eta olatu handi bat etortzen da urtero, maiatzean. Seiehun mediku egoiliar. Olatuak lehen arreta eta ospitaleak jotzen ditu, ez baitakite euskaraz; seiehun horien %70 kanpokoak dira. Medikuntza ezingo da nahi adina euskaldundu baldin eta egoiliar gehienek ez badakite euskaraz. Legezko mekanismo bat aurkitu behar dugu hemen ikasi dutenek formakuntza hemen jaso dezaten, eta, nahi badute, hemen gera daitezen.

Euskaraz ez dakiten horietako askok EHUn ikasi dute Medikuntza, gazteleraz.

Medikuntza berrehun ikasle inguruk ikasten dute gazteleraz, eta 140 inguruk euskaraz. Gaztelerazko eskoletako ikasleen %40 kanpokoak dira, eta ez dira hemen geratzen. BAME [barruko mediku egoiliarra] postuak gehiago dira hemen trebatzen ditugun ikasleak baino. Sistema bat behar dugu hemen ikasi dutenak hemen trebatu daitezen. Hori da euskalduntzeari bide emateko dugun formula. Urtero, modu masiboan.

Zuk zeuk ez dakizu euskaraz.

Ahulgune bat da; defizit gisa bizi dut. Asko gustatuko litzaidake euskaraz hitz egitea, baina ez dakit.

Inoiz ez da berandu. Euskaltegira joaten zara?

Hitz bat ikasten dut goizero. Ez da borondate kontua; denbora falta da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.